astekaria 2018/08/03
arrowItzuli

gizartea

Plazak ez du sexurik

Ion Orzaiz

Plazak ez du sexurik

Hemen beti dantzatu izan gara horrela». Gisa horretako adierazpenen gerizpean, Euskal Herri osoko plazetatik kanpo utzi nahi izan dituzte hainbat emakume XX. eta XXI. mendeetan. Tradizioa, folklorea eta historia kontzeptuak, euskal dantzei sexuaren marka eransteko zuribide bihurtuta. Tradizio horiek, baina, ba al dute oinarri historiko sendorik? Egia al da emakumeak, dantzari ez, «dantzatuak» izan direla dioen mitoa? Eta ororen gainetik: hori guztia benetakoa balitz ere, zilegitasuna kenduko lieke plazara atera nahi duten emakumeen aldarrikapenei?

Aurreko galderei ezezko borobil batekin erantzun die Oier Araolaza dantzari eta ikerlari eibartarrak: «Emakumeak betidanik dantzatu dira, eta ez laguntzaile gisa edota dantza sozialetan bakarrik, baita dantza prozesionaletan eta erritualetan ere. Corpus eguneko prozesioetan, herrietako festetan, dantza erlijiosoetan... Horietan guztietan, emakumeek dantza egin izan dute. Oztopo eta arazoei aurre eginez, baina dantzatu dira».

Araolazaren esanetan, dokumentu historiko ugarik jasotzen dute emakumeek parte hartu dutela herri dantzetan. Mendez mende, ordea, debeku eta mespretxuak gainditu behar izan zituzten, bizitza publikoan normal parte hartu ahal izateko. «XVII. eta XVIII. mendeetan, debeku gogorrak ezarri zituzten. Iruñeko diozesiko gotzainak ezarritakoa, adibidez: han, espresuki adierazten zen emakumeek ezin zutela parte hartu dantza erlijioso eta prozesioetan. Era horretan, dezente murriztu zuten emakumeen presentzia. Ez zuten lortu, hala ere, errotik erauztea».

XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran, debeku zuzenaren ordez, beste estrategia bat nagusitu zen: ukazioa. «Askoz eraginkorragoa», adituaren ustez: «Behin eta berriz errepikatzen zuten emakumeak ez zirela inoiz dantzatu. Tradizioak ez zuela halakorik jasotzen. Eta dantza tradizioz egiten den gauza bat den heinean, askok amore eman zuten. Tradizioak ez badu aintzat hartzen, ez duzu egiten. Eta kito». Araolazaren arabera, XX. mendean lortu zen emakumeak dantza erritualetatik ia erabat zokoratzea, haientzako propio prestatutako dantzak, urratsak eta jantziak asmatuta. Generoan oinarrituriko konstrukzio lana izan zen hura.

Mende horren bukaeran eta, batez ere, XXI.aren hastapenetan hasi da aldaketa gauzatzen, poliki-poliki bada ere. Hainbat herritan, gero eta ohikoagoa da emakumeen parte hartzea, baita gizonezkoek propiotzat hartzen zituzten dantzetan ere. Adituaren esanetan, berdintasunaren aldeko aldarriak «erresistentziak eta ika-mikak» sortu ditu toki askotan, baina handituz doa sexu bazterketarik gabeko dantzen kopurua. Aurten, esate baterako, lehenengoz parte hartu dute emakumeek Asteasuko eta Bergarako sokadantzetan (Gipuzkoa).

Araolazak aitzindaritzat jo ditu, besteak beste, Andoaingo azeri dantza eta Lizartzako inauteri dantza (Gipuzkoa). 2000. urtean hasi ziren Andoainen bazterketarik gabeko dantzak sustatzen; Lizartzan, berriz, lau urte geroago. «Ez dira oihartzun handia izan duten tradizioak, baina horrek ez du esan nahi aitzindariak izan ez direnik. Beren gorabeherak, erresistentziak eta barne gatazkak izan zituzten, baina distiratsu ageri dira gaur egun. Kasu horietan, gainera, emakumeek urteetan eginiko borrokari esker lortu da parekidetasuna. Eta txalogarria da hori».

Iruñeko Duguna dantza taldean ere, XXI. mendeko lehen hamarkadan hasi ziren emakumeen parte hartzeaz eta parekidetasunaz gogoeta egiten. 2006. urtean, proba saioak elkarrekin egiten hasi ziren emakumeak zein gizonak. «Gure dantza taldeak generoaren inguruan egindako gogoeta prozesu luzearen lehen urratsa izan zen hura», gogoratu du Duguna-ko kide Izaskun Arriaranek. «Dantzari guztiok berdin ikasten genuen errepertorio osoa, baita nesken eta mutilen dantzatzat hartzen ziren horiek ere».

Hiru urte geroago, 2009an, beste urrats bat egin zuten: ezpata dantza propioa sortu, eta iraileko sanfermin txikietan estreinatu zuten. Emakumeek zein gizonek dantzatzen dute, sexu bereizkeriarik gabe.

«Denok gara dantzari»

Bide horri jarraikiz, Duguna dantza taldean beste dantza propio bat ere sortu dute berriki; oraingoan, sanferminetako egun handietan dantzatzeko: trokeo dantzak. «Hainbat egitura koreografiko dituen dantza sorta da, eta bakoitzari material bat dagokio: arkuak, makilak, ezpatak... Neskek nahiz mutilek osatutako zortzikote batek eta bobo pertsonaiak osatzen dute dantzari taldea», azaldu du Arriaranek.

Generorik gabeko jantzi propioa ere estreinatu dute aurten. Hala, dantzari guztiek, gizonezko nahiz emakumezko, elementu berberak daramatzate soinean: gona, zintzarriak, eskapularioak eta kapela loreduna. Arriaran: «Gurean oso argi dugu dantzaria dela dantzaren muina. Eta dantzariak, berriz, neska, mutil edo genero jakin batekin identifikatzen ez garen pertsonak gara. Horregatik, emakumeok ez diogu uko egingo gurea den lekuari. Dantza ekintza politikoa delako, bere adiera zabalenean».

Duguna-ren trokeo dantzek Euskal Herriko eta Europako dantzetan eta tradizioetan dute oinarria. Taldekideen ustez, tradizioari eusteak ez baitu esan nahi ohiturak berritzeari eta gaurkotzeari bizkarra eman behar zaionik. «Kontrara. Guretzat, tradizioaren ezaugarri nagusia, hain zuzen ere, birsortzeko, eraldatzeko eta garai berrietara egokitzeko duen gaitasuna da», berretsi du Arriaranek. Haren esanetan, tradizioa ez da aldaezina: «Praktika maskulino hegemonikoak justifikatzeko argudio historizistak erabiltzen dituenak jakinen du zergatik egiten duen. Guretzat, tradizioa aukera da, ez bazterketa».

Ikuspegi horrekin bat eginez, tradizioei zentzu hertsienean eusteko joerak «gutxienekoak» direla uste du Araolazak: «Errepara diezaiegun gure herrietako festei: ez dago tradizio bat bera ere denborarekin aldatu ez denik».

Harago doa dantzari eibartarra: «Absurdua da esatea 'hau ezin da egin, tradizioz ez delako inoiz horrela egin'. Faltsua da. Egokitzeko gaitasunak mantentzen ditu bizirik tradizioak. Lehen egin ez izanak ez du justifikatzen orain ez egitea. Aitzitik, gizarteak interes, premia edo balio berriak baldin baditu, horiek tradizioetan barneratu behar ditugu, tradizio horiek osasuntsu eta oparo mantentzeko. Bestela, fosildu egiten dira. Eta desagertu».

Bihar: Danborradak.

BERRIAn argitaratua (2018/07/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA