iritzia
Ikasturteak utzi diguna
Jone Miren Hernandez
Bertsozaleok ikasturte bizia eta mamitsua izan dugu. Irailean bertan, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiari eman zitzaion hasiera. Amaiera Gabon bezperetan iritsi bazen ere, horren oihartzunak gaur arte dirau. Hain justu, ikasturte amaiera honetan, bi gogoeta gune ireki dira, ez berariaz kurtsoaren balantzea egiteko, baizik egindako ibilbidearen gainean hausnartu eta etorkizunera begiratzeko asmoz. Ariketa honek jada ausarta dirudi, orainaldia jaun eta jabe den (gizarte) honetan, biharkoari eta etorkizunari begira jartzea antzua kontsidera daitekeelako, edo garestiegia.
Horregatik nabarmentzekoa dirudite azken hilabeteotan bertsolaritzaren eremutik etorritako bi deialdi horiek. Batean, bertsozaleei egin zitzaien deialdia, azken hiru urteotan (2015-2018) bertsolaritzaren gainean egindako azterketa soziologikoaren emaitzen berri jasotzeko. Bestean, Iruñean, Bertsolaritza generoaren ikuspegitik izenburua zuen UEUko ikastaroan, zenbait hizlari bildu ziren kultur eremu horretan feminismoak egindako ekarpenez gogoetatzeko.
Momentua iristen denean bilkura horien emaitzak zabalduko direlakoan nago, baina, bitartean, ikasturte honetan ikasitako zenbait gauza azpimarratzekoak direla iruditzen zait.
Txapelketa aipatutako horren erakuslerik agerikoena bada ere, egitasmo horretaz gainera, maiz erakutsi izan du bertsolaritzak bere potentzialtasuna. Askotan aipatu da zer gaitasun duen sormenerako, antolaketarako eta mobilizaziorako. Gaitasun hori —eta beste elementu batzuk— kontuan harturik, ikerketa soziologikoaren egileek (Xabier Aierdi, Alfredo Retortillo eta Harkaitz Zubiri) bertsolaritzaren inguruan sortutako gizarte mugimenduaren garrantzia agerian uzten dute.
Horrek harreman zuzenean jartzen du arte adierazpen bat gizartearekin. John Foley irakasleak ondo zekien. Hori eta munduan horrelako kasu gutxi izateak. Hitza erdi-erdian jartzen duen adierazpen kultural-artistikoa da bertsolaritza. Hitzak gizartean eragiteko eta gizartea hunkitzeko duen botereaz sinesten duen adierazpen kultural-artistikoa litzateke bertsolaritza.
Eta ez edozein hitz, euskarazkoa baizik. Hitza eta euskara. Horiek ditu osagaiak, eta bere asmo nagusia da horiek bizirik irauteko behar diren baldintzak sortzea gertuko komunitatean, gizartean edo kulturan. Luze joko luke azaltzea arrazoiak, baina jada ezaguna da egun, hemen, hamaika faktore daudela hitza-euskara binomio edo bikote horren aurka. Eta, halere, ez dirudi beste irtenbiderik dagoenik. Bertsolaritzaren patua, gaur egun, argi dago: eraldatu bizirik irauteko. Eraldatu, bertsoak gizartean bere tokiari eusteko.
Kezkagarria da gazteek gero eta gutxiago erabiltzea hitza, zioen Ixiar Rozasek, egunkari honetarako egindako elkarrizketa batean (2014-12-31).
Ez da egoera berria. Errepikakorra suertatu da Euskal Herriko historian. Unean uneko aldeekin kezka bera zuten beste bi mugimendu kultural edo sozial etorri zaizkit burura. Batetik, Euskal Pizkundea (gutxi gorabehera 1876tik 1936ra arte iraun zuena). Bestetik, Idoia Fernandezek (1994) andereñoen mugimendua izendatu zuena, ikastolen sorrerarekin lotua (XX. mendearekin hasi eta 1975era arte iraun zuena).
Jakina da Euskal Pizkundean parte hartu zuten zenbait kidek ardura berezia erakutsi zutela bertsolaritzarekiko, eta, praktikan, bertso txapelketa modernoaren bultzatzaile gisa agertzen dira, besteak beste, Joseba Ariztimuño, Aitzol eta Manuel Lekuona. Beraiek argi ikusi zuten hitza-euskara binomioak, bertsoaren formatuan, herriarekin konektatzeko zuen gaitasuna. Eta horren alde egin zuten.
Bertsoak, bizitzeko eta bizirik irauteko, baldintza jakin batzuk behar ditu. Baina, hona hemen harrigarriena, bertsoak berak gaitasuna du beharrezkoa egiten zaizkion baldintza horiek sortzeko. Orain arte, behintzat. Zer gerta daiteke bertsolaritzarekin, hitzak eta euskarak (duen) zentralitatea (mugatua) galtzen badute gizartean? Edo, agertoki ez hain apokaliptikoan jarrita, zer gerta daiteke bertsolaritzarekin, hitzak eta euskarak zentro bakar batean egon beharrean, gune ezberdinetan sakabanatzen badira? Jokaleku horretan jartzen gaituzte jada ikerketa soziologikoaren egileek.
Esango nuke tradizioz bertso munduak eztabaida gozamenaren parte jo duela. Orain, bizirauteko ariketa bat bilakatuko delakoan nago.
Eztabaida horren muinean emakume bertsolariak daude. Iruñean egindako ikastaroak agerian uzten du hori. Bertsolari horiek azken urteotan egindako bideak, landutako estrategiek eta garatutako proposamenek, bere momentuan, hezkuntza (eta hizkuntza) eremuan eratutako andereñoen mugimendua ekar dezakete gogora.
Idoia Fernandezen ustez (1994: 161): Andereñoen artean sortu zen elkarlanari mugimendua deitzeari guztiz egoki deritzogu, zeren nortasun osoko jarduera izan zela uste baitugu, hau da, gizartean eta hezkuntza sistemaren barruan ezarrita zegoen eskola eredua errotik aldatzera abiatu baitziren eta eraldaketa horretarako tresnak sistematik at eta, batzuetan, horren indarraren kontra ere sortu eta finkatu baitziren.
Hauxe aurtengo bertsozaleentzako irakaspen bat: bertsoak bizirik irauteko behar duen gizarte aldaketak oraindik ere areago joan behar duela. Zimenduak ukitu ala ez? Erabaki potoloa dirudi, baina egoera ere horrelakoxea da. Badaude ikasturte berri bati hasiera emateko nahiko galdera.