astekaria 2018/08/03
arrowItzuli

bizigiro

Karpa, magiaz gainezka

Izaro Zinkunegi Barandiaran

Karpa, magiaz gainezka

Gure Zirkua heldu da, Gure Zirkua herrian baita», halaxe dio karpa ibiltariaren abestiak. Alanbre gainean dantzan, trapezioan edo teletatik zintzilik, hauts magikoak botatzen, eskujokoak aireratzen, barreak eragiten, musika tresnak astintzen eta abarretan ari dira artistak haren azpian. Herriz herri dabiltza, zirkua biziz eta biziaraziz.

Duela hilabete eskas ekin zion udako birari zenbait artista euskaldunek osatutako zirkuak: hain justu, Amezketan (Gipuzkoa) egin zuen lehenengo geldialdia. Ordutik, Aian, Zumaian eta Ordizian (Gipuzkoa) ere izan da; herri bakoitzean bospasei emanaldi egin eta denetan karpa jendez lepo bete ostean, Bizkaira iritsi da orain: Ondarroan egongo da abuztuaren 5era arte, eta handik Gorlizera joango da.

Krispeta usainak, musikak, jende ilarak eta urduritasunak inguratu dute karpa gorri-horia Ordizian, emanaldiaren aurreko minutuetan; ostiral arratsaldea da. Inguruan dabiltza artistak, kamiseta zuri-gorriak soinean, baita laguntzaileak ere, haiek elastiko beltzarekin. Ohartzerako bete dira agertokiaren aurreko sei ilaratako eserlekuak; erdikoak hartu ditu jendeak lehenengo, ikuskizunaren xehetasun guztiak begi-belarriekin harrapatzeko asmoz.

Karpa gorri-horia urdin bihurtzen da barra sartzean, magia datorren seinale. Magia horren bila datozen ikusleek bete dituzte harmailak. Zaratak hartu ditu eserlekuak: txutxu-mutxuak, barreak, joan-etorriak eta abar entzuten dira. Agertokia, ostera, isilik eta ilun dago oraindik: alanbre batek zeharkatzen du alderik alde, zutabeetara lotuta daude trapezioa eta tela laranja, eta musika tresnak, berriz, izkina batean daude jarrita, norbaiten zain baleude bezala. Argiak itzali, fokuak piztu eta musikariak sartu orduko aldatu da isiltasuna bandoz. Hasi da zirkua, lehertu da magia.

Aho zabalik utzi ditu ikusleak Garazi Pascualek, horretarako ahorik zabaldu ez badu ere: alanbre gaineko bidaia egin du, aurrera eta atzera, motel hasieran, bizkorrago gero; urratsak, jauziak, dantza, luzatzeak... denetik egin du. Musikarien melodiak gidatu ditu haren pausoak, eta publikoaren begiek jarraitu dituzte haren mugimenduak, baita esku zartek ere. «Horrela ikusita erraza dirudi», esan du ahots batek atzeko ilaratik.

Ustekabean harrapatu ditu ikus-entzuleak Don Martinek. Zirkuaz hizketan sartu da, txapel beltza eta jaka gorria soinean; fokuek argitu dute aurkezlea: arte eszeniko zaharrenaren historia izan du mintzagai, eta ikuskizunean murgiltzera gonbidatu ditu haurrak eta helduak, ilusioen eta magiaren munduan; baiezko ozen baten oihartzuna zabaldu da karparen luze-zabalean.

Publikoa ere bidelagun

Ohartzerako, Poxpolo, sudur gorri eta ile berdedun pailazoa, elkartu zaio Don Martini aurkezle lanetara; bikote xelebre bezain barregarria osatzen dute, eta haiek gidatu dute ikuskizuna: abestiak, dantzak, txisteak eta abar tartekatu dituzte, eta une oro publikoari barrea eragin diete. Eurak arduratu dira harmailetatik boluntarioak ateratzeaz ere, eta ustekabeko oparitxoren batzuk ere egin dizkiete publikoko lagunei.

Haurrak eta gaztetxoak dira nagusi eserlekuetan, krispetak ahoan eta gurasoak eta aitona-amonak alboan. Txiki zein handi, ikusminez begiratu diete guztiek trapezioari eta telei karpara sartu bezain pronto, eta halaxe egon dira Irati Gonzalez, Koldo Arakistain eta Iraitz Lizarraga haien gainean ibili direnean ere. Besoak luze, oinak zut, bakarka, elkarri helduta, eserita, buruz behera, zintzilik... Mugimendu ikusgarriak egin dituzte, airean eta lurrean.

Zirkuak ez du adinik, ezta akrobaziak ere; horregatik, akrobata helduak ez ezik, gaztetxoak ere badira Gure Zirkuan. Elenek eta BeƱatek osatu dute bikotea, eta aise mugitu dira biak agertokian, trapezioaren eta koltxonetaren gainean. Zirku tailerretan ikasitakoa plazaratu dute bi gaztetxoek -udaberrian egin zituen Gure Zirkuak, Tolosan-. Harridura eta zirrara aurpegiak nagusitu dira ikusleen artean, eta gogotik jo diete txalo haiei ere.

«Zirku klasiko bateko saioek osatzen dute Gure Zirkua», azaldu zuen Galartzak zirkua aurkeztu eta udako birari ekin ziotenean; eta, jakina, magorik eta malabaristarik ere ez da falta zirku klasiko batean. Bada, Gure Zirkuan, Asier Kidam da magoa, eta Ekain Ibarguren, berriz, malabarista. Kidamek hauts magikoak, sokak eta globoak izan ditu eskuetan, besteak beste; jakin-mina ez ezik, ikara ere sortu dute momenturen batean haren trikimailuek. Ibargurenek, berriz, pilotak, uztaiak eta mazoak izan ditu lagun; hegan ibili ditu objektuak, eskuak, oinak, lepoa, sorbalda eta abar erabilita. Publikoaren begiradek jarraitu dute haren mugimendu bakoitza.

Emanaldien aurreko lana

Hamar artista aritu dira agertokiaren erdigunean, bakarrik batzuk, taldean besteak. Sartu-irtenean ibili dira, agertokia bakoitzaren beharretara egokituz eta elkarri txanda hartuaz eta emanaz. Bada, ordea, artista gehiago Gure Zirkuan: Ibonek eta Unaik osatutako bikote musikala arduratu da ikuskizuna girotzeaz, agertokiaren ertzetik; haizezko tresnak eta perkusiozkoak astindu dituzte.

Arte adierazpide ugariak landuagatik, talde oso bat da Gure Zirkua, eta horren isla izan da ikuskizunaren bukaera ere: artista guztiak elkarrekin atera dira agertokira, publikoa agurtzera. Txaloka agurtu dituzte ikus-entzuleak, ilusio aurpegiak disimulatu ezinik eta izerdi tantak bekokian. Modu berean erantzun dute haiek ere, zutik zenbaitek.

Ikus-entzuleek karpatik atera orduko topatu dituzte artistak atarian; izan ere, artistek hartu dute tartetxo bat haiekin bizpahiru hitz egiteko eta argazkiren bat ateratzeko. Ez luzerako, ordea, bigarren emanaldira sartzeko jende ilara osatzen hasia baita berriro.

Dena ematen dute artistek emanaldian, hasi eta buka, baina ez dira geldirik egoten aurreko eta hurrengo egunetan ere; izan ere, entseguak egiteaz gain, eurak arduratzen dira karpa muntatzeaz eta jasotzeaz, ingurukoen laguntzarekin. Emanaldiak hasi baino hiruzpalau egun lehenago ekiten diote muntaketari: Gure Zirkuaren furgonetaren, kamioiaren eta karabanaren babesean altxatzen dute karpa, eta barrua atontzeari ekiten diote gero.

«Harmailak muntatzea da zailena», azaldu zuen Joseba Usabiagak, Ordiziako muntaketa bete-betean. Garagardo batekin deskantsatzeko eta beroari aurre egiteko tartetxoa hartu arren, buru-belarri ari ziren lanean Usabiaga, Galartza eta lagunak; zirkua prestatzen ez ezik, telefono deiei erantzuten ere bazuten nahikoa lan, besteak beste, datozen emanaldiak lotzen ari baitziren.

Lau herritan egon da Gure Zirkua hilabete eskasean, eta egonaldi laburrak egin ditu haietan, lauzpabost egun ingurukoak. Horrek lana areagotzen du, Usabiagak azaldu duenez: «Muntatu, emanaldiak egin, eta berriro dena jaso behar dugu egun gutxitan, hurrengo herrira abiatzeko». Nekea sumatzen dela aitortu du, baina pozik dago jasotako erantzunarekin.

Ate joka du Gure Zirkuak biraren bigarren hilabetea, eta ekin die jadanik Bizkaiko emanaldiei. Usabiagak esan duenez, bestelakoak izango dira datozen geldialdiak; izan ere, egonaldi luzetxoagoa egiten ari dira Ondarroan, bi aste ingurukoa, eta halakoa izango da Gorlizkoa ere. Halaber, «etxetik urrunago» ere badabiltza, artistak gipuzkoarrak baitira, Usabiagaren esanetan. Horregatik, orain arte ez bezala, artistak elkarrekin bizitzen ari dira egunotan, zirku tradizionaletako artisten moduan: «Hogei pertsona egongo gara hilabetez elkarrekin bizitzen: bazkaltzen, afaltzen, emanaldiak prestatzen eta egiten...».

Badator eta badoa ikuskizuna, halakoxea da Gure Zirkua; ibilbidea egiten ari da pixkanaka, herri bakoitzean zerbait utziz eta herri bakoitzetik zerbait jasoz. Gipuzkoatik abiatu zen, eta Bizkaian lur hartu du orain, baina bidaia ez da hor amaituko; honela azaldu zuen Galartzak: «Albiste ona jaso dugu gaur, Arabatik deitu baitigute»; Ordiziako muntaketaren erdi-erdian jaso zuen deia. Ipar Euskal Herrira ere joango direla aurreratu zuen, baita Gipuzkoara itzuliko direla ere.

Ilusioz ekin zioten bideari artistek, eta ilusio hori kutsatu nahi diete haur, heldu eta adinekoei, ikuskizunaren bidez. Ilusioa eta magia, horixe baita zirkua, Galartzak azaldu duenez: «Ilusioa bizitzen eta sortzen den espazio bat da zirkua; badu zerbait erakargarria hitzak berak, oso ondo azaltzen ez dakidana». Barrea, zirrara, oilo ipurdia... sentimendu ugari bizitzen baita karpa gorri-horiaren barruan.

BERRIAn argitaratua (2018/07/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA