kirola
MIGUEL ANGEL MOYA
«Oker nengoke pentsatuko banu postua ziurtatuta daukadala»
Ainara Arratibel Gascon
Gorabehera fisikoren bat izan duzu. Nola zaude orain?
Ondo. Gainkarga txiki bat izan dut ezker izterreko barnealdeko giharretan, eta onena tentuz ibiltzea zen, lesio larriago bat ez egiteko. Gainkarga izan dudan lekua aktibatzeko ariketak egin ditut: bizikleta eta igeriketa.
Zure lehen denboraldi-aurrea da Realarekin. Nola doa? Izan ere, Atletico Madrilen ohituta zeuden Oscar Ortega Profe-ren prestakuntza fisiko gogorrera.
Miguelenak [Perez prestatzaile fisikoa] antzekotasun handia du Ortegarenarekin. Lan saio bikoitzak egiten ari gara egun askotan, eta garrantzi handia ematen dio gimnasioko lanari. Oso ariketa dinamikoak egiten ari gara. Saio luzeak eta exijenteak dira.
Atezainen entrenatzaile berria duzue: Luis Llopis. Zertan ari da arreta jartzen lehen egunetan?
Entrenamenduak oso zehatzak eta dinamikoak dira. Ez duzu ia atseden hartzeko denborarik. Luisi eskarmentua nabari zaio. Lehen egun hauetatik nabarmenduko nuke atezainon gorputz jarrerari ematen dion garrantzia, bai geldiketa egin aurretik, bai ondoren. Ariketa asko egiten ari gara lurretik ahalik eta azkarrena eta eraginkorrena jaikitzeko, adibidez. Bestalde, taktikoki ere garrantzi handia ematen dio atezainon jokoari. Behin eta berriz gogorarazi digu ez gaudela bakarrik baloiak geratzeko, eta nabarmendu digu garrantzitsua dela ondo menderatzea non kokatu behar dugun taldea erasoan dagoenean; hankekin baloia nola erabili ere lantzen ari gara.
Hiru atezain zaudete: Gero Rulli, Andoni Zubiaurre eta zu. Nola ikusten dituzu zure kideak?
Oso ondo. Gerok maila handia du, eta ilusio handiz ikusten dut denboraldi berriari begira. Andonik, berriz, bere lekua egin nahi du lehen taldean. Hirurak ari gara hasieratik aritzeko lehian, eta lehia horrek hobe egiten gaitu.
Aurreko sasoian taldean egon zinen hiru hilabeteetan Rullik baino partida gehiago jokatu zenituela kontuan hartuta, zeure burua titular ikusten duzu?
Oker nengoke pentsatuko banu hasieratik ariko naizela atzera begiratu eta aurreko denboraldian gehiago jokatu nuelako. Lehen Mailan lehia handia da, eta guztiok dugu jokatzeko gaitasuna. Ezin zara lasaitu, eta ezin duzu pentsatu postua zurea dela. Ikusiko dugu nor hasten den titular. Erabakia bat edo beste izan, gauden lekutik gure onena eman beharko dugu taldeari laguntzeko.
Asier Garitano nola ikusten ari zara lehen aste hauetan?
Bi alde bereiziko nituzke: pertsonala eta taktikoa. Pertsonalki, nabari zaio oso entrenatzaile zorrotza eta arduratsua dela, eta zorroztasun eta ardura hori jokalarioi helarazi nahi digula. Argi utzi digu norberak bere ardurak hartu behar dituela. Sasoi betean nahi gaitu, eta fisikoari garrantzi handia ematen dio, baita elikadurari ere. Taktikoki, berriz, uste dut Realaren azken urteetako 4-3-3 aldatu egingo duela zertxobait. Ziurrenik, antz handiagoa izango du Imanolen 4-2-3-1arekin. 4-4-2koa ere gustuko du.
Sistematik harago, nolako Reala izango da?
Oraindik goiz da jakiteko. Baina nik uste dut Garitanok oso garbi dituela gauzak, eta Leganesen erakutsi zuela nolako taldeak gustatzen zaizkion: sendoak atzean eta zuzenak erasoan. Ziurrenik horiek izango dira gure ezaugarriak, betiere kontuan hartuta Reala ez dela Leganes eta jokalariak desberdinak garela. Gainera, uste dut bide eman nahi diola taldeak duen talentuari.
Prestakuntza guztia Zubietan egitea mesedegarria al da?
Ohikoena Austriara, Suitzara edo Alemaniara joatea da. Baina herrialde horietan eguraldia hemengoaren oso antzekoa da. Hemen, alde horretatik, oso gustura gaude, ez baitu bero handia egiten. Gainera, azpiegitura oso onak ditugu. Nik asko eskertzen dut gauean etxera joan eta familiarekin egotea, egun osoa hemen igaro arren. Azken batean, etxean lasai egoteko aukera daukagu. Niretzat, alde onak besterik ez ditu
Nola ikusten duzu Mikel Merino fitxaturiko jokalari berria?
Gaztea da, eta ilusio handiarekin ikusten zaio. Uste dut azkar egokituko dela taldera. Teknikoki asko eman digu. Gainera, gaztea izan arren, Alemaniako eta Ingalaterrako ligan hartu duen eskarmentua oso baliagarria izan daiteke taldearentzat. Zelai erdian lehiakortasun handiagoa egoten ere lagunduko du.
Monreal, Arnaiz, Edmilson Junior, Theo Hernandez.. Izen asko aipatu dira. Taldeak jokalari gehiago fitxatu behar dituela uste duzu?
Ia postu bakoitzean bi jokalari gaude, eta kasu batzuetan, hiru. Badago zurrumurrua jokalari gehiago fitxatuko direla. Baina, fitxatuko ez balira, uste dut gaudenok gaitasuna dugula maila onean lehiatzeko. Gainera, uste dut gazteei konfiantza eta aukera eman zaiela. Ez bazaie aukera ematen, ezingo dute ikasi eta duten maila erakutsi. Begira zer gertatu zen [Alvaro] Odriozolarekin. Uste dut talde ona dugula.
Nola eragingo dizue Odriozolak utzitako hutsuneak?
Alvarok oso joko dinamikoa eta zuzena egiteko aukera ematen zigun eskuin hegaletik. Oso ondo topatzen zituen zuloak. Eusebiok egiten zuen erasoko jokorako oso aproposa zen. Orain beste modu batera jokatuko dugu, eta ziur nago oso ondo moldatuko direla horretara bai Joseba [Zaldua], bai Aritz [Elustondo] eta bai Andoni [Gorosabel], eta haien ezaugarriak ere oso aproposak izango direla.
Xabi Prieto, Carlos Martinez eta Sergio Canales joanda, zu zara taldeko jokalaririk helduena. Zein da zure ardura aldagelan?
Eskarmentuak ardura batzuk hartzea eramaten zaitu, baina taldean besteak bezalakoa naiz. Gazteek badakite edozertarako hor nagoela. Taldekide batzuk baino hamar urte zaharragoa naiz, baina saiatzen naiz gertukoa izaten eta alde hori ez nabaritzen.
Nolakoa da taldea?
Oso batua. Hemen oso errotua dago kuadrillaren kontzeptua, eta taldea ere halakoa da. Jokalari gehienek beheko taldeetatik ezagutzen dute elkar, eta argi dute harrobiak zein garrantzia duen talde honetan. Uste dut pixkanaka belaunaldi aldaketa bat gertatzen ari dela, eta Zubeldia, Guridi, Illarra, Aritz, Kevin, Gorosabel eta antzeko jokalariek hartu behar dute orain taldearen zama.
Zer falta zaio Realari tituluen lehian sartzeko?
Denok irabazi nahi ditugu tituluak, baina zaila da. Azken urteei erreparatuz gero, eta Liga eta Espainiako Kopa kontuan hartuz gero, Bartzelona, Real Madril eta Atletico Madriletik harago, inork ez du titulurik irabazi. Beste koska bat gorago daude. Nik uste dut errazagoa dela Europan titulu bat irabaztea. Guk geure buruarekin zorrotzagoak izan behar dugu egunero, eta gero eta lehiakorragoak. Etxean indartsuak izan behar dugu. Gainera, ezin ditugu izan iragan sasoian eduki genituen gorabeherak. Hori lortuz gero, uste dute lehen zortzien artean egongo garela ligan eta gai izango garela Espainiako Kopan ondo lehiatzeko.
Helburuak Europarako sailkatzea izan behar du?
Aurreikuspenak egitea alferrik da. Zortzigarren postutik gertu egotea ondo legoke, horrek esan go bailuke Europatik gertu egongo ginatekeela. Baina aurreko denboraldiaren ondoren, ezin dugu esan Europarako sailkatzea dela gure helburua. Izan ere, ez genuen lortu. Lortu zuten taldeek esan dezakete hori. Guk pixkanaka joan behar dugu, partida bakoitzean ondo lehiatuz eta urrutirago begiratu gabe.
Ligako Lehen hiru partidak etxetik kanpo jokatuko dituzue. Zuk baduzu esperientzia horretan. Nola heldu horri?
Bai, aurreko sasoian izan zen, Atleticoren zelai berria ez zegoelako prest. Denboraldi-aurrean hori oso presente eduki genuen, eta hasiera horretara sasoi betean iritsi behar genuela. Helburu bat jarri genion geure buruari: bederatzi puntutatik zazpi lortzea. Ezinbesteko iruditu zitzaigun helburu handi bat jartzea. Kasu honetan, uste dut garrantzitsuena puntuak batzea dela, eta gutxienez heren batetik gora lortzea: hiru edo gehiago. Astelehenean aterako da egutegia. Orduan jakingo dugu zein izango diren gure aurkariak, eta hasiko gara horretan pentsatzen.
Nola eragingo dio taldeari Anoeta berrituan jokatzeak?
Nik uste dut mesede egingo digula. Zaleak gertuago izango ditugu, eta aurkariek presio handiagoa nabarituko dute... Atezainok asko sumatzen dugu hori etxetik kanpoko partidetan. Ez du zer ikusirik atletismo pistak dituen zelai batean jokatzea, edo Sanchez Pizjuanen, San Mamesen eta Butarquen egitea. Azken horietan presioa nabaritzen duzu, eta ez zaude horren lasai.
Zer moduz Donostian?
Oso lasai eta gustura. Donostiak antz handia du nire jaioterriarekin, Mallorcarekin. Euria eginda ere, ederra da Donostia. Jendea oso lasaia eta abegitsua da, janaria oso goxoa... Ez dut kexarik. Emaztea eta seme-alabak oraintxe etorri dira hona bizitzera, aurreko sasoian ez baitziren etorri, umeak ikasturte erdian zeudelako. Aurreko sasoian gogorrena hori izan zen. Astean behin baino ez nituen ikusten. Egun librea aprobetxatzen nuen haiek bisitatzera joateko.
Asier Riesgo joan zenetik, Realean ez da izan harrobiko atezain bat titular. Zergatik uste duzu?
Uste dut gauzak ondo ari direla egiten harrobian. Kritikak egin zaizkio lan horri, baina nik uste dut gehiago dela garai eta apustu kontua. Niri, adibidez, Mallorcan aukera etorri zitzaidan Leo Franco Atletico Madrilera joan zelako. Joan izan ez balitz, beharbada ez nuen aukera izango. Jokalari gutxi dira gora iristeko aukera dugunak. Ni Mallorcan jokatzen hasi nintzen garaitik hiruk baino ez dugu lortu Lehen Mailara iristea: Sergi Enrichek, Ivan Ramisek eta nik.