astekaria 2015/12/24
arrowItzuli

bizigiro

Jesus ez dute gonbidatu

Iker Tubia

Jesus ez dute gonbidatu

Aditu duenean, Jesus jaio dela Gabonak direla, lasterka etorri da berri ematera. Garaiak aldatu egin dira, eta erlijioa afera publiko zena, orain norberaren kontua izaten hasi da. Horren adibiderik garbiena eskolak dira. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan erlijioak ez du tokirik ikasgeletan, eta Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan gutxiengoak hartzen duen hautazko irakasgaia baizik ez da. Eguberriak ate-joka ari dira, eta besta erlijioso horri beste zentzu bat ematen diote ikasgeletan. Desagertu dira jaiotzak. Jesus haurtxoa ez dute gonbidatu.

Euskal Herriko eskoletan ez da besta erlijiosoa egun hauetan ospatzen dutena. Olentzeroren inguruan egiten dituzte jarduerak, eta hainbat tokitan, Mari Domingiren bueltan ere. Horrela da eskola publikoetan eta ikastoletan. Ikasgeletan edo korridoreetan erlijio kutsua duten sinboloak ikustea ez da erraza gaur egun.

Peio Eguren Amaiur ikastolako zuzendaria da. Esan duenez, haien ikastetxe publikoan Olentzero ospatzen dute, soilik. «Neguaren ikuspegitik lantzen dugu: Olentzeroren istorioa kontatzen diegu, mendian bizi dela, eta garai honetan mendian zer gertatzen den». Bide beretik jo dute Ikastolek. «Naturaren zikloarekin eta neguko solstizioarekin lotzen da», esan du Bego Gordillo Lekeitioko ikastolako zuzendariak. Hainbat ikastolatako zuzendariekin bildu ondoren esan du denak bat datozela funtsean: ikuspegi erlijiosoa ez da lantzen.

Dena den, Hegoaldeko eskoletan bada salbuespen bat: erlijio ikasgaia. Izan ere, legez eskola guziek erlijioa eskaini beharra dute eskaririk balego. Amaiur ikastolan ikasleen %8k baizik ez dute erlijioa ikasten. Haiek bai, haiek Eguberriak zentzu erlijiosoarekin lantzen dituzte. «Akordioa hori da, nahi duenak erlijioa aukeratzen du, baina instituzio gisa ospatzen dugun bakarra Olentzero da», azaldu du zuzendariak.

Egiten dituzten jarduerak ere ikuspuntu horri jarraiki eginak dira. Amaiurren, adibidez, postetxera joaten dira Olentzerori idatzitako gutunak bidaltzera. Gainera, Iruñeko kasuan, badu beste zentzu bat ere: nortasunaren aldarrikapena. «Kalejira egiten dugu Olentzeroren irudiarekin. Pentsatzen dugu auzoan egon behar dugula, ezin garela ikusezinak izan. Orain arteko urte ilunetan beharrezkoa zen», esan du UPNk gobernatu duen aroari erreferentzia eginez. Izan ere, instituzio batzuk Olentzerori jazarri zaizkio urte askotan.

Iparraldean, noski, erlijioak ez du batere tokirik eskoletan. Seaskan laikoak dira. «Eguberria urtearen bukatzea da», azaldu du Teresa Etxeberria Baionako Oihana ikastolako zuzendariak. Baina urrats bat harago egina dute Ipar Euskal Herrian. Kantuetan ere ez dute aipatzen ez Jesus haurtxoa, ez Bibliari loturiko beste pertsonaia edo gertakaririk. «Duela hainbat urte aldatu genuen Olentzeroren kanta ikastola guzietan, eta esaten dugu Eguberrien berri ematera etorri dela».

Arazorik gabe moldatzen dituzte kantuen hitzak, eta erlijioari loturik ez daudenak indartu. Badira betiko kantuak, Hator hator kasurako, eta badira berriagoak, Kax kax atarian, adibidez. Kanpora ateratzen direnean ere, hitzei erreparatu egiten diete. Hainbat elkarterekin eta eskola elebiduneko haurrekin batera kalejira egiten dute Baionan, eta, horren aurretik, kantak adosten dituzte. «Gu sartu ginenean Jesu Kristo sortu zela aipatzen zen, baina ez geunden ados. Orain, dagoeneko, onartua da erlijioa ez aipatzea». Hori bai, eskolatik kanpo egoera ezberdina da, eta abesbatzek jarraitzen dute erlijioan oinarrituriko kantuak plazaratzen.

Hegoaldean ez dirudi garrantzi berezirik ematen zaionik. Egurenek esan duenez, orain dela 30 urte —Amaiur ikastola sortu zenean— eztabaida hori izan zuten. «Musika irakasleak zioen, 'Zergatik ez dugu mantendu behar?' Ohitura bat da, gure herriko jende askok oraindik hori ospatzen du». Dena den, ikastetxeko korridoreetan Olentzeroren kantua moldaturik ageri da: Aditu duenean, Gabonak direla.

Lekeitioko egoera antzekoa dela azaldu du Gordillok: «Olentzeroren kantaz gain, marijesiak abesten dira herrian, tradizioari jarraituz. Hala ere, beste kanta batzuk Gabonen inguruan kantatzen dira, baina ez daukate zerikusirik erlijioarekin: jatekoaren ingurukoak, ohitura zaharrak...». Baina aitortu du hainbat gauza aldatu daitezkeela: «Gabonetako oporrei neguko oporrak deitzea izan daiteke».

Bada hainbat gauza aldatu behar direla uste duenik Hegoaldean. Marijo Molina Hezkuntza Laikoa taldeko kidea da, eta, haren aburuz, eskolak gizartearen aldaketei jarraitu behar die: «Ezin ditugu gauzak beti bezala egin beti horrela izan direlako. Guztion artean kultura berria sortu behar dugu, non gure gizartearen aniztasuna kontuan hartuko den, eta erlijioa gune pribatura baztertua izango den».

Olentzero guziendako

Erlijioa tarteko denean, arazoa ez da soilik sinestunak ez direnekin izaten. Gaur egun, ohikoa da eskoletan beste erlijio batzuk dituzten haurrak egotea. Amaiurren, adibidez, hiru haur musulman daude. Dena den, ez dute arazorik izan, «besta zibila» dela ikusten dutelako, Egurenen esanetan, eta aise egokitu dira ospakizunera. Gordillo antzera mintzatu da: «Zentzu erlijiosoa ez daukanez, etorkinen artean ez du ezelako eragozpenik sortzen. Normaltasunez janzten dira baserritar».

Arazoak saihesteko modua ere bada eskoletan jaiotzarik ez izatea, nahiz eta kaleetan eta eraikin publikoetan ere ikusten diren Jesus haurtxoaren jaiotzaren irudikapenak. «Inork ez du jaiotzarik eskatu ere. Bakoitzak bere etxean jarriko du», esan du Egurenek. Ikastoletan berdin gertatzen da. «Baina gerta liteke ikasle batek ekartzea eta gelan jartzea», gehitu du Gordillok. Seaskan, aitzitik, ezin da halakorik gertatu.

Jesus ez, baina bestelako sinbologiak erabiltzen dituzte ikasgelak apaintzeko: bolak, argiak, pinuak, izarrak... «Izarra artizarra da, neguan asko ateratzen da», azaldu du Etxeberriak, badaezpada ere. Oihana ikastolako zuzendariak badu beste kezka bat: kontsumoaren kultura. «Erlijioak baino gehiago kezkatzen nau afera komertzialak. Hori oso zaila da kentzeko».

Hezkuntza Laikoa taldeko kideak ere kezkaturik daude horrekin. «Merkatuak inor gutxik eztabaidatzen dituen sinbolo berriak sartu ditu», esan du Molinak. «Gaztetxoentzat —eta helduentzat ere— Eguberriak opariak eta erosketak dira. Erosi eta erosi, hori ere erlijio arriskutsua da». Beste erronka bat hori izan daiteke: oparizentrikoak ez diren Eguberriak lortzea.

BERRIAn argitaratua (2015/12/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA