astekaria 2018/08/03
arrowItzuli

mundua

Batasuna lehenik

Ander Perez Zala

Batasuna lehenik

Bosnia eta Herzegovinak badu berezitasun bat, Mendebaldeko Balkanetako gainontzeko estatuek ez dutena: bere barne antolakuntza administratiboa, eta etniek horretan duten pisua. Berezitasun horrekin lotuta dago politika nazionala, eta, beraz, berezitasun horren araberako abiadura du europar integrazioak. 1995eko Daytongo Akordioan zehazturikoaren arabera, herrialdea bi entitate konfederatutan dago banatuta: Bosnia eta Herzegovinako Federazioan -Federazio Kroaziar-Musulmana ere deitzen diote, eta lurraldearen %51 inguru hartzen du-, eta Bosniako Serbiar Errepublikan -lurraldearen %49 inguru hartzen du, eta herrialdeko biztanleen %40 inguru-. Eta bien artean dago Brcko barruti autonomoa, estrategikoki oso garrantzitsua, Bosniako Serbiar Errepublika bitan zatitzen baitu. Sistema konplexu horretan, etniarik garrantzitsuenek guztiz kontrako helburuak bete nahi dituzte: serbiarrak gehiengo diren Bosniako Serbiar Errepublikak autonomia handiagoa nahi du; kroaziarrek beste entitate bat sortu nahi dute, eta bosniakek botere zentralizatuagoa nahi dute. Hala, entitateetako gatazka horiek oihartzuna eta eragina izaten dute politika nazionalean: hiru politikarik osatzen dute herrialdeko presidentetza, etnia garrantzitsu bakoitzak berea baitu, eta horrek zaildu egiten du egunerokoa, batak besteari leporatzen baitizkio huts egiteak. Testuinguru horretan, batasunik eza da nagusi herrialdean, eta EB Europako Batasuneko kide izateko prozesuari eragiten dio bete-betean. Horixe bera ohartarazi zien Jean-Claude Juncker Europako Batasuneko presidenteak politikariei eta herritarrei, iragan otsailean Bosniako Parlamentuan emandako hitzaldian: «Adostasunik ezak paralisia dakar, eta paralisiak, berriz, beranta. Ezin dugu egonkortasun falta inportatu».

Etnien arteko desadostasunen zerrenda luzean dago estatu kide bilakatzeko prozesua ere, eta horren erakusgarri da Milorad Dodik Bosniako Serbiar Errepublikako lehen ministroak, eta Bosniako presidentetzako kide bosniakak, Bakir Izetbegovicek, ez dutela asmorik auzi horren inguruko konpromisoetan parte hartzeko. Haatik, traba horiek oztopo nabarmenak bilakatu dira europazaleentzat, eta ondorio garbia utzi dute: hamazazpi urte dira Bosnia eta Herzegovinak estatu kide izateko prozesua abiatu zuela, baina, gaur-gaurkoz, ez du hautagai estatusik lortu. Leila Bicakcic Bosniako CIN Ikerketa Txostenetarako Zentroko zuzendariak BERRIAri azaldu dionez, hainbat elementuren ondorio da beranta, etxeko zein kanpoko iritziek eta jarrerek bultzatuta: «Uste genuen prozesua azkarragoa eta eraginkorragoa izango zela. Hainbat faktoreren konbinazioaren eraginez gaude egungo egoeran: Bosnia eta Herzegovinarekiko nazioarteko komunitatearen jarrera bateratu falta; herrialdearen egoerara egokitu gabe irtenbideak kopiatzea eta itsastea; gure politikariek hitzeman zutena betetzeko konpromiso falta; eta herritarren ezagutza demokratiko falta, aldaketak eskatzeko».

Etniak eta entitateak

Entitateen eta etnien arteko harremana giltzarria da Bosniako politikan. Bosnia eta Herzegovinako Federazioan bosniak musulmanak eta kroaziar katolikoak dira gehiengoa, eta Bosniako Serbiar Errepublikan serbiar ortodoxoak; Brcko barrutian, berriz, etnien populakuntza orekatua da. Denera, biztanleen %50,1 dira bosniakak, %30,8 serbiarrak, eta %15,4 kroaziarrak.

«Ofizialki, Bosniak ez du lurraldearekin zerikusia duen barne gatazkarik. Administrazioaren antolakuntzaren ondorioz, herrialdea bi entitatetan eta hiru etnia taldetan dago banatuta. Azken urteotan, areagotu egin dira lurraldea entitate bakar batean batzeko ahotsak eta eskariak, kontrola bermatzea helburu. Berez, ez da lurraldetasunarekin zerikusia duen auzia, baina etorkizunean bidea ireki liezaioke aukera horri», uste du Bicakcicek. Lurraldetasunaren inguruko balizko gatazkak, beraz, are gehiago moteldu lezake prozesua. «EBren Mendebaldeko Balkanetarako estrategiaren arabera, 2030a da estatu kide bilakatzeko data, baina gobernuak prozesuan aurrera egiteko duen gaitasunaren araberakoa izango da».

Izan ere, egungo egoera ez da positiboena Bosnia eta Herzegovinako europazaleentzat, CINeko zuzendariaren arabera: «Ez da erraza zehaztea zeintzuk diren herrialdearen espektatibak. EBk galdera eta eskari gehiago egin dizkigu, eta, berez, irailerako eman behar dizkiogu erantzunak. Prozesuari eusteko gai bagara, ziurrenik datorren urtean lortuko dugu hautagai estatusa. Estatus ofizialik gabe, zaila izango da aurrera egitea».

Zeregin horren arrakastari begira, Bicakcic kritiko agertu da nazioartearekin, eta arrazoi jakin batzuei erreparatu die egungo egoera eta aurrerapauso falta azaltzeko: nabarmenenak, Daytongo Akordioa konstituzio «sendoago» batekin ez ordezkatu izana, eta nazioarteak herrialdearekiko ikuspegi «argirik» ez izatea. Horren ondorioz, Bosniak ez du aurrerapausorik «bermatu», CINeko zuzendariaren iritziz. Argi mintzatu da: «Bosnia eta Herzegovina adibide garbia da: argi erakusten du zer ezintasun duen nazioarteak tradizio demokratikorik ez duten herrialdeetan eskua sartzen jarraitzeko, erreformetan sakontzeko eta Mendebaldeko demokrazia indarrean sartzeko». Alegia, horren ondorio zuzena dela estatu kide izateko ibilbidea.

Hamazazpi urteren ostean, herritarrek oraindik ez dute argi zeintzuk diren EBn sartzearen abantailak, ezta abantailarik ote duen ere. Izan ere, auziari buruzko eztabaida «ez zaio besteei gailentzen», eta «gutxitan» izaten da herritarren eskura; horregatik, Bicakcic ez dago guztiz konbentzituta herritarren ustearen inguruan. «Ez dut uste dakitenik zer den estatu kide bilakatzea. Jende arruntak egonkortasuna espero du, segurtasuna, goraldi ekonomikoa eta EBko estatuen gisako bizitza estandarra».

Politikariak, berriz, «isilik» daudela salatu du CINeko zuzendariak; ez dute prozesuari buruzko informazio handirik ematen, are gutxiago EBn sartzeari buruzko aukera eta espektatibei buruz. Hala laburbildu du egoera Bicakcicek. «Egia esanda, nire ustez, egungo espektatibak dira prozesu demokratikoak eta legea hobetzea, merkatu librea finkatzea eta garapen ekonomikorako aukerak zabaltzea».

Bizilagunak lagun?

Errusia, Serbia eta Kroazia. Bosniaren inguruan dauden hiru estatu horiek interes handiak dituzte herrialdean, eta, beraz, horien araberako harremanak garatzen dituzte entitateekin eta etniekin. Moskuk arreta jartzen du serbiar ortodoxoak gehiengo diren Bosniako Serbiar Errepublikan: «Politikoki, Errusia errepublikaren anaia handia da, eta herrialdearen beste eremuetatik bereizteko ahaleginak babesten ditu. Ekonomikoki, Errusiaren eragina murritza da, eta inbertsioak gehienbat energiaren sektorean egin dira, enpresa pribatuen bitartez». Laburbilduz, oligarka errusiarren interesak defendatzeko lanetan izaten da Mosku, Bosniako hainbat enpresa pribatizatu ostean, Bicakcicek azaldu duenez.

Serbiaren eta Kroaziaren kasuan, eragina beste mota batekoa da. Interes politiko eta lurralde gatazken ondorioz, bi herrialdeek Bosnia eta Herzegovinarekin duten harremana «oso konplikatua» da, CINeko zuzendariaren arabera. Izan ere, bi herrialde horiek Bosniako serbiarren eta kroaziarren interesak defendatzen jarduten dute, baita euren babesa bermatzen ere: «Bi herrialde horien eragina ohiko bizilagunen eragina baino harago doa».

Krisi konstituzionala

Litekeena da herrialdeek kanpoko presio horietan sakontzea, Bosnia eta Herzegovinan urriaren 7an hauteskunde orokorrak dituztela kontuan harturik. Hauteskunde Batzorde Zentralak egina du bozetarako deia, eta eguna finkatua du, baina hauteskundeak arautuko dituen legearen negoziazioen menpe dago, egun, hauteskunde horiek egitea. 2006an Auzitegi Konstituzionalak hauteskundeen legeko artikulu batzuk indargabetu zituenetik, bosniakak, serbiarrak eta kroaziarrak ez dira ados jarri lege berri bat adosteko hizketetan, eta, akordiorik lortu ezean, krisi konstituzional batean sar liteke herrialdea; besteak beste, aurrekontuen onarpena blokeatuko litzatekeelako.

Hori ez litzateke Bruselaren gustukoa, eta irtenbide baten beharraz ohartarazi du EBk. Federica Mogherini EBren atzerri politikarako burua argi mintzatu zen iragan maiatzean: «Hauteskundeak alderdikerien menpe egotea ez da aukera bat. Krisi konstituzional batean murgildu daiteke Bosnia eta Herzegovina». Bicakcic bat dator krisi konstituzional baten mehatxuarekin: «Ez bada hauteskunderik, parlamentua ez da osatuko, eta gobernuak ez luke funtzionatuko. Legeari buruzko desadostasunen atzean daude etnien arteko gatazkak». Bruselak arreta handiz jarraituko du auzi hori ere, estatu kide izateko prozesuan zeharkako eragina izango duelako.

Bihar: Kosovo

BERRIAn argitaratua (2018/07/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA