astekaria 2015/12/21
arrowItzuli

iritzia

Marea morea

Iñaki Petxarroman

Marea morea Iñaki Petxarroman

Espainiako bozen emaitzek kolore bat nabarmendu dute Hego Euskal Herrian: Ahal Duguren morea. Espainiako lehiaren erreferentziak indar handia eman dio lau herrialdeetan, eta lehen indarra da Hego Euskal Herrian.

Espainiako hauteskundeak izanda, ohikoa izaten da egoitza nagusia Madrilen duten alderdiek emaitza onak izatea, eta oraingo honetan ere hala izan da. Kasu honetan Ahal Duguk jaso du sari nagusia. Eta kolperik handiena EH Bilduk hartu du horren trukean. Apustu arriskutsua zuen koalizio independentistak boz hauetan, Madrilen jokatzeak historikoki kontraesan politiko handiak sortu izan dizkiolako, eta oraingoan gaizki atera zaio apustu hori.

Abertzaleen artean EAJk eutsi dio hoberen apustuari, eta erakutsi du hauteskunde guztietan botoei erregularki eusten dion alderdi ia bakarra dela. Nabarmentzekoa da Nafarroan bai EH Bildu eta bai Geroa Bai ordezkaritzarik gabe geratu direla Kongresuan. Kalte handia egin die Ahal Duguren efektuak Nafarroako aldaketaren oinarri diren bi alderdi abertzaleei.

Eta, azkenik, joko nagusia Espainiakoa denez, aipagarria da gobernagarritasuna asko korapilatu dutela emaitzek, ez baitago gehiengoa berma dezakeen koalizio posiblerik. Horrek joko politikoa asko zabal dezake, baina kontuan edukita erreforma konstituzional baten kasuan, PPk eta PSOEk oraindik ere gehiengo erosoa izango dutela.

BERRIAn argitaratua (2015/12/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA