gizartea
GIZARTEAK BERE BIDEA NOIZ EGINGO
Jon Ordoñez Garmendia
Haurrek ez dute esaten trans direnik. Haurrek mutila edo neska diren esaten dute.
IBANE IMAZ: Ni ez naiz kontsideratzen transexuala. Trantsitu bat egin dut, ni naizen hori izateko. Baina ni emakume bat naiz, beste edozein bezala. Ez dut arazorik transexuala naizela esatearekin, baina nik ez dut inoiz esango.
GERMAN URTEAGA: Ni bai, ni trans kontsideratzen naiz, ez naiz mutil zisgenero bat. Mutil bat naiz, eta mutil izateko modu desberdinak daude. Genital femeninoak dituen mutil bat naiz, eta gustura nago nire genitalekin. Garrantzitsua da jendeak jakitea aniztasun hori badagoela.
Zein da zuen identitateari buruz daukazuen lehen oroitzapena?
I. I.: Ni beti izan naiz emakume bat. 2 urterekin zapata takoidunak eramaten nituen eskuetan. Beti sentitu naiz emakume, ez dut zalantzarik izan. Beti nahi izan dut operatu, ni naizen hori izateko.
G.U.: Jaio aurretik jada ni mutila nintzela uste zuten nire gurasoek. Jaio nintzenean ikusi zuten nire genitalak ez zirela maskulinoak, eta uste izan zuten neska bat nintzela. 3 edo 4 urterekin, mutil izango nintzen galdetu zidan neska batek, eta baietz esan nuen. Haren erreakzioa ikusita, ordea, txantxa bat zela esan nuen gero. 7 edo 8 urterekin, Athleticeko emakumeen futbol partida bat ikusten ari nintzela, amari galdetu nion ea niri titiak haziko zitzaizkidan, eta baietz erantzun zidan. Sentsazio hura dut gogoan: nire buruan ez zen horrelakorik sartzen, gustura nengoen nire gorputzarekin. Niretzat gorputza garatzea oso desatsegina izan zen, batez ere titiak haztea. Hilerokoa jaistea ere bai. Neskak gustatzen zaizkidala jabetu ondoren, lesbiana edo transexuala ote nintzen ere galdetu nion neure buruari. Lesbiana izate hutsak beldurra ematen zidan. Transexuala izateak, ikara ez, hurrena. Nire genitalekin gustura nagoela jabetu nintzenean lasaitua hartu nuen.
I. I.: Nik ez dut horretan pentsatu.
G.U.: Orain bi urte, lagun baten etxean nengoela galdetu zidan: «Noizbait pentsatu duzu trans ote zaren? Nik ikusten zaitut». Eta nik erantzun nion ni haurra nintzela genitalengatik zer izan behar nuen esan izan ez balidate eta aukera guztiak aurrean jarriz gero banekiela zer bide aukeratuko nukeen, eta ez zela egin dudana. Eta esan zidan: «Ez bada hau zuk aukeratuko zenukeen bidea, zer bide egin duzu?». Eta klik egin zuen nire buruak.
Oso desberdinak dira zuen istorioak. Zuk, Ibane, argi izan duzu zure identitatea. Zuk, German, aurkitu egin behar izan duzu.
G.U.: Ni beti izan naiz mutila, baina, ez badakizu zaren horrek zer izen duen, oso zaila da identifikatzea. Nik banekien izan nintekeela sexu femeninoa duen mutil bat, baina uste nuen disforia izan behar nuela. Disforia gabe mutila izan zaitezkeela jakiteak dena aldatzen du.
I. I.: Nik betidanik nahi izan dut aurrean daukazun emakumea izan. Beti nahi izan dut bagina eduki. Titiak ez izatea ez zitzaidan axola, baina bagina bat eduki nahi nuen. Eta ez naiz batere damutzen, nahiz eta oso gaizki pasatu nuen. Gizartea ez da batere ondo portatu nirekin. Asko sufritu dut. Borroka asko egin behar izan dut, eta borrokan jarraitzen dut; naizen emakume hori naizela esan beharra daukat oraindik.
Zerk eragin dizu sufrimendua?
I. I.: Ni jo egin naute etxerako bidean, iraindu egin naute, txistua bota, denetarik egin didate Beasainen, 13 eta 14 urte nituenean. Ni isildu egiten nintzen. Autoestimurik ez nuen, hauskorra nintzen, ez nintzen ausartzen ama gabe ezer egitera. Nire irudia, gainera, oso muturrekoa zen orduan, munduari esan nahi bainion oso emakumea nintzela, eta 16 urte nituenean jendea ez zegoen hain irekita. Gero, aldatzen hasi nintzenean, nire nortasuna indartzen hasi nintzen, hobeto sentitzen. 15 urterekin, kanpora joaten hasi nintzen; gaueko giroan ibiltzen hasi nintzen, Madrilen, Eivissan... eta, giro hori irekiagoa denez, pluralagoa, han onartu ninduten nintzen bezala. Orain Beasainen ere onartzen naute, baina gaztaroan ez. Eta ez naute soilik ni epaitu, baita ama eta ahizpa ere: «Begira hori, nola uzten dion semeari horrela janzten...».
G.U.: Nik ez dut arazorik izan gizartearekin. 21 urterekin klik hura izan nuenetik ez dut sekula izan beldurrik. Urteetan autoezagutza prozesu batean egon naiz, eta hori oinarrizkoa da. Argi izan dut aurrera egin behar nuela eta maite nauenak onartuko nauela.
I. I.: Aurten bertan, Beasaingo jaietan, lagunekin nindoan paseatzen, eta mutil batek neska bati esan zion: «Ikusten duzu hori? Ba, mutil bat da». Nire herrian ukatu egin naute, eta beti izan dut herriarekiko zera hori. Asko kostatzen zait, adibidez, euskaldunekin irekitzea. Ijitoen artean, berriz, oso ondo hartu naute. Niri ijito batek sekula ez dit marikoia esan, inoiz ez. Ni ijitoa naiz, oso ijitoa sentitzen naiz, eta beti onartu naute beste baten moduan. Niri ijito gizonezko batek esan dit «begira zer polita dagoen Ibane», baina euskaldun batek, sekula ez. Agian pentsatu du, baina ez du esan, beste batek erantzungo diolako: «Lehen, gizon bat zen». Lagun asko ditut euskaldunak, baina pasatu dudan guztia hor dago.
Zu ere euskalduna zara.
I. I.: Ni euskalduna naiz, baina nire ingurua erdalduna da. Ni asko ibiltzen naiz emakume ijitoekin, beltzekin, musulmanekin, errumaniarrekin... Kosta egiten zait, ordea, euskal kulturan integratzea. Lehen aipatu dizkizudan gauzak beti gertatzen zaizkit ahizparekin Arranora edo euskal giroko tabernetara joaten naizenean. Amorratu egiten nau horrek. Naizen bezalakoa izateko borroka asko egin behar izan dut.
G.U.: Ikaragarria da Beasainen hori gertatzea.
I. I.: Badago asko babesten nauen jendea ere. Nire ahizparen lagunak oso irekiak dira. Ez dut jende guztia zaku berean sartuko. Orain gazteria aldatu da, eta gizartea kontzientziatuago dago.
G.U.: Desberdina da, gainera, mutil trans bat izatea edo neska trans bat. Mutilok transfobia jasaten dugu, baina neskek, transfobia eta matxismoa. Eta, beltza bazara, baita arrazakeria ere.
I. I.: Eskolan, futbolean ari den neska bat oso onartua da, baina panpinekin jolasten den mutiko bat, ezpainak margotzen dituena edo gona bat janzten duena marikoia da zuzenean.
Eskola garaia nolakoa izan zen?
I.I.: Oso gaizki pasatu nuen. Emakume jantzita joaten nintzen, eta irakasleak esaten zidan ezin nintzela joan horrela. Nik nahi nuena egiten nuen, top bat jantzita joaten nintzen, baina denen aurrean aldarazten zidaten. Emakumezkoen aldageletan ere ez zidaten sartzen uzten. Eurentzat mutil bat nintzen. Gabon eskean ere oso gaizki pasatzen nuen: mutil jantzia janzten zidaten, eta nik bertsotan mutikoekin batera kantatu behar izaten nuen... Irakasle oso onak ere izan ditut, eta batzuk oso ondo portatu dira nirekin. Lourdes Segurola, adibidez. Baina eskolan oso gaizki pasatu dut. Haurtzarorik ez dut izan, lapurtu egin zidaten.
Barkamena eskatu dizu inork?
I. I.: Pare bat pertsonak.
Gauzak aldatuz doazela diozu, baina aurten, Ondarroan, bere buruaz beste egin du mutil transexual batek.
G.U.: Gauzak aldatzen ari dira, baina gizartea transfoboa da, eta behartuta zaude indartsua izatera. Transfobiarik ez balego, ez genuke indartsuak izan behar beti. Ni, zorionez, orain konturatu naiz zer naizen. 15 urterekin jakin izan banu, ez dakit zer gertatuko zen.
Trantsitua adin oso ezberdinetan hasi zenuten.
G.U.: Ni harro nago 21 urtez gizartearentzat rol femenino batean bizi izanaz. Hori gabe ni ez nintzateke naizen pertsona izango, eta hori ez nuke aldatuko. Amak esan izan dit inoiz genital maskulinoekin jaio izan banintz errazagoa izango zela dena niretzat. Baina ez. Ni gustura nago nire genitalekin. Gizarteak emakume bezala ikusi izan nauenez, gainera, matxismoa jasan dut: ipurdia ukitu didate, beldurra sentitu dut etxerako bidean... Mutil transak posizio aberasgarri batean gaude, eta maskulinitate hegemonikoa deseraikitzeko eta emakumeak ahalduntzeko erabili behar dugu hori. Mutil ikusten zaituztenean gauzak aldatu egiten dira.
I. I.: Nik ere galdetu diot neure buruari berriro jaiotzekotan eta aukera izatekotan genital femeninoak nahiko nituzkeen. 14 urterekin ez, baina orain, agian, erabakiko nuke jaio naizen bezala jaiotzea. Harro nago naizena izateaz eta egin dudana egin izanaz.
Trantsituan zer izan da zuentzat erabakigarriagoa?
I. I.: Niretzat, ebakuntza. Bainuontzian bakarrik nagoenean, ikusten dut nire bagina, eta asebeteta sentitzen naiz. Operatu ondoren nire gorputza ikustea ez zen sorpresa bat izan; betidanik eduki izan banu bezala sentitu nintzen.
G.U.: Niri mastektomiarekin berdin gertatu zait. Ispiluan begiratu, eta «ze ondo» pentsatu nuen, baina lehendik ere horrela ikusten nuen neure burua. Ebakuntza behar nuen zerbait zen. Horrek ez du esan nahi denek behar dutenik; nik disforia nuen nire bularrarekin. Trans izateko modu asko daude. Horregatik ez dago ondo psikologo-psikiatraren txostena behar izatea ebakuntza bat egiteko, eta hortik pasatu behar izatea.
I. I.: Baina txosten hori gabe, nola aldatu, German, besterik gabe?
G.U.: Nik psikologia maite dut, psikologoa naiz, ez dut mundua psikologia gabe ulertzen, eta uste dut terapia nahi duenarentzat aukera bat izan beharko lukeela. Ez zait iruditzen normala trans garenok prozesu bat egin behar izatea kanpoko batek zer garen erabaki dezan arau batzuen arabera.
I.I.: Bai, arrazoia duzu, ni arau horretan sartzen nintzen, baina bestelako pertsonak ere badaude, noski.
G.U.: Ni ere arauen barruan sartu naiz, baina oso garbi hitz egin nuen: «Ni hau naiz, paper bat behar dut, eta zuk ez didazu esango ni nor naizen». Orientazio sexualaz galdetu zidaten, eta noski, neskak gustatzen zaizkidanez, arauaren barruan sartzen nintzen. Baina zer zerikusi du, ba, identitate sexualak orientazio sexualarekin? Eta, mutilak gustatuko balitzaizkit, ez zidaten papera sinatuko? Nik sare pribatuan egin dut dena, Bartzelonan, eta nik hori aholkatuko nuke; ez dut inolako arazorik izan.
I.I.: Nik Malagan egin nuen ebakuntza, Andaluziako osasun sisteman, eta arazorik ez nuen izan. Oso eskertuta nago Andaluziari. Baina gogorra izan zen: urtebetez hilero joan behar izaten nuen hara, sexua aldatzeko beharrezkoak ziren paperak lortzeko. Bilbon ez zegoen orduan unitaterik.
Bertsoak gustatzen al zaizkizu, Ibane?
I.I.: Kar, kar, kar! Gustatu, gustatu... Niri kaleko rapa gustatzen zait, eta gustatzen zait momentuko bat-batekotasuna. Baina bertsoen erritmoa... ez. Ni oso flamenkoa naiz. Baina arte gisara asko apreziatzen dut, eta balio behar da bertsotan egiteko.
G.U.: Antzekotasun handiak dituzte bertsolaritzak eta rapak, nahiz eta bertsoak metrika bat izan, eta rapak, ez.
I.I.: Niri bertso bat kantatu zenidan behin!
G.U.: Egia, trans zikloaren barruan antolatu genuen bertso saioan.
Trans zikloetan Beasainen nabarmena da bertsolaritzaren presentzia. Nola hartu dute bertso munduan zure trantsitua, German?
G.U.: Oso babestua sentitu naiz esparru guztietan, eta bertsoarenean ere bai. Ez dut beldurrik izan. Bertsolaritza aldatzen ari da, eta hartzen ari den norabidea izugarri gustatzen zait. Emakume bertsolariek lan handia egin dute, bertsolaritzaren mundua geroz eta pluralagoa da, eta bertsolari mota gehiago egongo dira.
Entzun zenuten Euskal Herriko Txapelketan Irunen kartzelakoan Maialen Lujanbiok kantatu zuen bertsoa?
G.U.: Bai, ni han nengoen. Jende guztia hunkitu zen, txaloka hasi zen, eta ni han nengoen esan zuena barneratu nahian.
I.I.: Nire amak hamaika aldiz jarri zidan bertso hori: «Begira, Ibane, zer esan duen!».
G.U.: Brutala izan zen, goitik behera. Lehen bertsoan jada nire Whatsappa sutan zegoen. Gero, idatzi egin nion Maialeni, eta eskertu egin nion egin zuena. Gainera, azaroaren 1a zen; nik hilabete eta erdi lehenago aldatu nuen izena. Une berezia zen hura niretzat.
Joan den astean, Arroabean (Zestoa,Gipuzkoa) kantatu zenuen zuk: «Izena desberdina dut / baina izana, berdina».
G.U.: Arroabea asko eman didan herri bat da; oso ondo tratatu naute. Niretzat oso herri garrantzitsua da; oso maitatua sentitu naiz, eta nik ere asko maite ditut. Nire klik hura hor izan zen, herri horretako lagun batekin, herri horretako festetan. Eta han kantatu dut mastektomia egin ondoren lehen aldiz. Saio oso berezia izan zen niretzat, eta aspaldiko partez bertsotan gozatu nuen. Egun magikoa izan zen.
Izena aldatzea garrantzitsua izan da zuentzat?
I.I.: Niretzat, bai. Egin ditudan aldaketa guztiak niretzat garrantzitsuak direlako egin ditut.
G.U.: Niretzat ere garrantzitsua izan zen. Identitateaz ari gara, eta izena hautatzeak zenbait buruhauste eman zizkidan. Hilabete aritu nintzen iaz abuztuan hausnarrean, eta, azkenean, aurkitu nuen nire izena zen hori. Badakit ez naizela sekula damutuko.
I.I.: Niri ez zait gustatzen Ibane. Aldaketa txiki bat eginda jendearentzat errazagoa zelako aukeratu nuen. Ez nuen egin niregatik, baina horrela geratuko naiz.
Zergatik da zuretzat garrantzitsua irudia?
I.I.: Nire iruditik bizi izan naizelako; dantzaria eta modeloa izan naiz, eta mundu horretan zer transmititzen duzun da garrantzitsua. Uste dut, hala ere, garrantzi gehiegi ematen diodala. Oso azalekoa da irudiaren kontua, mundu horretan ez daukazu sentimendurik. Horregatik utzi nuen duela urtebete, beste gauza batzuen artean. Nik badut azaleko puntu hori, baina, aldi berean, oso zoriontsua naiz ijitoekin kanpatuz, motots batekin, umeekin, errekan. Oso gertukoa naiz, etxezalea. Eta mundu horretan hotza sentitzen nuen.
Feminismotik emakumeen zenbait estereotipo kritikatzen dira, horiek erreproduzitzeak binarismoa indartzen duela esanez.
G.U.: Garrantzitsuena norbera den bezalakoa izatea da. Emakumea bazara eta femeninoa bazara, ez daukazu beste modu batekoa izan beharrik. Emakumea bazara eta maskulinoa bazara, halakoa zara. Ez dezagun pentsatu txarra denik emakumea eta femeninoa izatea edo gizona eta maskulinoa.
I.I.: Niretzat garrantzitsua da norbera den bezalakoa izatea. Jende asko dago ez dena den bezalakoa, eta hori tristea da, ez direlako inoiz izango zoriontsu.
G.U.: Gizarteak genital femeninoekin jaiotzen bazara behartuko zaitu femeninoa izatera, hortik dator kritika. Egiten duzuna zuregatik egin behar duzu. Ni entrenatzaile pertsonal batekin ari naiz nik nahi dudalako. Mastektomia egin dut nahi dudalako. Horrela janzten naiz nahi dudalako.
Zu ez zara hormonatzen.
G.U.: Oraingoz, ez. Aldaketa batzuk nahi ditut, adibidez bizar pixka bat ateratzea, baina hormonarik hartu gabe aldatzen saiatzen ari naiz, pazientziarekin. Badakit testosterona asko dudala, eta hormonak hor egongo dira gero ere.
Ebakuntzak nola gogoratzen dituzue?
I.I.: Oso gogorrak. Nik hiru egin ditut: lehenengo, baginoplastia egin nuen; gero, bularra; eta, hirugarrenean, baginan ukitu bat egin nuen. Lehenengoa izan zen gogorrena. Bi astez egon nintzen ohetik mugitu ezinik, bizkarrean mina nuen, antsietatea nuen... odol asko bota nuen, eta ezin nuen jan ezin nuelako kaka egin. 400 puntu eman zizkidaten baginan. 49 kilotan geratu nintzen, eta aulki gurpildunean atera nintzen ospitaletik. Baina ez naiz damutzen.
G.U.: Niretzat oso berezia izan zen ebakuntzaren eguna. Oso gustura nago emaitzarekin. Gogorrena lehen gaua izan zen. Lagun bat zegoen nirekin, nire anaiatzat dudana, eta eskerrak eskua hartu eta laztantzen ninduen.
I.I.: Ni Malagatik autoan etorri nintzen operatu eta bi astera. Hamalau orduko bidaia izan zen, eta autotik jaitsi ere ez nintzen egin. Gero, etxean erizainak sendatzera etorri, begiratu, eta nondik hasi ere ez zekiten; izututa geratzen ziren. Hemen ez zeuden prestatuta horrelakoetarako. Denek ikusi nahi zuten, denek zuten ikusmina. Oraindik ere askok ikusmina dute, eta lagun batzuek eskatzen didate erakusteko. «Hara! Ez da nabaritzen eta!», esaten didate.
Kiroldegira joan behar baduzue, aldagelak prestatuta daude?
G.U.: Ni ez naiz joaten. Donostiara joaten naiz entrenatzaile pertsonalarengana, baina, joan behar banu, ez nintzateke dutxatuko han; etxean egingo nuke. Sexu femeninoa duen mutil bat naiz. Emakumeen dutxan ez nintzateke sartuko, eta gizonezkoenean ez nintzateke arriskatuko, garbi izan arren hor sartu beharko nukeela.
I.I.: Niri ez zait gustatzen jendearen aurrean dutxatzea. Emakumezkoenean sartu naiz beti, baina zakila nuenean dutxa indibidualean dutxatzen nintzen.
G.U.: Trans jendearentzat leku deserosoak dira aldagelak eta komunak. Transfobia gehien dagoen tokietako bat da. Eta ez da hain zaila hori konpontzea: aldagela eta komun komunak jarri behar dira, ateetako ikurrak kendu eta barruan dutxa eta komun indibidualak jarri. Generoa ez da binarioa, eta, bi ate bakarrik uzten badira, non sartzen dira besteak?
I.I.: Baina nik asko bereizten ditut horretan gizon bat eta emakume bat. Sartzen banaiz komun batera eta gizon bat zutik pixa egiten ari bada, deseroso sentitzen naiz.
G.U.: Eta baldin bada emakume bat zakilarekin? Beti esan zaigu hau horrela eta horrela egin behar da, baina abaniko zabal bat dago. Egon daiteke emakumeen komunean emakume bat bizarrarekin eta zakilarekin, eta emakume bat da. Baina, zutikako pixatokiak kendu behar badira, hori bada arazoa, kendu eta kito, ez da ezer pasatzen. Absurdoa da gizon eta emakume kategoriak egotea.
Zuentzat amaitu da trantsitua?
I.I.: Niretzat, bai.
G.U.: Ufa... Ez dakit. Ebakuntzatik errekuperatzen ari naiz, eta ez dut horretan pentsatzen. Oraingoz, gustura nago nagoen bezala, eta ez dakit hormonatuko naizen edo ez. Bizitzan momentuan sentitzen duzuna egin behar duzu.
I.I.: Hori da, zeure buruarekin gustura sentitu behar duzu une oro.
Ibane, zergatik erabaki duzu publikoki agertzea orain?
I.I.: Neuri buruarekin oso ondo sentitzen naizelako. Lehen ere ondo sentitzen nintzen, baina banuen zerbait, adibidez, ama biologikoa izateko ezintasuna; hori eramatea kosta egiten zait. Baina orain emakumeagoa naiz, helduagoa, eta berdin dit aurpegia eman eta batzuei gaizki iruditzea.
German, zuk pentsatu duzu haurdun geratzea?
G.U.: Bai. Garrantzitsua da jendeak hori jakitea, mutiko bat haurdun gera daitekeela eta erditu daitekeela. Eta zakila duen emakume baten umearen esperoan egon daiteke haurdun, gainera. Nik neuk aita izan nahi dut, baina ez dut neure burua haurdun ikusten.
Gizarteak ere trantsitatu behar du. Non ikusten duzue?
I.I.: 0tik 10era, 4an. Onartuta sentitzen naiz, baina kosta egiten da.
G.U.: Goierriko Zubiak [Goierriko LGTBI+ kolektiboa] asko egin du Goierrin hau guztia ikusarazten, eta inguruko eskualdeetatik ere begiratzen gaituzte. Asko egin da, baina asko dago egiteko. Hemen, T horren barruan badirudi transexualitatea soilik dagoela, baina ez da horrela. T hori ikusezin bihurtua dago, baina horren barruan badaude transexualek baino ikusgarritasun gutxiago dutenak ere.