mundua
RODRIGO LONDOñO, 'TIMOCHENKO'
«Bakeak ez du atzera egingo»
Orsola Casagrande. Jose Miguel Arrugaeta
Berriki, Ivan Duque uribistak irabazi ditu Kolonbiako presidentetzarako hauteskundeak, eta ez du oso iritzi lasaigarririk eman bake akordioei buruz. Zenbateraino uste duzu iraul ditzakeela Duquek Habanako akordio horiek?
Habanako Akordioak horixe dira: borondate akordio batzuk, bi sinatzaileei betebehar batzuk ezartzen dizkietenak. Ivan Duqueren Zentro Demokratikoa alderdiaren bereizgarrietako bat izan da, ordea, politika nabarmena egin duela gure herrialdean konponbide baketsuak lortzearen kontra eta adiskidetzearen kontra, eta, orain, berriro presidentetzara iritsita, ahalegina egingo du bere helburuak aldebakarrez lortzeko. Baina oso zaila izango zaio hori. Herrialdea aldatu egin da: jadanik ez da Uriberen gobernuaren lehen urteetan zen herrialde hura. Arau konstituzionalen bidez blindatuta daude Habanako Akordioak, eta nazioartean aitortuta daude. Kolonbiar asko eta asko prest daude akordio horiek kalean defendatzeko. Hitzarmen haiek egin zirenean, klase borroka ez zen eten; besterik gabe, beste molde bat hartu zuen.
Duela gutxi, aldaketa batzuk egin dira Bakerako Jurisdikzio Bereziaren legedian, eta hotsa dabil sakoneko aldaketa gehiago egingo zaizkiola. Nola lortu jurisdikzio hori ez urardotzea?
Badirudi Kolonbiako eskuin muturrak kezka gailen bat daukala: bai herrialdeak eta bai munduak halako batean jakitea zer gertatu den mende erdi iraun duen gatazka honetan. Horregatik, krimen handietan nahasita dauden sektore zibilen jomuga nagusia Habanan hitzartu zen sistema integral hori da, egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermea jasotzen dituena eta Bakerako Jurisdikzio Berezia osagai funtsezko duena. Eginahalak egingo dituzte historian izan duten inpunitatea inola ere ahuldu ez dadin. Baina, lehen esan dudan bezala, herrialdea jada ez da lehen zen hura. Lilura uribistak indarra galdu du nabarmen, eta beste irizpide batzuk nagusituko dira azkenean.
Nazioarteko eragile ugarik babestu dituzte Habanako Akordioak. Zuen iritziz, zer eginkizun bete behar dute herrialde, pertsona ospetsu, bermatzaile eta bidaide horiek guztiek hitzartutakoa bete dadin?
Itxura txarra emango genuke nazioarteko komunitateari zer bidetatik jo behar duen aginduko bagenio. Komunitate hori -Europako Batasuna, kontinente zaharreko hainbat gobernu, Nazio Batuak eta abar- oso garrantzitsua izan zen Bake Akordioak guztiz zehazteko orduan. Nazioarteak dezente estutu zuen Santosen gobernua, hitzartutakoa azkarrago eta sakonago betetzeko. Gure ustez, Duquek presio handiagoa izango du; bere alderdiko sektore bat, erradikalena, bultzaka ari zaio Habanan itundua inolako lotsarik gabe bete gabe uzteko, baita hitzartutakoa aldebakarrez aldatzeko ere. Azkenerako, nazioarteko hainbat mekanismok zeregin bat beteko dute: seguru gaude horretaz. FARCekook hitza betez komunitatean lortzen ari garen sinesgarritasunak edozein gobernu tranpatiren kontra balioko du azkenean.
Zer iruditu zaizue hauteskunde esparru politikoan alderdi gisa izan duzuen lehen esperientzia hau? Nola ari zarete antolatzen lana gizartean?
Indar berri bat gara, eta gure izena belztu eta zikintzeko sekulako kanpaina baten ondoren iritsi gara hauteskundeen jokalekura. Hedabide handiak interes ekonomiko boteretsuen mende daude, eta urteak eman dituzte gure kontra lerratuta; horrek eragin handia du jendearen pentsamoldean. Habanan hitzartutako hauteskunde erreforma ez zen egin azkenean, eta sabotaje ofizial ugari egin zizkiguten: adibidez, kanpainarako baliabideak atxiki zizkigutenean. Kongresurako gure hautagaiek zenbait aulki lortu zituzten, behar adina boto eskuratu zein ez, eta, horren eraginez, jendeak beste aukera batzuen alde egin zuen, praktikotasunez. Horrez gainera, kontuan hartu behar da ez dugula eskarmenturik, eta bat-batean gertatzen diren kontuek inprobisatzera behartzen gaituztela. Hala eta guztiz ere, dezenteko babesa eman ziguten; militante bakoitzeko bost boto emaile izan ziren gutxienez. Hasi berri gara. Baina begira zer emaitza izan diren presidentetzarako hauteskundeetan; Gustavo Petrori bakearen aldeko jendeak eman dio botoa, Habanako Akordioak ezartzearen aldekoak, eraldaketa handiak egitearen aldekoak. Mugimendu izugarri zabala da, eta hazten ari da.
Zer deritzozue presidentetzarako ezkerreko hautagai Gustavo Petrok zortzi milioi boto baino gehiago lortu izanari?
Halaxe erantzun du Kolonbiako gizarteak, presidentetzarako hauteskundeetan hainbeste eta hainbeste boto emanez Gustavo Petrori. Bakearen eta hitzartutakoa betetzearen aldeko boto kontzienteak dira horiek; Duquek, kontrara, gezurrez eta engainuz jositako kanpaina baten ondorioz lortu ditu botoak. Ez dakit zenbateraino den onargarria bereiztea Kolonbiako gizartea eta Petroren alde bozkatu zuen ezkerra. Nire ustez, ezkerrak betiko publikotik harago iristea lortu du aurreneko aldiz, eta konforme ez dauden eta aldaketa bat nahi duten kolonbiar askorengana heldu da.
Seinale txarrak al dira FARCeko buruzagi Jesus Santrichen aurka abian jarritako prozesu judiziala eta bestelako ekintza batzuk, hala nola Trebatzeko eta Gizarteratzeko Lurralde Espazio batzuk bertan behera uzteko mehatxua?
Jar gaitezke elementu negatiboei begira, eta ezkortasunik ospelenean murgildu. Baina errepara diezaiokegu, orobat, zenbat aurreratu den gure herrialdeko konformatu nahi ezaren kontzientzian, antolakuntzan eta mobilizazioan. Historian lehen aldiz, eskuinaren, militarismoaren eta ustelkeriaren indarrek fronte bakar bat eratu behar izan zuten, sektore progresistak, demokratikoak eta iraultzaileak gailendu ez zitezen. Horrek esan nahi du jendeak itxaropen handia duela gauzak aldatzeko. Espero izatekoa da oztopoak eta tranpak gainditu behar izatea; izan ere, betidanik traidorea izan da borrokatzen ari garen oligarkia hori. Iraultzaile batek beti hartu behar ditu arrisku batzuk, eta arrisku horiek gainditzeko prestatu eta antolatu behar du. Hori da kontua, eta horretan gabiltza.
Eskuindarrak bai eskualdeetan eta bai herrialdean aurrera egiten ari diren honetan, ez dirudi itxaropen handirik izan daitekeenik ELN Nazioa Askatzeko Armadarekiko negoziazioekin. Uste duzu badela aukerarik bakea benetako eta behin betiko prozesu bat izan dadin Kolonbiako gizartearentzat, Habanako Akordioetan planteatu zen bezala?
Bakea lortzea, kolonbiarren konfrontazio armatua amaitzea, helburu hori bizirik dago herritar gehien-gehienen barrenean. Eskuinak aurkaria umiliatu nahi du: azpiratu eta zigor zentzagarri bat ezarri, eskarnio egin, eta gertatu den guztiaren erantzule bakarra izatea egotzi. Horixe da ezberdintasun nagusia. Kolonbiarrok eginkizun historiko bat dugu: benetan zer gertatu zen eta zer gertatzen den jakitea. Prozesu luze bat da, zenbait etapa oso garrantzitsu izan dituena, hala nola FARCekin Habanan egindako akordioak. ELNk bere bidea aurkitu nahi du, eta garrantzitsua da borrokaren erronka berriei kemenez erantzutea. Gure ustez, bakeak ez du atzera egingo, eta Kolonbiak gainditu egingo du indarkeriaren aroa azkenean.