astekaria 2018/07/27
arrowItzuli

iritzia

Euskarabentura

Miren Amuriza

Euskarabentura Miren Amuriza

Ideia onak dauzkan jendea funtzionala da, eta bere proiektuak gauzatu ahal izateko moduko postuetan egon beharko litzateke. Harrikadak dauzkan jendea klabea da, eta subentzionatuta egon behar luke, zuzenean. Lehenengoz botatzen duzunean serio ari zarela esplizitatzea eskatzen duen burutapen mota da harrikada: antola dezagun euskararen aldeko lasterketa moduko bat, sor dezagun euskara hutsezko egunkari bat... eta beste.

Horrexegatik, «harrikada bategatik», hasi zirela entzun nion Euskarabenturako antolatzaileetako bati, eta hara non: iluntze tentel batean lagunei udaleku esperimental batzuk egitea ederra izango litzatekeela komentatu, eta handik hiru urtera Euskal Herri osoko dozenaka gazte dauzkazu Irundik Hendaiarako mugan kontrabandoari buruzko hitzaldi bat entzuten. Edo Argantzungo ikastolako ikasleak ezagutzen, edo antzerki tailer batean, edo gaubela bat prestatzen, edo Kike Amonarrizekin berriketan, edo ligatzen... Bidaide horietako batzuek mundu erreferentzial bertsua edukiko dute, beharbada: hurbiltasun geografikoagatik, bizi-ohiturengatik, zaletasunengatik... Ordea, beste askoren artean, euskara izango da ziurrenik territorio libre ez eze, konpartitu bakarra. Eta gazte-belaunaldi bat territorio hori askotariko bizipenekin goldatzera eta, are, bertan sustraitzera akuilatu izana, lorpen itzela da. Biba zuek eta zuen harrikada.

BERRIAn argitaratua (2018/07/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA