astekaria 2018/07/20
arrowItzuli

kirola

ALATZNE ETXABURUA

«Txapela irabazteak asko gozatu du nire agurra»

Iñaki Odriozola

«Txapela irabazteak asko gozatu du nire agurra»

Segan Euskal Herriko lehen txapelduna izan zenak igandean jantzi zuen bere azken txapela. Alatzne Etxaburuak (Tolosa, Gipuzkoa, 1978) erretiroa hartu bai, baina ez ditu herri kirolak erabat baztertu. Igor Esnaola segalariari —bere «aingeru guardakoa» izan denari— laguntzen jarraituko du, Villabonako zelaian.

Euskal Herriko Sega Txapelketa irabazi berri duzu. Nondik dator erretiroa hartzeko asmoa?

Gorputzak bale esan du. Gerriko lesio batek balio izan dit aitzakiatzat. 40 urte ere baditut. Horrez gain, prestaketa lanari ematen diodan garrantziak obligazio puntu bat ere sortzen dit. Seme-alabek ere 10 urte badituzte; bateko lasterketa, besteko partida. Horrek ere eragina du.

Bukaerak zer izan du gehiago: gazitik edo gozotik?

Bietatik; baina uste baino gozoagoa izan da. Gorputzak ez zidan utzi txapelketa nahi bezala prestatzen, eta zalantza handiak nituen. Txapela irabazita, oso bukaera gozoa eman diot.

Erretiroa hartu duzu, baina herri kirolen ingurua jarraituko duzu, ezta?

Bai, saltsan jarraituko dut ahal den neurrian. Zerbait gustukoa duzunean, behar izaten da. Orain besteei laguntzea tokatzen zait.

Zuk esana da kalekumea zarela. Zerk eraman zintuen sega probatzera?

Zizurkilgo festetan hasi zen dena. Orain 10-11 urte Zizurkilera etorri ginen bizitzera. Orduan, herrian, Naroa Geresta aritzen zen segan, eta hark bultzatu ninduen probatzera. Herriko festetan saioa egingo genuela esaten zidan. Nik, garai hartan, sega zer zen ere ez nekien ia, ez nola heltzen zitzaion ere. Festetako kontuarekin hasi nintzen probatzen, eta gustatu egin zitzaidan.

Segan, aizkoran eta trontzan moldatu izan zara bikain. Zein izan da gakoa?

Sekretua saiatzea da: ahalegina eta entrenamendua. Irati Astondoaren aurkako apustua prestatzeko hartu nuen aizkora lehen aldiz, eta asko entrenatu behar izan nuen. Ni beti joan izan naiz txapelketetara ongi prestatuta. Egia esan, ezin dut esan txapelketaren batera nahi bezala prestatu gabe joan naizenik.

Apustua aipatu duzu. Ofizialki jasota dagoen emakumezkoen lehen apustua jokatu zenuen Irati Astondoaren aurka. Segan hainbat txapel ere lortu dituzu. Zer duzu nahiago: txapelketa ala apustua?

Biak jarriz gero, ez dakit zer esan. Txapelketek xarma dute. Baina apustuetan buruz burukoa da lehia. Euskal Herrian, apustua hitz handia da. Jokatu nuen demaren esperientzia ikaragarria izan zen. Oroitzapen oso ona daukat, baina eguna iritsi bitarteko sei hilabeteetan makina bat aldiz pentsatu nuen zeinek esan ote zidan apustuari baietz esateko.

Herri kiroletatik bizitzerik ez dago, baina herri kirolentzat bizi izan al zara?

Bai, hala da. Denda batean egiten dut lan, goizez eta arratsaldez. Eguerdian edo gauean entrenatu behar nuen. Ezin esan egunero entrenatzen nintzenik, baina ia egunero bai.

Familia, lana eta kirola uztartzeko ba al dago sekreturik?

Sekretua? Aitona-amonak. Hori da sekreturik handiena. Nire gurasoekin batera bizi gara, eta umeekin eguneko 24 orduak egoten dira. Askatasun osoa eman didate lanerako, entrenatzeko, txapelketetarako, erakustaldietarako…

Jende gehiago ere izango zenuen inguruan, ezta?

Bai. Ikusten ez den jende asko dago. Luzeko sega txapelketa batean hamar laguneko taldea behar da. Asko dira. Igor Esnaolari ere asko zor diot. Nolabait esatearren, nire aingeru guardakoa da. Juantxo ere, zelaia uzten digun baserritarra, oso garrantzitsua da. Ez digu inoiz ezezkorik esan.

Orain txapelketarik gabe bizitzen asmatuko al duzu?

Lehen txirrindularitzan aritzen nintzen, eta 14 urte nituenetik lehian ibili naiz. Orain, nola bete egunak? Esaten dut lasai biziko naizela, udaz gozatuko dudala... Beti jarri izan dizkiot helburuak neure buruari; hutsune hori izango dut hemendik aurrera.

Hausnartzeko denbora gehiago izango duzu. Zeintzuk dira zure kirol ibilbidean iltzatuta gelditu zaizkizun momentuak?

Gipuzkoako Azkartasuneko Txapelketa bat dut gogoan. Aurkari Arrate Garin nuen, garai haietan nire erreferente zena. Arrateri irabaztea zen helburua, eta lortu egin nuen. Niretzat, hari irabaztea ikaragarria zen. Beste azkartasun proba batean, aldiz, segundo batengatik izan nintzen bigarren. Apustuaren aurretik entrenatzen pasatutako sei hilabeteak ere ez ditut ahaztuko. Ez azken asteko nerbioak, negargurak, botagurak ere.

Plazara atera arte.

Bai. Behin epaileek txistua jotzen dutenean ematen dut nirea.

Idoia Etxeberriak ere harri-jasotzea utzi du. Nolako etorkizuna du emakumeen herri kirolak?

Maila eta gogoa badaude. Harria altxatzen, adibidez, Karmele Gisasola hor dago, eta Udane Ostolaza ere bai. Oraindik ume bat da, baina itxura ona du. Segan, Alaitz Imaz eta Eli Txertudi ongi ikusten ditut. Irati Astondoa ere ezin ahaztu.

Datozen belaunaldientzat gomendioren bat emango zenuke?

Probatzeko. Sarri gutxietsi egiten dugu geure burua. Plazan ikusitakoa gustatu bai, baina ez gara saiatzera ausartzen.

BERRIAn argitaratua (2018/07/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA