astekaria 2018/07/27
arrowItzuli

bizigiro

NAIMA EL BANI ALTUNA

«Klima aldaketa ez da konponduko birziklatuz bakarrik»

Lander Muñagorri Garmendia

«Klima aldaketa ez da konponduko birziklatuz bakarrik»

Ikerlaria da Naima El Bani Altuna (Bilbo, 1993) geologoa, eta uztail hasieran Artikora joan zen itsasoen iraganeko zirkulazioak ikertzera. Paleozenografiaren arloa lantzen du, hau da, zirkulazio horiek ikertzen ditu, orduko klimaren ezaugarriak zein ziren jakiteko eta egungo klima aldaketa ulertzeko gakoak topatzeko. Joan den astean amaitu zuen Artikoko espedizioa.

Artikora joan zara klima aldaketaren inguruko bilakaera aztertzeko. Artikora joan behar da horretarako?

Ez, noski. Euskal Herrian hainbat modu daude klima ikasteko, baina niri asko interesatzen zaizkit geologiaren azken urteak. Egungo aldaketa klimatikoan, Artikoa eremu delikatuena da. Izan ere, Lurreko tenperatura gradu bat igotzen bada, Artikoan bi-lau gradu igo daiteke, anplifikazio efektua dagoelako. Horrek interesgarri egiten du, eta nik, gainera, Atlantikoan jarraitu nahi nuen.

Artikoa delikatua dela diozu: zer zentzutan?

Itsas izotza urtzearen ondorioak oso gaitzak izango dira animalien ekologiaren, tenperaturaren eta ozeanoko zirkulazioen ikuspegitik. Artikoan gertatzen diren aldaketak ez dira garrantzitsuagoak, baina eragin handiagoa daukate ozeano globalean gertatzen den horretan.

Klima aldaketak ez du atzera-bueltarik?

Akaso ez dauka atzera-bueltarik, baina beste politika batzuekin lan egin behar dugu oraingo joerekin ez jarraitzeko. Oso zaila da hau guztia, eta ez dut uste klima aldaketa birziklatuz bakarrik konponduko denik: aldaketa asko behar ditugu gure bizitzan hau dena gelditzeko.

Birziklatzea ez da nahikoa: beste modu batean bizitzen ikasi beharko dugu, orduan?

Ez dakit. Egia da aldaketa asko gertatu direla Lurraren historian, eta orain interglaziazio batean gaudela. Kontua da XIX. mende amaieratik joera natural horretatik alde egin dugula. Metanoak eta CO2-ak joera natural propioak dauzkate, baina, azken urteetan, industrializazioaren eraginez, joera natural horietatik atera gara, eta dena gizakiaren eragin bihurtu da.

Etorkizuneko geologoek, orduan, gizakiaren arrastoa topatuko dute?

Baietz uste dut. Alejandro Zearreta EHUko ikerlaria eta irakaslea da, eta antropozenoaren erreferente bat: haren arabera, etorkizunean teknofosilak agertuko dira. Horien bidez markatuko da egungo garai geologikoa.

Artikora joan zara hango itsaslasterrak ikertu eta itsas hondoko urak ikertzera. Nola azter daitezke horiek?

Ozeanografian fosilak erabiltzen ditugu, eta nik foraminifero fosilak erabiltzen ditut. Oskoldun bizidun batzuk dira horiek: oskolean gordea dute bizi izan ziren garaiko uraren konposizio kimikoaren seinalea. Beraz, haien oskola aztertuz, jakin dezakegu zein zen uraren tenperatura bizi izan zirenean, baita uraren gazitasuna eta antzeko beste parametro batzuk ere. Horrekin berreraikitzen ditugu iraganeko ur-lasterrak.

Zergatik dira hain garrantzitsuak iraganeko ur-lasterrak?

Groelandia inguruan Atlantikoa eta Artikoa elkartzen dira, eta Ipar Atlantikoko ura eta Artikoko ura nahastu egiten dira. Artikoko urak hegoalderantz doaz, eta Atlantikokoak, iparraldera. Ozeanoko zirkulazioa dentsitatearen, tenperaturaren eta gazitasunaren bidez gidatua dago. Sokatira baten antzekoa da: iparraldetik tira eginez gero, Atlantikoko urak iristen dira, eta Artikokoekin nahasten. Baina oso gaziak direnez, dentsitate handia lortzen dute, eta hondoratu egiten dira. Bolumen hori aldatu egin da iraganean, glaziazio eta interglaziazioetan. Horregatik da garrantzitsua itsaslasterrak aztertzea, ur-lasterrek eta klimak harreman estua daukatelako.

Hozkailu efektua egiten duelako?

Bai. Atlantikotik Artikora doazen ur-lasterrak, adibidez, tropikotik doaz, eta ur bero hori Europa mendebaldetik igarotzen da. Horregatik, Bilbon eta New Yorken, latitude berean egonda ere, negu ezberdinak ditugu. New Yorken elur asko egiten du, eta Bilbon, ez.

Itsas izotzak topatu dituzu Artikoan, eta horiek gutxitzen ari dira. Aldaketaren isla dira?

Bai, baina ezin da esan zer gertatzen den urte batetik bestera. Adibidez, azken egunetan egon garen lekua iaz izotzez estalita zegoen. Ezin da esan aurten ez dagoelako klima aldaketaren eragina denik. Epe luzeagoak hartu behar dira kontuan, eta horregatik egiten dugu paleozeanografia, antzinako datuak ikusita ozeanoaren dinamika ikusteko.

BERRIAn argitaratua (2018/07/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA