kirola
CARMEN MUGURUZA
«Agian ez zen Europan aritzeko garaia; hazten segitu behar dugu»
Ainara Arratibel Gascon
Aste batzuk pasatu dira Europan jokatzeari uko egin zeniotenetik. Erabakia egokia izan zela pentsatzen duzue oraindik?
Bai, erabakia egokia, hausnartua eta sendoa izan zen. Europan parte hartzeko bete behar genituen irizpideak garbiak ziren. Batetik, aurrekontu nahikoa lortu behar genuen, bai Ligan eta bai Europan baldintza onetan lehiatzeko. Horrek, gainera, klubaren egitura sendotzen segitzeko aukera eman behar zigun. 90.000 euro inguru behar genituen horretarako, eta 20.000 falta izan zitzaizkigun. Bestetik, aurrekontu horren erdia bide pribatuetatik eskuratu behar genuen, ez genuelako erakunde pribatuen ekarpenaren menpe egon nahi. Beti esan izan dugu gure lehentasuna dela laguntzak eta babesleak eremu pribatutik lortzea eta erakunde publikoetatik lortutakoekin osatzea. Ez dira bete baldintzak, eta uko egin genion.
20.000 euro inguru falta izan zitzaizkizuen. Baina, kopuruetatik harago, gertu egon zen Europan jokatzeko aukera?
Bai. Europan jokatzeak eskatzen zuen gutxieneko gastuak betetzeko moduan ginen, baina ez gainontzekoa. Beraz, ez genuen behar baino gehiago arriskatu nahi, ez kirol arloan, ez ekonomikoan. Hasieratik esan genuen sozialki, ekonomikoki eta kirol ikuspegitik posible zen lehiaketetan baino ez ginela lehiatuko. Ez da lehen aldia kantxan lortutako zerbaiti uko egin diogula, eta buruarekin lanean segituko dugu
Bi arloak baldintzatzen zituen Europan jokatzeak?
Bai, eta ez genuen hori nahi. Luzera begirako proiektu bat da gurea, eta horretarako jasangarria izan behar du. Klubaren iraupena ez dugu sekula arriskuan jarriko
Europan jokatuko ez duzuen arren, prozesua aurrerapauso bat izan da klubarentzat?
Ziurrenik, bai. Izan ere, Europan jokatzeko aukera gero eta gertuago dago. Baina gure lehentasuna ez da hori. Izan ere, kirol arloan higadura handia ekarriko luke. Hori dela eta, talde orekatu eta zabal bat izan behar duzu, eta aurrekontu gehigarri bat denboraldian beharrezkoa izanez gero jokalariak fitxatu ahal izateko. Taldearen diseinu berri bat egin beharko genuen.
Nola hartu dute entrenatzaileak eta jokalariek?
Argi dago jokalariei eta entrenatzaileari ilusioa egiten ziela Europan jokatzeak. Gehienek taldean segitzen dute, eta kantxan irabazi zuten. Gainera, aste osoan jokatu behar izan arren, prest zeuden ahalegina egiteko. Alde horretatik, zailtasunak ez ziren hainbeste. Baina oso lotura estua dute klubarekin, eta ulertu dute erabakia ez dugula oharkabean hartu, baizik eta klubaren onurarako hartu dugula.
Erakundeen aldetik jaso duzuen babesarekin pozik zaudete?
Bai. Alde horretatik ez dugu kexarik. Une oro esan ziguten lagunduko gintuztela Europara joateko apustua egiten bagenuen. Baina ez genuenez lortu eremu pribatuan nahi genuen dirua, ez genuen haiengana jo.
Eremu pribatutik beharrezkoa ez den dirua jaso ez izanak zein hausnarketa eragin dizu?
Nik uste dut denbora falta izan zitzaigula. Izan bagenu, ziur nago lortuko genuela. Baina egin dugun ahaleginak balio izan digu babesle pribatuak lortzeko oinarriak sendotzeko eta bide horretan ikasten segitzeko. Gainera, aukera eman digu Eurokoparen barrunbeak ezagutzeko, eta datorren sasoian gonbidapena jasoz gero nola mugitu beharko ginatekeen jakiteko. Segituko dugu lanean eragile pribatuekin, baina ez Europan parte hartzeko helburu hutsarekin. Babesle pribatuetatik lortzen dugun diruak balio behar digu kluba hazten, hobetzen eta sendotzen jarraitzeko. Horrek Europan parte hartzeko aukera ematen badigu, primeran. Lehentasunak argi daude.
Arantzarik geratu zaizu?
Ez, azkeneraino saiatu ginelako eta prozesua oso positiboa izan delako. Hau ez da porrot bat, ikasgai handi bat baizik.
Agian ez zen horretarako garaia, eta zuen hazkunde prozesuan beste pauso batzuk eman dituzue aurretik?
Ziurrenik, bai. Klub gaztea gara, bost urte baino ez ditugu, eta klubak hazten segitu behar du esparru guztietan: egitura aldetik, ekonomia aldetik, kirol alorrean... Beraz, ziurrenik ez gaude horretarako prest. Autokritika eraikitzaile bat egin behar dugu, eta urtero-urtero hazten jarraitzeko urratsak egin, orain arte bezala.
Datorren sasoirako taldea osatua duzue. Ia jokalari guztiek jarraituko dute. Hala lasaiago hartuko dituzue oporrak, ezta?
Bai, lana eginda dago. Orain, jokalari asko beste liga batzuetan eta selekzioekin ari dira. Ondoren, atseden hartu, eta denboraldi-aurrea prestatzeko itzuliko dira. Aspalditik esan dugu gure helburua egonkortasuna dela, eta halako erabakiekin emandako hitza betetzen ari garela erakutsi dugu. Jokalariek lotura estua dute klubaren filosofiarekin eta balioekin, eta hori da inportanteena.
Apustua garbia da Gipuzkoako jokalarien alde, ezta?
Zalantzarik gabe. Gipuzkoako jokalari onenak IDKn egotea nahi dugu, eta gure ateak beti izango dituzte zabalik.
Zein helburu jartzen dituzu datorren sasoiari begira?
Hazten segitu nahi dugu, batez ere bazkide kopuru aldetik. Bestalde, harrobiarekin egiten ari garen lana sendotzen jarraitzea funtsezkoa iruditzen zaigu. Ibaeta Kirol Balioak egitasmoari ere bultzada bat eman nahi diogu. Proiektu horrekin kirolari lotutako gizarte balioak zabaldu nahi ditugu gazteen artean. Laguntza publikoak jasotzen ditugula kontuan hartuta, uste dugu gizarteari guk ere zerbait eman behar diogula, eta proiektu horren bidez bideratu nahi dugu gure ekarpena gizarte alorrean.
Klub honek ez du amore ematen da aurkeztu duzuen bazkide kanpainaren leloa. Zein helburu dituzue kanpaina horrekin?
Gaur egun, klubak 200dik gora bazkide ditu, eta helburua litzateke 400-500 ingurura ailegatzea. Izan ere, babes ekonomikoa ez ezik, klubak babes edo bultzada soziala ere behar du hazten segitzeko. Zaleen babes iraunkorra funtsezkoa da, eta hori bazkideek ematen digute batez ere. Gipuzkoan klub asko daude goi mailan. Baina uste dut gure proiektuak ilusioa sortzen duela.