gizartea
ESTHER PILLADO GONZALEZ
«Maitasun erromantikoaren mitoa txikitatik irensten dute»
Ane Zurutuza Irastorza
Ikerketek erakusten dute duela urte batzuk pentsaezinak ziren zenbait jarrera onartzen dituztela neska gazteek. Zerk eragin du atzerakada hori?
Gizarte gisa huts egiten ari garela uste dut. Nerabeek irakurtzen dituzten liburuetan, ikusten dituzten filmetan, komunikabideetan, oso mezu arriskutsuak igortzen ari gara. Mezu horiek maitasun erromantikoaren mitoa zabaltzen ari dira, eta neskek txiki-txikitatik irensten dute. Nahiz eta haien etxeetan beste bikote eredu batzuk ikusten dituzten, etengabeko bonbardaketa bat dago. Disneyren filmek, adibidez, mito hori zabaltzen dute.
Gero eta gehiago hitz egiten da feminismoaz; hala ere, atzerakada hori hor dago. Diskurtso feminista iristen ez al zaie neska gazteei?
Nik uste dut baietz, iristen zaiela. Feminismoak zabaldutako hainbat mezu barneratu dituzte; adibidez, gero eta gehiago ikusten da sare sozialetan gizarte matxista honetatik apartatzeko nahia. Hala ere, gauza gehienak ez dira aldatu. Oraindik hor dago lehenbailehen bikotea izateko obsesioa, adibidez. Badirudi bikotekiderik ez badute ez direla pertsona osoak. Sentsazioa daukat nire garaiko emakumeen amek egoera oso latza bizi izan zutela, dena utzi behar izan zutela haurrak hezteko, eta arau horrekin apurtzeko mezua igorri zigutela guri. Egun, ordea, badirudi nolabaiteko berdintasun bat lortua dugula —nahiz eta ez den egia—, eta baliteke emakumeok guardia jaitsi izana. Agian horregatik izan daiteke.
Zer egiten da institutuetan indarkeria matxista saihesteko?
Bizikidetza planak egiten ari dira, eta bitartekaritza prozesuak ezartzen. Batzuetan, ordea, baliabideak falta zaizkie, eta formakuntza. Galizian, eskola askotan izan gara gai honetaz hitz egiten. Gehienetan, datuak erakutsi dizkiegunean, erantzuna berbera izan da: ez dira identifikatuta sentitzen. Inork ez du izan nahi ikastetxe gatazkatsu bateko zuzendaria.
Hala ere, badira oso esperientzia interesgarriak. Institutu batean ezarri dute ikasleen arteko bitartekaritza oinarri duen bizikidetza plan bat. DBHko lehen eta bigarren mailako ikasleak bitartekari gisa trebatzen dira, hirugarren eta laugarren mailan lan hori egiteko institutuan. Bi ondorio nabarmen izan ditu: batetik, ikasle asko agertu dira prest boluntario izateko. Bestetik, sekulako emaitza onak izan ditu. Ikasleak adi zeuden, eta arazoak elkarren artean konpontzen zituzten. Enpatia garatu zuten: jazarpena jasan duen pertsona baten sufrimendua ikusi zuten.
Nola prestatu behar dira irakasleak?
Irakasleek gai izan behar dute hainbat balio transmititzeko; hala nola berdintasuna eta bakea. Kirol munduan, adibidez, talde lana, errespetua eta eskuzabaltasuna irakatsi beharko lirateke. Telebistan ikusten dena, baina, oso bestelakoa da. Haurrek telebistako jarrerak ikusten dituzte, eta imitatu egiten dituzte.
Adingabeek delitu bat egiten dutenean, heziketa izaten da bete beharreko zigorren zati garrantzitsu bat. Arrakastatsuak al dira neurri horiek?
Espainian, badago adibide oso gogor bat. 2000. urtean, 16 urteko gazte batek gurasoak eta arreba hil zituen katana batekin. Ondo pentsatutako delitua izan zen, bazekien zertan ari zen. Deklaratzean esan zuen jakin nahi zuela nolakoa zen libre izatea. Sei urte pasatu zituen erreformatorio batean, heziketa programa berezi batekin. Haren kasuan, sistemak arrakasta izan zuen. Egun ezkonduta dago, eta alaba bat du. Nerabe gehien-gehienak birgizarteratu daitezke, guztiz. Batzuk ez, noski, baina adingabeen zigor sistemak nahiko ongi funtzionatzen du. Hala ere, gustatuko litzaidake baliabide gehiago izatea.
Azkenaldian asko hitz egin da epaileei indarkeria matxistari buruzko formakuntza emateaz. Garrantzitsua al da trebakuntza hori adingabeekin lan egiten duten epaileentzat ere?
Noski, espero dut neurri hori epaile guztiei aplikatzea. Duela gutxi hasi dira adingabeen arteko genero indarkeria datuei erreparatzen, duela hamar urte edo. Konturatu behar dugu arazo handi bat dugula gai horrekin, eta erantzuna eman behar diogu.
Nola babesten dira biktima adingabeak?
Nerabeen artean gertatzen den genero indarkerian, bi interes mota hartu behar ditugu kontuan. Lehenik eta behin, noski, biktima babestu behar dugu. Baina badago beste aldagai bat: legea urratu duen pertsona adingabe bat da, garapen fisiko eta intelektual betean dagoena. Hori ezin dugu ahaztu: bi aldagaiak orekatu behar dira. Urruntze aginduek, adibidez, oso ondo funtzionatzen dute halako kasuetan, baina agindu horrek ez du inolako eduki hezitzailerik. Nire ustez, agindu hori uztartu behar da zaintzapeko askatasunarekin. Adingabe horrek zentro batera joan beharko luke, eta heziketa programa batean parte hartu. Oreka da gakoa, biktima ahaztu gabe.