iritzia
Enpatia
Miren Amuriza
Bestela funtzionatuko genuke, beharbada, urtean horrelako egonaldi bat eginaraziko baligute; hasi baino lehen giltzak, mugikorra eta nork bere esparruan dituen abantailak entregatu beharko lituzkeen egonaldia. Bezero gogaikarriak, adibidez, tabernari lanetan arituko lirateke ordu txikiak arte eta udaltzainak kale kantoietan CDak saltzen. Beharginen segurtasuna bermatzen ez duten enpresariek beren seme-alabak bidali beharko lituzkete langileen postuak betetzera eta mediku elebakar gazteleradunak frantsesez komunikatu beharko lirateke beren doktoreekin. Osasun eta Hezkuntza Sailetako kargudunek oposizioetako gaitegia ikasi beharko lukete eta gurasoek umeen lekuan egon familia-bazkarietan (txokoan eta ahalik gutxien molestatzen).
Bestela funtzionatuko genuke, beharbada, lantzean horrelako egonaldi bat eginaraziko baligute. Edo, beharbada, ez: barnetegira deituriko abantailadunek berehala joko bailukete desobedientziara beren enpatia ariketa intsumisoen azalean jartzean datzala esanez.