mundua
MICHAEL KEATING
«EBk ez du politika jakinik independentziari buruz»
Itxaso Orbegozo Borda
Michael Keating (1950) Aberdeengo Unibertsitateko katedraduna da zientzia politikoen alorrean. Nazionalismoen gaian aditua da, eta hitzaldi bat eman du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak udan antolatzen dituen ikastaroetan EHUren eta EuroBasqueren ekimenez, EB Europako Batasunean lurraldetasunak duen garrantziaren inguruan hitz egiteko.
EBk aurre egin behar dien arazoek eraginik izan dute mugimendu nazionalistetan?
EBren arazo nagusietako bat zera da: errefuxiatu eta migranteen fluxua neurtu eta egokiro banatzeko politikak ez direla eraginkorrak. Xenofobia eta beldurra zabalduta daude Europako lurralde askotan, baina nazionalismoek ez dute iturri horretatik edan. Hedabide askok zabaldu duten uste okerra da hori. Gainera, Europak beharrezkoak ditu etorkinak, baina manipulazio bat izan da arlo horretan, krisiari aurre egin ezinaren errua bota baitzaie.
beraz, nazionalismo guztiek ez diete korronte berberei jarraitzen.
Ez, ez nazionalismoek, ez EB ulertzeko moduek ere. EBn hainbat teoria egon dira indarrean azken urteetan. Sortu berritan, integrazioaren teoria egon zen indarrean, eta korronte askok osatu zuten. Intergobernalismoaren teoriak dio lurralde bakoitzak estatu baten beharra duela, eta hori lortzeko estatuak berreraiki behar direla. Gerora, lurraldeen arteko integrazioaren aldeko mugimendu neofuntzionalak hartu zuen indarra, eta 1980ko hamarkadan, globalizazioak. Egungo joera nagusiak, berriz, intergobernalismoan du oinarria. Herrialde barneko aniztasuna ez da aitortzen, eta, horregatik, porrot egin du eskualdeen Europak. Teknokraziaren eta sezesioaren aurkako jarrerak nagusitu dira azkenaldian.
Nola uztartzen dira, orduan, europar integrazioa eta nazioen deszentralizazioa?
Prozesu beraren bi aurpegiak dira; kontraesanean daudela dirudi, baina osagarriak dira sarri. Lurraldeak berrantolatzeko prozesuaren parte dira. Nazio-estatu izaera alde batera uzten badugu, hainbat mailatako erakundeak daude: politikoak, ekonomikoak, kulturalak eta sozialak. Eskala aldaketa baten aurrean gaude, hau da, funtzioen lehiaketa beste maila batzuetara eraman da. Ekonomia fluxuen internazionalizazioa dago; normala da politikak gaitasuna izatea ekonomiaren kudeaketa egiteko nazioz gaindiko mailan. Ekonomia arloa lurraldeka banatzen hasi da. Adibidez, manifestazio bat egiten bada ez da lurraldetasun kontua, gatazka soziala baizik. Mekanismoak jarri behar dira martxan zeregin politikoetarako, zeregin politiko publikoetarako.
Integrazioaren fenomenoak ez al ditu desagerraraziko nazioak?
Ez, homogenizazio kultural eta ekonomikorik ez baitakar fenomeno horrek. Alderantziz, espazioak sortzen ditu proiektu sozial, ekonomiko eta kultural berrientzat.
Eskoziak integrazioaren alde egin zuen Erresuma Batuak EBn jarraitzeko erreferenduma egin zuenean.
Bai, integrazioaren alde egin du birritan: duela lau urte, baietz Erresuma Batuan jarraitzeari; duela bi, baietz EBn jarraitzeari. Erresuma Batuaren erabakiarekin, ordea, ezinezkoa da biak uztartzea. Hala ere, ez dago beste erreferendum bat egiterik, ez baitago konpromisorik gehiengoaren partetik.
Erabakiak hartzeko orduan, estaturik gabeko nazioek zer eskumen dituzte EBn?
Oso zaila da nazioei buruz hitz egitea, batez ere Espainiako Estatuan. Espainiako nazionalismoaren arabera, Espainian nazio bakarra dago: Espainia bera. Frantzian, beste hainbeste. Beste lurralde batzuetan errazagoa da nazioez hitz egitea; Erresuma Batuak ez du ukatzen Eskoziako nazioa, adibidez. Hala ere, nazioaren, estatuaren eta subiranotasunaren arteko erlazioak ez du zertan erlazio zuzena izan, eta horixe da konponbidea, hain justu. Nazio bakoitzak estatu propioa behar duela pentsatzen jarraitzen badugu, arazoak ez du konponbiderik. Ez litzateke nahikoa estatu egongo nazio aldarrikapen orori erantzuteko.
Estatu subirano berriekin zer-nolako jarrera du Bruselak?
Jugoslavia zaharra erori zenean, Europak herrialde berriak onartu zituen. Bestelako erantzunak ere eman izan ditu; Kosovoren kasuan, esaterako. Espainiak ez du onartzen estatu gisa, baina Britainia Handiak eta Eskoziak bai. EBk ez du politika jakinik independentziaren inguruan, ez du politikarik independentzia eskaerei erantzuteko, ez dago lekurik Europan independizatu nahi ez duten herrientzat, baina bai Europaren barnean parte hartu nahi dutenen estatu autonomikoentzat. Hori da arazoa. Erresuma Batuan, Eskoziak EBn jarraitu nahi du, baina Britainia Handiak dio ez dela posible, nazio guztiek berarekin batera atera behar dutela. EBren arkitekturan zerbait falta da: lurralde horien onarpena eta parte hartzea.
EBk badu lekurik estatu berrientzat?
Bai, estatu gisa nazioartean onartutako herrialdeek eskubide osoa dute EBn parte izateko. Bulgaria, Serbia eta Kosovo onartzen badira, zergatik ez Katalunia eta Eskozia? Arazoa estatuarekin daukate, ez EBrekin. Ez dago arazorik EBn estatu berriak onartzeko; aldebakarreko independentzia da arazoa, Katalunian, esaterako.
Herrialde batzuek EBn sartu nahi dute, eta beste batek ateratzea erabaki du. Nolakoa izango da etorkizuneko EB?
Zaila da EBren norabidea zehaztea. Herrialde indartsuek gidatuko dute, integrazioaren alde apustua egingo dutenek: integrazio politiko eta fiskal sendoa. Beste herrialde batzuk ere egongo dira, integrazioaren aldeko horrenbesteko parte hartzerik gabe. Azken horiek kanpoaldeko herrialdeak izango dira; Erresuma Batua eta Ukraina, kasurako.