astekaria 2018/07/27
arrowItzuli

kirola

JUAN MARI ETXABE

«Erabateko konfiantza daukat talde honetan, eta lasai nago»

Aitor Manterola

«Erabateko konfiantza daukat talde honetan, eta lasai nago»

Lanetik etxera joan, eta San Juaneko arroparekin itzuli da Juan Mari Etxabe (Oiartzun, Gipuzkoa, 1966) klubera. Alboko kafetegian itzalpean eseri, eta, ohi duen moduan, lasai erantzun ditu galderak, taldearen egoera onena ez bada ere Eusko Label ligan.

Ondo hasi zineten, baina kolpetik behera joan zarete. Zergatik?

Nekeagatik. Galiziako bidaia eta Gipuzkoako Txapelketa segidan izan ziren, lan karga handiegia sartu genien, eta arraunlariek ez zuten behar bezala barneratu. Hanka sartu dugu, espero genuelako eraman ahal izango zutela lan karga hori. Gero, ligak berak sortzen duen tentsioa ere ez dugu ondo eraman. Eten egin da hasiera ona, eta orain ari gara ordaintzen. Ilusioa piztu zen hasiera onarekin, eta azkeneko kolpe hauek ordaintzen ari gara.

Hasi da taldea buelta ematen?

Aurreko igandean, Orion, beste aurpegi batzuk ikusi nizkien arraunlariei; animatuak zeuden, jakinda zein den egoera, eta gogoarekin. Atzoko [herenegun] entrenamenduan ere lan ona egin genuen. Txispa berreskuratzen dugunean gorantz joango gara.

Kaiku harrapatzeko hainbesteko maila dauka taldeak?

Zazpi puntu goitik daude, eta badakigu zaila izango dela harrapatzea. Maila ona hartu du, eta irabazlearengandik minutu erdira dabil. Hor egoteko, asko ibili behar da. Gu ez gabiltza gaizki. Azken batean, Donostiarraren gisako talde bat hogei segundo ari zaigu ateratzen guk gauzak gaizki eginda. Ez da aldea.

Arraunlarien buruan inoiz baino gehiago eragitea tokatzen zaizu orain?

Horretan ari gara. Arraunlariak konbentzituta daude aterako garela, onartzen ari direlako non gauden. Lan ona ari dira egiten. Esperientzia falta asko ari zaigu eragiten; erritmotik askotan ateratzen gara, adibidez. Estropadak irakurtzen ere ez dakite, gaztetasunagatik.

Dirua jarriko zenuke traineru barruan joateagatik?

Batzuetan bai, edo ahal balitz estropadetan traineruaren alboan joan ahal izatea. Karlos Mendizabal beteranoa sekulako lana ari da egiten traineru barruan, baina zaila da hainbeste gazte ondo bideratzea. Iaz hirugarren ligan zeuden asko, eta orain liga nagusian dira. Sekulako jauzia dago. Berezko prozesua litzateke aurten bizpahiru arraunlari igotzea iazko taldetik, baina asko igo behar izan ditugu halabeharrez, eta gauza asko lotu behar dira. Ez da lan erraza. Aurreko taldeek egindako arraunlariak dituzte, eta antzeman egiten da.

San Juanek estropada perfektua egingo balu orain, zenbat denbora aterako lioke garaileak?

40 bat segundo, eta ez dago gaizki, baina, ligako maila ikusita, azken-aurrekoak izango ginateke orduan ere.

Taldeak egoera onartu duela esatean horretaz ari zara?

Bai. Ondo hasi arren, ez dugu burua galdu behar, eta oso garbi eduki behar dugu non gauden. Urte asko ez dela, 40 segundora zegoenean talde bat banderatik, ez zen azken-aurreko geratzen, baina orain bai.

Egoera hau onartuta, oraintxe bertan zuen helburua azkena ez geratzea da?

Bai, eta gauzak ondo badoaz, azken-aurreko lekutik ere ihes egin nahi dugu.

Lortzeko moduko helburua da kanporaketa ez jokatzea?

Zazpi puntura dago Kaiku, eta guk estropada on batzuk egitea, hark txarrak egitea, kale zozketak aldeko izatea... gauza asko daude.

Kanporaketa jokatzea buruan bueltaka hasi zaizu?

Oraingoz ez, eta pentsatutako plangintzarekin jarraituko dugu. Ondo ari gara lanean. Helburua mailari eustea da, eta datorren urtean jauzia egitea gorantz.

Entrenatzaile moduan izan duzun egoerarik petralena da hau?

Bai. Beste egoera batzuk dira, eta denok ari gara ikasten aurten. Etxean gabiltza, ilusioz. Taldeari lagundu nahi diot mailari eusten.

Arraunlariei mezuak bidaltzerakoan baldintzatu egiten zaitu atzean ibiltzeak?

Arraunlariei lasaitasun mezuak bidaltzeko unea da orain. Gehiago estutzea hobea da? Laneko giro ona izatea da helburua, lana ondo egin ahal izateko. Egindako arraunlari bat estutu daiteke, baina gazte hauei, ez da erraza. Badakigu lanean ondo ari garela, eta ez gara hasiko sekulako iraultza egiten, trainerua eta arraunak aldatu eta abar. Lasai nago, eta konfiantza erabatekoa daukat talde honekin. Gustura nago haiekin, baina gehiago eman dezakete maila aldetik. Presioa ari zaie galarazten hori egitea. Herrian kezka dago, San Juan talde historikoa delako, eta denok nahi dugulako goian ibili. Baina urte guztiak ez dira berdinak. Begira Orio handia nola joan zen behera 2011n. Talde guztiek eduki behar dugu gogoan edozein urtetan joan gaitezkeela behera.

Egindako lau arraunlari eskainiz gero zuzendaritzak oraintxe, hartuko zenituzke taldean?

Ez. Hasi eta bukatu hauekin egin nahi dut, eta arraunlari moduan haztea aurten. Talde onena hauxe dut.

Zenbat aldiz pasatu zaizu burutik zergatik utzi duten aurten hainbeste arraunlarik batera?

Bakoitzak bere motiboak izan ditu, eta pena da denek batera uztea, baina talde handiak horrela jausi izan dira. Onartu, eta aurrera jarraitu behar da.

Udazkenean mahai gainean jarri zenuen zuk uzteko aukera, taldeak ia osorik jarrai zezan?

Taldean esan nuen ni banintzen arazoa prest nengoela uzteko, baina beste kontu batzuk ere izan zituzten taldea uzteko arrazoien artean. Bakoitzak bere arrazoiak izan zituen uzteko. Entrenatzen hasi ziren batzuk, baina utzi egin zuten gero, eta hori ez da oso normala. Baliteke gurditik tiratzeko indarrik ez edukitzea.

BERRIAn argitaratua (2018/07/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA