astekaria 2015/12/21
arrowItzuli

politika

Aldaketa gogoa

Asier Etxenike

Aldaketa gogoa Asier Etxenike

Gaurko titularra, orain lau urte bezala, aldaketa gogoa dela uste dut. Hauteskundeetan, normalean, galdera bati edo biri ematen zaizkie erantzunak. Hauteskunde hauetan, galdera hori zein zen, aldez aurretik ez zegoen oso argi. Eztabaida gaiak askotarikoak izan dira eta gai bakar bat ere ez da besteen gainetik gailendu. Emaitzak ikusita, galdera hori zein izan den argi izan gabe jarraitzen dut. Euskal Herrian eman den erantzuna edo eskaera ?eta Katalunian ere, esango nuke?, ordea, estatuan gauzak aldatu daitezen izan da.

Azterketa lasaiagoak eta zorrotzagoak egin bitartean, bi ideia botatzera ausartuko naiz. Batetik, parte hartzearen igoera esanguratsua izan da Hego Euskal Herri osoan. Lau herrialdeetan, parte hartzea 2011koarekin alderatuta, lau puntutik gora igo da. Gainera, 2011koa, parte hartze altuenen artean sailka zitekeen. Horrek atzo gertatutakoaren zati bat azaldu dezake. Zer bozka mota aktibatu dute hauteskunde hauek orain lau urte ?bake eta normalizazio politikoaren klabeetan? aktibatu ez zutena?

Bestetik, Ahal Dugu kenduta, 2011rekiko, alderdi guzti-guztiek galdu dituzte bozkak. Orain sei hilabeteko emaitzekin alderatuta, bestelako ñabardurak egin daitezke. Foru hauteskundeak atzokoarekin alderatuta ezberdinak dira eta ez dira guztiz alderagarriak, baina ordurako EH Bilduren desgastea emana zenez, hauteskunde horiek kontuan hartzea garrantzitsua dela uste dut. Azken sei hilabete hauetan, EAEn EH Bilduk eta EAJk, 60.000 bozka inguru galdu dituzte bakoitzak, eta Nafarroan EH Bilduk 15.000 eta Geroa Baik 24.000 inguru. EAEn PSE mantendu da eta PP igo, eta Nafarroan alderantziz. Hau da, dena kontuan hartuta, PP-PSOE-UPNk azken zikloan zehar edukitako jaitsiera neurri batean gelditzea lortu dute. EH Bilduk ez du bere jaitsiera eten eta EAJk emaitza onak izan baditu ere, EH Bilduri bezala, hauteskunde orokorrak izateak eta Ahal Dugu-ren agerpenak hautesleak galtzea eragin dio ?kontuan hartu behar da, gainera, foru hauteskundeekiko ere parte hartzea handitu egin dela oraingoan?.

Batetik, hauteskunde motek, eta bestetik, eskaintza eta aukera politikoen inguruko hautemateek geroz eta gehiago eragiten dute Euskal Herriko hautesleriaren portaeran. Hau da, alderdiekiko fideltasuna geroz eta txikiagoa da eta horrek alderdi ezberdinen arteko gorabeherak eragiten ditu. Baina, gaur, Euskal Herritik estatuari begiratzen zaionean aldaketa gogoa agertzen da eta hauteskunde orokor hauetan aldaketa gogo hori Ahal Dugu-tik bideratu du euskal hauteslegoak. Alderdien gorabeheretatik harago, aldaketa gogo hori egonkorra dela esango nuke. Erabakitzeko eskubidearen alde eta bake eta normalizazioan urratsak ematea defendatu dutenak indar handiagoa dute egun, orain lau urte baino.

BERRIAn argitaratua (2015/12/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA