kirola
Hotsa bai, hotzik ez
Iñaki Odriozola
Alderaketak ez dira zilegi sarri, baina Nafarroa Arena eta Bilboko Bizkaia pilotalekua alderatzea saihestu zuten atzo. Desberdintasun nabarienak: pilotak ateratzen duen soinua eta zaleen hurbiltasuna dira, bai behintzat probak egin dituzten pilotarientzat. Pilotak ateratzen duen hotsa entzutea garrantzitsua da frontoi batean, eta atzo Nafarroa Arenako bisitan parte hartu zuten guztiek nabaritu zuten Iruñeko pilotaleku berriak, handia izateagatik, hor ez duela hutsik.
Nafarroa Arenako kantxaren neurriak handiak dira oso: 600 metro karratu inguru, baina ez da hotz sentsaziorik nabari. Harmailak ez dira kantxatik batere urrun; bost metro egongo dira asko jota. Bilboko pilotalekuan daudenen erdiak. Nafarroa Arena frontoian sarrerarik merkeena erosita ere, pilotaz arazorik gabe gozatu ahal izango da.
Ez da izango asteburuero erabiliko den pilotalekua. Ez dirudi Labritek ia larunbat arratsaldero erakusten duen itxura bikaina lekuz aldatuko denik. Bilboko Bizkaia pilotalekuaren antzera, Nafarroa Arenaren egitura jaialdi handiak hartzeko dago pentsatua. Aurrenekoa inaugurazio egunean izango da: irailaren 29an, bertan jokatuko baita Codere Masterseko finala. Litekeena da Nafarroa Arenan jokatuko den hurrengo jaialdia lau eta erdiko finala izatea. Urriaren 18an izango da. Hala jakinarazi zuen Javier Lakunza NICDO enpresako kudeatzaileak. Azpiegitura Nafarroako Gobernuarena da. NICDO enpresa publikoa arduratuko da, beraz, azpiegituraren kudeaketaz. Gaineratu zuen pilotalekuak ez duela aldaketarik izango: «Irailaren 29an horrela egongo da guztia».
Inaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak argi esan zuen Nafarroa Arena Bilboko Bizkaia pilotalekuarekin «lehian» arituko dela. Haren ustez, lehia ez da negatiboa, eta pilotarentzat «aurrerapausoa» da beste pilotaleku handi bat irekitzea. Iruñean final «asko» jokatuko direla aurreratu zuen. Pilotalekuari dagokionez, esan zuen «ikaragarria» dela. Gainera, harmailen hurbiltasuna ere nabarmendu zuen. Ez zuen zalantzarik egin Iruñeko pilotalekua Bilbokoa baino «bilduagoa» dela. Errandoneak, pilotari ohia izaki, nabaritu zuen zorua «azkarra» dela.
Rafa Etxeberriak hitz egin zuen Asegarceren izenean. Enpresako kudeatzailea ere gustura agertu zen pilotalekuaren itxurarekin, eta Errandonearen analisiarekin bat egin zuen.
Ogetaren antzekoa
Iker Irribarria, Julen Martija, Aimar Olaizola eta Jon Mariezkurrena izan ziren goizeko beste protagonistak. Pilotalekuaren lehen proba ofiziala egin zuten. Ez oso serio, hala ere. Jon Apezetxea Aspeko intendenteak hala eskatuta, atzelariek pilotakada indartsu bat edo beste jo zuten. Orduan azaldu ziren lurraren ezaugarriak. Nafarroa Arena pilotalekuak frontis eta lur biziak ditu. Pilotakadaren bat errebotean sartzeko zorian egon zen zazpian bote egin eta gero. Ezkerpareta, aldiz, latza da. Irrist egin beharrean, pilotak pilotariaren gorputz aldera egiteko joera duela nabarmendu zuten.
Bi atzelari gazteek berehala antzeman zuten pilotak lurrean hartzen duen abiadura. Pilotan aritzeko garaian Ogeta pilotalekuarekin alderatu zuten Nafarroa Arenako pilotalekua. Atzelariek lan zailak izango dituzte atzeko koadroetan. Mariezkurrenak igarri zion pilota kentzea «zaila» izango dela. Martijak aho bizarrik gabe esan zuen Iruñeko pilotaleku berria Bilbokoa baino «askoz nahiago» duela.
Aurreko koadroetan ez zen abiadura eta saltsa handiegirik izan jokatutako partidatxoan. Hala ere, Olaizola II.ak eta Irribarriak nahikoa izan zuten pilotalekuak frontis azkarra duela jabetzeko. Erasorako pilotaleku aproposa izango da, beraz; defentsa lanetarako ez hainbeste.
Erreboterik ez da egongo
Nafarroa Arenak badu beste bitxikeria bat: ez du erreboteko paretik. Gainera, eta, Lakunzak jakinarazi zuenez, ez da aurreikusten jarriko denik ere. Hamar koadro eta erdiko kantxa eta erreboteko harmaila hesi txiki batek banatuko ditu. Bizkaia pilotalekuak luzera bera du, eta eskuz oso gutxitan iritsi dira bertara. Erreboterik gabe, ezingo da erremintaz bertan jokatu.
Pilotalekuaren beste bereizgarri bat markagailuak dira. Sei bider lau metroko bi LED pantaila izango dira. Horietan, ikus-entzunezko edukiak eman ahal izango dira; adibidez, tantoen errepikapenak. Horrez gain, soinu sistema aurreratua ere izango du.