astekaria 2018/07/27
arrowItzuli

bizigiro

Itsasoratzeko presarik ez

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Itsasoratzeko presarik ez

Azken urte honetan, San Juan baleontziaren bizkarrak egin dituzte Albaola Itsas Kultur Faktorian, Pasaian (Gipuzkoa). Orain, hirugarren bizkarra amaitzen ari dira, eta aurreko gaztelua eta atzekoa —tximinia ere esaten zaio— eraikitzen dabiltza. Baleontziaren barruko egitura edo hezurdura amaitzen ari dira, eta laster hasiko dira kanpotik eta gainetik dena ixten. Barrenean, jada hasi dira. Gainera, muturrean egitura zorrotz bat falta zaio, eta horrek beste lau bat metro luzatuko du muturra.

San Juan baleontzia XVI. mendeko galeoi bat da. Munduko aurreneko merkataritza ontzi transozeanikoa izan zen, eta Euskal Herrian eraiki zuten. Izan ere, Berpizkundean, euskal baleazaleak izan ziren lehenak jarduera industrial bat Ipar Amerikara eramaten. Kanadako Ipar Atlantiko kostaldean hondoratu zen, Red Bayn (Labrador uhartea), 1565ean. Lau mende geroago, 1978an, kanadar arkeologo batzuek aurkitu zuten, leku berean. Hiru hamarkadako ikerketaren ondoren, jakin daiteke XVI. mendeko hobekien kontserbaturiko itsasontzia dela; horregatik, Unescon munduko urpeko ondarearen ikurra da.

Baleontziaren kontserbazioari begira, itsasontziaren piezak Kanadako uren azpian daude, babestuta eta zaintzapean, baina nolabait etxera itzuli zen, lau menderen ostean, duela lau urte. Izan ere, Pasai San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktorian (Gipuzkoa) San Juan baleontzia eraikitzen ari dira, XVI. mendeko teknologiarekin eta garai hartako teknikak jarraituz.

2020 inguruan, bi urte barru, San Juan ontzia uretara botatzeko asmoa dute, Xabier Agote Albaolaren sortzaile eta arduradunak esan duenez. Hala ere, uretan ere lana izango da: mastak jarri behar dira, soka denak, aingurak... Hasi dira jada nolabait lan horiek aurreratzen. Mastak izango diren hogei izei bota berri dituzte Zaraitzuko bailaran (Nafarroa), «beraiek oparituta». Sokagintza lanbidea ere berreskuratu dute. Angeluko Aroztegitza Eskolako ikasle batzuei XIX. mendeko Hondarribiko (Gipuzkoa) azken sokagilearen soka makina eraikitzeko aukera eman zieten, eta orain sokagintzaren ikasketa prozesuan daude, soka gehienak Albaolan eraikitzea baita asmoa. Burnitegi bat ere eraikitzen ari dira Albaolan, eta zenbait errementari bertan lanean izango dira, ofizioa berreskuratuz. Itsasontziaren eraikuntza amaitzean, Xabier Agotek argi dauka «ospakizun handi bat» izango dela, baina oraindik ez dute erabaki nolakoa izango den. Aitzitik, buruan dute zer funtzio izango dituen San Juan baleontziak eraiki ostean. Batetik, «ikur bat izango da, itsas festibaletan euskal historia ordezkatuko duena», Agotek dioenez. Bigarrenik, ikasketa tresna bat izango da: «Zeinek daki nabigatzen XVI. mendeko galeoi batean? Arkeonabigazioa deitzen zaio horri». Hirugarrenik, garraiontzia ere izango da: «Gero eta belaontzi gehiago daude, duela ehun urte bezala, zamaontzi lanak egiten ari direnak, motorrik gabe eta ezer kutsatu gabe; prestigiozko markek gero eta interes handiagoa dute». Azkenik, itsasontzi museo bat izango da, eta galeoia barrutik eta kanpotik ikusteko aukera izango dute bisitariek. Nahiz eta San Juan baleontzia izan Albaola Itsas Kultur Faktoriak martxan daukan proiekturik handiena, etorkizun oparoa izango du baleontziaren eraikuntzaren ondoren. Beste itsasontzi historiko batzuen eraikuntza buruan dute: adibidez, Elkanoren Victoria.

Hala ere, Albaolan ez diote hainbesteko garrantzia ematen baleontziaren eraikuntzaren amaierari: «Gu itsasontzia eraikitzen ari gara aurreneko aldiz ontzi hauek desagertu zirenetik. Eraikuntza horren bidez, ezagutza eta jakinduria bat berreskuratzen ari gara, eta hori da bilatzen duguna. Gure asmoa ez da inoiz izan itsasontzia hasi eta bukatzea: guretzat, garrantzitsuena eraikuntza prozesua da».

Ondareaz jabetzeko

1997an sortu zen Albaola Itsas Kultur Faktoria, Euskal Herriko itsas ondarea eta bere historia ezagutarazteko, normalizatzeko eta «izen ona emateko». Horretarako, Albaolan «kontakizun bat aurkezten dugu, geure lanaren bitartez, geure helburua betetzeko. Albaola ontziola museo bat da: ez gara ontziola komertzial bat, itsas kultur faktoria baizik».

Albaola Itsas Kultur Faktoria 1997an sortu zuten, «gabezia kultural bati aurre egiteko», Agoteren hitzetan. «Albaola sortzea erabaki nuen ikusten nuelako Euskal Herria ez zela jabetzen bere itsas historiaren garrantziaz. Gainera, geure buruari buruzko irudi bat eraikita geneukan, geure buruarekin bat ez zetorrena. Mugarri garrantzitsu batzuk daude, Euskal Herria itsas historian lekurik garrantzitsuenetan kokatzen dutenak, baina hor paradoxa handi bat sortzen da: historia hori ez zen landu, eta bigarren planoan geratu zen».

Agotek harro aldarrikatzen du Euskal Herriak zeukala garai batean eta denbora luzean itsas teknologiarik garatuena mundu osoan. XVI. mendean europarrek Amerika «aurkitu» zutenean, indar sozioekonomiko eta politikoek «kontinente berria» begiz jo zuten; «bertan jarri zituzten interes estrategikoak», Agoteren arabera. «Garai hartan, euskaldunek zuten ozeanoetan nabigatzeko teknologiarik garatuena, baleen ehizaren industrian lehen lerroan zeuden: eta zer esanik ez, getariar bat izan zen lehen aldiz munduari bira eman ziona». Albaolak, bere kontakizunaren bitartez, argi utzi nahi die, bai euskal herritarrei, bai kanpotik datozen bisitariei, Euskal Herria ez dela munduan isolaturik bizi izan: «Euskal Herria munduari irekita egon da aspalditik, eta ekarpen asko egin dizkio historiari. Albaolan itsas historiaren garrantzia azpimarratzen dugu».

Hasieran, Albaolaren lanaren zergatia euskal gizarteari azaltzea kostatu zitzaiela dio Agotek, «baina hori jada gaindituta dago: Albaolak ekarpen handia egin du euskal kulturaren alorrean, euskal itsas ondarea normalizatzen eta erreferentzialtasuna eskuratzen mundu mailan».

Albaolak Pasaiari ere ekarpena egiten diola dio Agotek: «Ikuspuntu kultural batetik, lortu dugu bat egitea Pasaia biziberritzeko dauden asmoekin. Pasaitarrek euren herriaz duten pertzepzioan ere eragina dauka. Adibidez, maiatzean Pasaian egindako Itsas Festibala oso arrakastatsua izan zen, eta Pasaia kultur panoramaren erdian jarri genuen». Gainera, Albaola da Gipuzkoan «bisitari gehien izan dituen hirugarren museoa», Agoteren esanetan.

Euskal Herriaren itsas historian eta ondarean barrena Berpizkunderaino nabigatu nahi duenak badaki Albaola Itsas Kultur Faktorian San Juan baleontzia zain duela, Pasaian. Ez du itsasoratzeko presarik.

BERRIAn argitaratua (2018/07/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA