astekaria 2018/07/20
arrowItzuli

politika

ARANTZA ALDEZABAL ETA ZESAR MARTINEZ

«Gu ez gara eskatzen ari legedian ez dagoen ezer»

Gotzon Hermosilla

«Gu ez gara eskatzen ari legedian ez dagoen ezer»

Arantza Aldezabal eta Zesar Martinez EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikerlariak dira, botanikakoa Aldezabal eta soziologiakoa Martinez, baina oraingoan ez dira elkartu unibertsitate kontuez berba egiteko. Haiek biek eta jardunbide, pentsamolde eta esparru askotako beste 40 bat lagunek Orain Presoak dinamika sortu dute, egoera politiko berrian presoen auzia konpondu behar dela eta horretarako herritar bakoitzaren ekarpena beharrezkoa dela sinetsita. Joan den ekainaren 2an egin zuten horren aurkezpena. Urriaren 20an manifestazioa antolatuko dute Bilbon.

Zer da Orain Presoak, eta zergatik erabaki duzue beste esparru batzuetan aritzen zareten lagunok orain dela urrats bat aurrera egiteko garaia?

ARANTZA ALDEZABAL: Dinamika honen bidez, gizarte zibila aktibatu nahi dugu, eta giza eskubideen aldeko aldarrikapena indartzera dator. Oso garai historiko berezian gaude, eta ezin dugu pasatzen utzi. Orain da momentua indar handiz eta gizarte mailan aldarrikapen hori egiteko.

ZESAR MARTINEZ: Helburua da gure herriko sektore baten sufrimendua amaitzea. Eta justiziaren aldeko aldarrikapen bat ere bada. Gure arteko solasaldietan oso presente dugu sufrimendurik gabeko etorkizun baterako ekarpena egiteko gogoa.

Espetxe politikaren arloan lau eskakizun zehatz egin dituzue. Zeintzuk dira?

Z.M.: Lehenbizikoa aski ezaguna da: sakabanatzea eta urruntzea amaitzea, presoen eskubidea den hori -etxetik gertu egon ahal izatea- bete dadin. Bigarrenik, larri gaixorik dauden presoen egoera berraztertzea eta giza eskubideen ikuspegitik dagokien tratamendua ematea; hirugarrenik, zigorrak batzea, Europako arauen arabera estatu batean betetako zigor urteak zenbatu behar direlako beste estatu batean zigorra bete behar izatez gero, eta Espainiako Estatua ez da hori egiten ari. Eta, azkenik, gradu aldaketa ahalbidetzea. Oinarrizko puntuak dira, eta indarrean dagoen legea betetzea baino ez.

A.A.: Ez dugu ahaztu behar eskubide hauek salbuespen legedi batean oinarrituta ari direla urratzen. Gure ustez, salbuespen legedi horrek zigortu behar ez dituenak zigortzen ditu: senideak, esaterako. Lehen ere ez zegoen inolako argudiorik salbuespen legedi hori aplikatzeko, baina, orain, are gutxiago.

Urruntzea amaitzea presoak Euskal Herritik gertuko kartzeletara eramatea edo Euskal Herrira ekartzea da?

A.A.: Beren etxetik hurbilen dagoen espetxera ekartzea da xedea, eta, ahal balitz, Euskal Herrian. Preso guztiak Euskal Herrian egon badaitezke, hori da eskatzen duguna.

Z.M.: Lehen urrats gisa irudikatzen dugu guk urruntzearen amaiera, lehen aipatu dugun salbuespen egoera hori amaitzeko bidean. Gutxieneko neurria baino ez da, legeak jasotzen duena, baina harago joaterik ere badagoela pentsatzen dugu. Espetxe politika ere egokitu behar da azken urteotako egoera berrira, ez baitu zerikusirik politika hori indarrean jarri zenean zegoen egoerarekin.

Preso gaixoen kasuan, aipatu da horiek eta 70 urte baino gehiago dutenak gerturatuko dituztela agian lehenik Euskal Herrira. Zuen ustez, gerturatze hutsak bermatzen du presoek arta egokia jasotzea, edo bestelako neurriak beharko lirateke?

A.A: Lege arrunta aplikatuz gero, larriki gaixorik dauden presoek baldintzapean aske egon beharko lukete gaixotasun hori behar bezala tratatu ahal izateko. Preso horien kasuan, ez da nahikoa Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzea: horiek, eta 70 urte baino gehiago dutenek, baldintza guztiak betetzen dituzte espetxetik kanpo bizi ahal izateko, baldintzapean bada ere. Eta hori ez litzateke izango inolako mesedea edo onura berezia. Gu ez gara eskatzen ari legedian ez dagoen ezer.

Zergatik da garrantzitsua zigorrak batzeko eskaera?

Z.M.: Berriro ere lehengora bueltatzen gara; zigorrak batzeari uko eginda, salbuespen politika bat aplikatzen ari dira, logika zehatz batez: zigortzea, bere burua garailetzat duenak bestea umiliatzea, mendeku hartzea eta abar. Gure ustez, Euskal Herrian bestelako bizikidetza eraiki nahi badugu, mendekua eta umiliazioa ez dira oinarri egokiak; mina areagotu baino ez du egiten, mina ereiten du, eta, beraz, etorkizunean hortik irits daitekeena ezin da ona izan. Gutako gehienok jaio ginenetik bizi izan dugu gatazka politiko bat, sufrimendu handia ekarri duena modu batean edo bestean, eta, orain, lehenbiziko aldiz gure bizitzan, beste egoera batean gaude, baina oraindik lehengo etapa horretatik hainbat kontu daramatzagu arrastaka.

Gradu aldaketari dagokionez, oraindik orain abokatuek salatu dute atzera bota dituztela presoek egindako eskaera indibidual guztiak.

Z.M.: Horrek erakusten du auzi hau noraino den borondate politikoko kontu bat. Borondate politikoa egonez gero, berma daitezke preso bakoitzari dagozkion eskubideak. Bestalde, presoak egiten ari diren bide indibiduala garai batean Espainiako Estatuaren errekerimendua eta ezinbesteko baldintza zen kartzela politika aldatu ahal izateko; orain, aldiz, urrats hori egiten ari dira, baina bueltan ez dator inolako aldaketarik, eta erantzuna berriro ezezkoa da. Ez da serioa, ezta logikoa ere.

A.A.: Borondaterik balego, auzi hau lehenbailehen ebatzi beharko litzateke. Benetan, kosta egiten da ulertzea ze argudio eman dezaketen oraindik preso ia guztiak lehen graduan atxikitzeko.

Zuen lehen agerraldian tarte handia eskaini zenioten biktimen gomutari. Arlo hori ere landu nahi al duzue?

Z.M.: Guk bat egiten dugu biktima guztiei aitortza, errespetua, errekonozimendua eta erreparazioa zor zaiela. Gure solasaldietan erreferente oso interesgarria izan dira Errenterian (Gipuzkoa) egindako topaketak, jatorri askotako biktimak elkartu zituztenak eta bestearen mina ere ikusaraztea eta aitortzea helburu zutenak. Nahiko genuke jardunaldi horien eta horien moduko beste esperientzia batzuen eredua hartu eta, udal mailan ez ezik, gobernuetan eta alderdi politikoetako zuzendaritzetan ere antzeko ariketa egingo balute. Beharrezko lana dela ikusten dugu; zauriak sendatzeko eta sufrimendua ahal den neurrian leuntzeko elkar ulertze eta elkar aitortze ariketa hori egokia dela uste dugu.

A.A.: Biktima bakoitzak bere modura kudeatuko ditu bere sentimenduak. Batzuek kanporatu eta konpartitu nahi izango dituzte, eta, beharbada, garai batean gorroto izan zituzten horien aurrean agertu. Beste batzuek, agian, ez dute horrelakorik egiteko gogorik edo beharrik izango. Jarrera guztiak errespetatu beharko dira, horrelako gauzak ezin dira-eta behartuta egin. Baina uste dugu gizartean badagoela elkarrengana hurbiltzeko gogo hori, Errenteriako ereduak erakusten duenez.

Z.M.: Bide hori eragile guztien apustu politiko sendoa balitz, hain osasungarria iruditzen ez zaigun beste bide bat saihestuko genuke, alegia, norberaren minaren izenean besteentzat sufrimendu handiagoa eskatzearena. Egia da pertsonalki bakoitzak bere mina kudeatzen duela nahi duen eta ahal duen bezala, baina kolektiboki ez zaigu iruditzen hortik etorkizun interesgarririk eraiki daitekeenik.

Dinamikaren aurkezpenaren bezperan, aldaketa egon zen Espainiako Gobernuan. Zer espero duzue gobernu berriaren aldetik?

A.A.: Hitzetan behintzat badirudi badagoela aldaketa, eta badaudela asmo berri eta itxaropentsuak. Guk zuhur hartzen ditugu horrelako adierazpenak, eta hitzetatik ekintzetara pasatzen direnean izango da horiek baloratzeko momentua. Gure beldurra da luzamendutan ibiliko ote diren eta zenbat denbora galduko den horretan. Uste dugu eskakizun horiei erabateko lehentasuna eman behar zaiela eta berehalako konponbidea behar dutela. Hitzak itxaropentsuak dira, baina ekintzak behar ditugu.

Z.M.: Hitz itxaropentsu horiei guk ongietorria egiten diegu, noski. Guretzat berri ona izan da, kontuan hartuta nolako blokeo egoera pairatu duen gai honek orain arte. Hain zuzen ere, gure dinamikaren zeregina izango da adierazpen horiei jarraipena egitea eta mugimendurik baldin badago horiek sostengatzea eta laguntzea, badakigu-eta kontrako erreakzioak ere egon daitezkeela.

Baina espetxe politika aldatu egingo dena ziurtzat ematen dute eragile askok. Ez dago larregizko baikorkerian edo desmobilizazioan erortzeko arriskurik?

Z.M.: Guk planteatzen ditugun eskakizunak bide luzeago baten lehenengo urratsak dira, eta bide luzeago hori bada aldarrikatzea oraingo egoera politikoak ez duela zerikusirik orain dela gutxi arte izan dugunarekin, eta, beraz, legea aintzat hartzeaz gain, kontuan hartu beharko dugula ze etorkizun politikoa eraiki nahi dugun, gure gizartean gatazkak nola bideratu nahi ditugun, eta abar. Horren guztiaren eraikuntzan bide luzea gelditzen da, eta, horregatik, guk mobilizazio dinamika bat aktibatu nahi dugu.

A.A.: Nik uste dut Orain Presoak dinamikarekin bide polita irekitzen ari zaigula. Herritarrek [Pedro Sanchez] Espainiako presidentearen ahotik entzuteak aldaketa bat egingo dela eta legea aplikatzera bideratutako urratsak egingo dituztela, horrek aukera ematen digu orain arte iritsi ez garen sektore batzuetara iristeko. Orain da momentua gizartearen esparru horietara iristeko. Orain arte arazo honetaz kezkaturik egon ez diren zenbait herritar ari dira leku askotatik entzuten hau ez dela politika auzi bat, baizik giza eskubideez, legea betetzeaz eta justiziaz ari garela, eta hori garrantzitsua da.

Orain Presoak bizikleta martxa hasiko da bihar, urrunketa salatzeko

BERRIAn argitaratua (2018/07/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA