astekaria 2018/07/27
arrowItzuli

mundua

Nostalgiaren herrialdea

Eneko Aizpurua

Nostalgiaren herrialdea

Jendetza dago Chisinauko —Moldaviako hiriburuko— Piata Centrala merkatuan. Moldaviako gizarte puzzle erraldoiaren erakusleihoa da. Herrialde bat, kilometro eskasean erakusgai. Merkatu zalapartatsuan sigi-saga, barazkiak, jakiak, pasaporteak daude eskura. Ingurumarian nonahi, dirua aldatzeko lokalak. Diru trukea da hirian goraka doan industria bakarrenetarikoa.

Kulturen arragoa horretan, identitatearen kontraesanak azaleratzen dira. «Zaila da moldaviarrak ulertzea. Guk geuk ere ez dugu elkar ulertzen», dio saltzaile batek. «Gauza onak baditugu, baina ez dira bultzatzen. Geure kabuz pentsatuko bagenu, egoera bestelakoa litzateke. Alta, peoiak gara jokalari arrotzek jokatzen duten xake partida batean».

Saltokietatik gertu daude mikrobusak. Tiraspol da helmuga, Transnistriako hiriburua. Mikrobusak salto egiten du errepideko zuloetan. Errepideak landa eremua zeharkatzen du. Alor eta mahastiz inguratutako herriak muinoetan, adineko emakumeak bide bazterretan marrubiak saltzen.

Gidariak abiadura moteldu du. Moldaviaren eta Transnistriaren arteko mugara iritsi da. 1992an, Nazio Batuen Erakundeak Moldaviaren 1991ko independentzia deklarazioa onartu zuten. Transnistriarrak 1990ean banatu ziren Moldaviatik, baina ezein herrialdek ez zuen onartu haien independentzia deklarazioa. Handik gutxira, gatazka armatua piztu zen. Egun, egoera bare dago. Moldaviar poliziek pasatzen utzi diote mikrobusari; Transnistriakoek pasaporteak eskatu dituzte. Muga zeharkatu, eta bidaia motza da Tiraspolera.

Izena duen guztia ba omen da. Potatok aspaldi esan zuen Gasteiz herrialde berezi baten hiriburu artifiziala zela. Tintinen abenturetan bazen Syldavia izeneko fikziozko herrialde bat. Moldavia ez da Syldavia, baina Tiraspol bada fikziozko herrialde baten edo, hobeki esanda, ofizialki existitzen ez den herrialde baten hiriburua.

Eduard Transnistriako Unibertsitateko Zuzenbide ikaslearen arabera, nazioartean herrialdeari Transnistria esaten bazaio ere, transnistriarrek Pridnestrovie izena darabilte. Moldaviako Gobernuak, berriz, Stînga Nistrului (Dniesterreko ezker ibarra). Izen anabasa galanta aintzatespen ofizialik gabeko herrialde ñimiño batentzat. Alta, estatu baten baliabide guztiak ditu: dirua, gobernua, armada eta pasaportea.

2018tik 1918ra

Tiraspolgo erdialdea ikonografia sobietarraren erakusleiho erraldoia da. Igitaia, mailua eta izarra, bandera gorriak, oroigarriak merke-merke eskura daitezke. Karl Marx zeharkatu eta kale nagusian gora laster iristen da Leninen estatuara. Udaletxeko erlojuaren orratzak aurrerantz badoaz ere, Tiraspolen denbora atzerantz doala dirudi, 2018tik 1918ra. Baina ameskeria hutsa da.

Russia hotelaren ondotik igarota, banketxeak, Sheriff supermerkatuak eta La Mafia jatetxea daude. Chisinauren aldean txikia da Tiraspol. Baliabidez hornituagoa eta zainduagoa. Ez dago krisiaren ondorioz bukatu gabe utzitako eraikinik. Iluntzean, erakusleihoetako argiak piztean, erdialdea antzoki bihurtzen da, Montecarloko kasinoaren bertsio sobietarra.

Baina, Eduarden arabera, itxura besterik ez da. «Erakusmahaiak beteak ditugu, eta poltsikoak, hutsik». Soldatak ez dira iristen 300 eurora, jende askok bi lanpostu ditu, eta, hala ere, nahikoa lan hil bukaerara iristeko. Gazteek alde egin nahi dute, eta produkzio sarea zaharkituta dago. «Ezin diegu aurre egin gastuei. Eskerrak Errusiak laguntzen digun, esaterako, adinekoen erretiro saria ordaintzen. Nire gurasoek etsipenez gogoratzen dituzte Sobietar Batasuneko lurraldea gineneko garaiak». Gaztea den arren, Eduardek ere nostalgiaz begiratzen dio iraganari. «Garai onak izan ziren, bagenituen industrialdeak, soldata duinak, egonkortasuna; Sobietar Batasuna gure etxe komuna zen, baina, nazionalitateen auzia zela-eta denon etxe komuna pikutara joan zenean, dena izorratu zen, eta orain guztiok ari gara jasaten hondamendiaren ondorioak».

Eduard Moldaviaren eta Transnistriaren arteko gerraz ari da. Zauriak ez dira itxi. «Moldaviak 1989an onartutako hizkuntzaren legea giltzarria da gatazkaren nondik norakoak ulertzeko, nazionalismo errumaniarrak gure aurka jotzeko darabilen arma baita. Lege horrek errusiera baztertu eta errusiar hiztunen eskubideak ukatzen ditu, Moldaviako hizkuntza ofizial bakarra errumaniera dela ezarriz», azaldu du Eduardek.

«Errumania Handia»

Chisinauko solaskideentzat, 1989ko hizkuntzaren legea funtsezkoa izan zen eta da Moldavian galbidean zen errumaniera berreskuratzeko. Eduardek moldaviera esaten dio errumanierari. «Baina hemen errusiar hiztunak dira gehienak». Transnistriak ez zuen onartu Moldaviako hizkuntzaren legea, eta 1990ean independentzia deklaratu zuen, Moldaviak 1991n independentzia deklaratu eta Sobietar Batasunak 1993an porrot egin baino lehen. «Moldaviarrek ez zuten onartu gure independentzia deklarazioa, eta eraso egin ziguten. 2006an, Errusiarekin batzeko erreferenduma egin zen lurraldean. Baiezkoak botoen % 98 lortu zituen, baina hori ere ez zuten onartu. Azken batean, errumaniar lobby-a da arazoa. Errumania Handia sortu nahi dute berriro, baina, ez ahaztu, Moldavia XIII. mendean sortu zen, eta Errumania, berriz, XIX. mendean», nabarmendu du Eduardek.

Moldavia, Besarabia, Errumania. Zenbat aldiz ez ote dituzte aldatu mapetan bazter horietako mugak eta toki izenak? Mircea Cartarescu idazlearen arabera, esparru geografiko hori kontraesanez betetako europar izaeraren aurpegietako bat besterik ez da, egiazko europar pentsamolde batek ukatu ordez onartu egin beharko lukeena eskizofreniatik aldentzeko. Aniztasuna ukatu ordez, onartu. Esaten erraza, betetzen zaila bazter guztietan.

BERRIAn argitaratua (2018/07/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA