gizartea
«Edozein erasori» aurre egiteko erremintak eraikitzen
Oihana Elduaien Uranga
Herriko festak gainean dira Azpeitian (Gipuzkoa), eta udalak zein Marea Arroxa festa batzordeak autodefentsa feministako ikastaroa antolatu dute aste honetan, elkarlanean. Izena eman duten gehienak neska gazteak dira, eta irudi luke ikastaroa festa giroko erasoetatik babesteko dela. Baina ez da horrela. Emakume Txokoan egindako lantegian datu bat eman du Mañesek: erasoen %13 besterik ez dira kalean eta ezezagunekin gertatzen; indarkeria ekintza gehienak etxe, familia, lagun talde edo antzeko inguruetan gertatzen dira. Eta eraso horietako asko ez dira salatzen.
Ikastaroak edonorentzat dira, edozein emakumerentzat. 14 urtetik gorakoei eskaintzen dizkiete batik bat, baina gazteagoekin ere egin izan dituzte. Joaten denak baliabideak eskuratuko ditu norbere burua defenditzeko gauez edota bakarrik jasan daitekeen eraso fisiko batean; baita gehiago ere. «Egunero pairatzen ditugun eraso sexista guztiak lantzen saiatzen gara, ez bakarrik fisikoak, baizik eta emozionalak, psikologikoak, sinbolikoak...», azaldu du Mañesek. Baina onartu du ez dela erraza: «Hainbeste dira, ezinezkoa baita denak ateratzea».
Lana ez da hor amaitzen, hala ere. Kontua ez da erdi ezkutuan dauden eraso horiek identifikatzea bakarrik. Horientzako erantzunak pentsatzea, sortzea, eraikitzea eta asmatzea ere bada ikastaroen beste gakoetako bat. Mañes: «Guk geure buruarekin lan egitea: indartzea, autoestimua lantzea, jakitea erantzuteko eskubidea dugula...».
Ahoan hitz horiekin atera dira ikastarotik Garazi Olaizola eta Nahia Egaña. 16 urte dituzte. Jakin-mina zuten, eta ikasteko gogoa: «Interesgarriak iruditzen zaizkit horrelako gauzak; festak ere badatoz, eta hobe da informatuta egotea», adierazi du Olaizolak. Onartu dute beldurra sentitu izan dutela, baina, beldurra gorabehera, denak gonbidatzen dituzte halakoetan parte hartzera. «Edonori etorriko zaio ondo», esan du Olaizolak; «Aukeran, hobe erabili beharrik ez izatea, baina kasuren bat gertatuta ere...». Eta balio izan die ikasitakoak. «Konfiantza gehiago izan behar da norbere buruan, eta beldur gutxiago», nabarmendu du Egañak. Biak bat datoz Olaizolaren esaldiarekin: «Posiblea da halako egoera bati aurre egitea».
Horretarako prestatzeko elkartzen dira emakume taldeak, herriz herri. Konfidentzialtasuna lagun, elkarren esperientziak trukatzen dituzte, egoera errealei buruz hitz egiten dute, haietan izandako erreakzioaz eta izan zezaketenaz. Konfiantza giroan, talde giroan, giro goxoan.
Autodefentsa feminista ez baita gauza indibidual bat, kolektiboa baizik. Hala dio Mañesek: «Niri eraso egiten baldin badidate, neure burua defendituko dut, baina eraso sexistena arazo sozial bat da, matxismoa arazo sozial bat denez». Erasoak ez zaizkio kasualitatez gertatzen Urliari edo Berendiari, haiek zerbait gaizki egin dutelako; hori argi dauka. «Bati erasotzen badiozue denoi erasotzen diguzue leloa errealitatea da. Gertatu zaionari gertatu zaio, emakume gisa sozializatu delako, eta jendarte matxista batean bizi garelako. Gainera, erasotzailea babesten da».
Beraz, tresna indibidualak ez ezik, kolektiboak ere lantzen dira, xede nagusi batekin: «Lasai bizitzea. Emakume gisa sozializatu garenok ere eskubidea daukagulako lasai bizitzeko».
Beldur eraikia
Izan ere, andrazkoen %99k beldurra dutela ikusten du Mañesek ikastaroetan. Eta beldur hori eraikia dela dio. «Emakume sozializatu garenoi oso-oso txikitatik esaten digute kontuz, ez etorri bakarrik, etorri koadrilarekin...». Gainera, ohartarazi du beldur hori ez dela zehatza, baizik eta mamu baten gisakoa: «Ez dizute esaten: 'Begira, tamalez gizarte matxista batean bizi gara, bortxatzaile nazkagarri batzuk daude, horiez gain beste erasotzaile batzuk daude... Goazen pentsatzera, erremintak bilatzera, eta indartzera'. Ez, esaten dutena da: 'Kontuz'». Eta horrek ondorio argi bat dauka, Mañesez ustez: pertsona «ahuldu» egiten du, «berez dena baino txikiago bihurtu».
Ikastaroetan agertzen den adibide praktiko bat jarri du: «Hiru neska elkarrekin gaude; gizonezko bat agertu da, eta beldurra eman digu. Eta gu hiru gara! Txikitu egin dezakegu, txikitu! Baina sinistu dudanez ahula naizela, ez daukadala indarrik, eta haiek gu baino askoz ere indartsuagoak direla...».
Horregatik, txiki-txikitatik egin behar da lana, autodefentsa irakaslearen arabera: «Ama direnei beti esaten diet ez emateko mezu ahultzaileak». Ulergarria egiten zaio gurasoak kezkatuta egotea, baina ohartarazi du haurrak ahultzea ez dela bidea. «Nik beti esaten dut: 'Ez esan kontuz, esan adi'. Adi ibili behar dugu ez erortzeko, kotxe batek ez harrapatzeko... baina beldurrez, ez». Eta beste abisu bat: «Ez jarri pisu guztia emakumeengan». Alegia, semeari esan emakumeak ondo tratatzeko, ondo zaintzeko, ezetza ezetz dela... «Haiek egiten baitituzte erasoak».
Asko hitz egiten da beldurra aldez aldatzeaz ere. Alde horretan, Alaitz Mañesek esan du nahiago lukeela mundu baketsu batean bizi, inork beldurrik sentitzeko modurik gabe, «baina ez da horrela». Beraz, bai, beldurrak aldez aldatu behar duela uste du: «Erasotzaileak, adi! Bai, hemen gaude, eta indartsuak gara, eta pila bat gara. Elkartasuna lantzen ari gara, eta sareak josten».