astekaria 2018/07/13
arrowItzuli

kultura

Europaren orbanak Leeuwardengo urmaelean

Eneko Aizpurua

Europaren orbanak Leeuwardengo urmaelean

Mamu bat dabil Europan, Viktor Orbanen mamua. Gaitz erdi litzateke, ordea, Europaren orban bakarra balitz. Kontinentea hego eta ipar zafratzen duten askotariko sumin ekaitzek Leeuwarden (Frisia) Europako kultur hiriburutzaren urmaeleko ur garden ustez orbangabeak ere uhertu dituzte.

Urtarrilean inauguratu zuten Leeuwardenen kultur hiriburutza. Harrezkero hainbat ekitaldi eta ospakizun antolatu dituzte terp, polder eta haize erroten lurraldean. Mata Hari espioiari buruzko erakusketa egin zuten, M.C. Escher margolariari buruzkoa irekita dago oraindik, Slauerhoff poetaren bizitza ardatz duen antzezlan handi bat ere egitekoak dira, eta haren in Memoriam Patris lana zenbait hizkuntzatara itzuliko dute.

Hizkuntza aniztasunaren garrantzia nabarmendu nahi izan dute errekorren Guinness liburuaren arabera munduan izen desberdin gehien duen hirian —Ljouwert, Leeuwarden, Liwwadden eta beste 222 aldaera mendeen joan-etorrian—. Martxoaz geroztik, Europako hainbat hizkuntza txiki eta gutxituri buruzko asteak antolatu dituzte Hizkuntzen Egongelan, hala nola bildtsera, gaelikoa eta sorbiera.

Uztailaren 1etik 8ra bitartean euskararen txanda izan da. Euskaraz egindako filmen bilduma bat eta ahots artxiboak eman dituzte, bai eta euskal kultura aztertu ere Beste Hitzak programaren bidez Euskal Herrian izan diren frisiar idazle eta eragileen ikuspegitik. Horretaz gainera, artista gonbidatu gisa parte hartu dute Joxan Goikoetxea musikariak eta Xabi Paya bertsolariak. Bertsolaritza izan da euskararen astearen ardatz nagusietako bat, Leeuwardengo kultur hiriburutzaren barruan abian jarri duten Bartelje! frisierazko bertsolaritza sortzeko egitasmoarekin lotuta.

Kultur hiriburutza abian jarri zenetik igaro diren hilabete hauetan guztietan, hiriburutzari buruzko kritika ez oso ozen batzuk ere entzun dira: hizkuntza aniztasunaren sustapena azalekoa baino ez dela; frisierari behar baino tarte gutxiago eskaintzen zaiola antolatzen diren ekitaldietan; hiriburutzak kultur sarea bultzatu ordez turismoa bultzatzea duela xede —hiriburutzaren webgunearen hasierako orrialdean letra handiz nabarmentzen denez, Lonely Planeten 2018ko Europako hoberenak zerrendako hirugarren lekuan dago Frisia—. Topikoak dioenez, ordea, Europako iparraldekoak jende diziplinatuak dira. Horregatik, ikuspegi horri jarraikiz, uste izatekoa zen odolak ez zuela frisiar ubideetara bide egingo, eta ez zela zalaparta edo eztabaida handirik sortuko.

Baina, mundu guztiak Leeuwarden-Frisia kultur hiriburutzan urak beren ubidetik joango zirela pentsatzen zuenean, hara non, ezustean, Maltako Valleta 2018ko Europako beste kultur hiriburu senidetik iritsitako olatutzar batek Leeuwardengo kultur hiriburutza bete-betean astindu eta bere oinarriak kolokan jarri dituen. Nork pentsatuko zuen Daphne Caruana Galizia Europako hegoaldeko uharte ñimiñoko ikerketa kazetaria hil zuen bonbaren eztanda uhinak Europako iparraldeko Veneziako kultur hiriburutzaren eustorma eta ezponda guztiak zartatu eta bertako kultur giroa gaiztotuko zuenik?

Tjeerd van Bekkum Leeuwarden-Frisia Europako kultur hiriburutzako arduradunak Caruana Galiziaren hilketari buruz esandako hitz batzuek harrotu zituzten hautsak. Hiriburutzaren buruak esan zuen Caruana Galiziaren hilketa auzi politikoa zela eta aspaldiko kontua —kazetaria 2017ko urriaren 16an erail zuten—, eta, horrenbestez, nahiago zuela gaiari buruz adierazpenik ez egitea.

Hiriburuaren egitekoa

Kultur arduradunaren hitzek eztabaida bizia piztu, eta oraindik ere erantzunaren zain dagoen galdera sorta luzea jarri zuten mahai gainean. Zein da, oro har, kulturaren eta bereziki Europako kultur hiriburutza baten egitekoa? Marketinari, bisitari kopuruari, espektakuluari, etekinei erreparatzea bakarrik? Bere boli dorrean itxi eta inguratzen duen errealitatea islatzeari uko egitea? Balio, ideia eta arauen gordailu hutsa besterik ez al da europar kultura? Edo etengabe aldatzen ari den eta beste kultura batzuekiko elkarreraginean oinarritzen den fenomeno bat? Ez al ditu etengabe ezbaian jarri behar gizartearen oraina eta iragana? Ez al dira izan kanpoko faktoreekiko harremana eta, oroz gain, autokritikarako gaitasuna haren ezaugarri nagusiak betidanik? Eta ez al da, hortaz, oro har kulturaren eta bereziki Europako kultura hiriburu baten betebeharra, baita Europaren argiak iluntzen dituzten orbanak jendaurrean agertzea eta gogoetagai bihurtzea ere?

Agian galdera horiek zebilzkion buruan bueltaka Eeltsje Hettinga frisiar poetari bere sormen lanean ari zela. Joan den urtean, hain zuzen Caruana Galizia erail zuten garai bertsuan hautatu zuten Dichter fan Fryslân. Frisiako poeta bi urterako hautatzen dute jendaurreko lehiaketa batean, eta hamar bat poema idazten ditu urtero Frisiako gai nagusiei buruz. Haren poemek zabalkunde handia dute, eta eskualdeko hedabide nagusietan argitaratzen dituzte. Baina, Hettingak salatu zuenez, idatzi zuen azken poema, Daphne Caruana Galiziaren erailketari buruzkoa, ez zuten Omrop Fryslan Frisiako irrati-telebista publikoan argitaratu. Leeuwarden-Frisiako eta Valletako kultur hiriburutzen bidez, Frisia eta Malta senidetuta daudenez, eta ekonomia eta kultura arloko lotura nabarmenak dituztenez, bere poemaren bidez Caruanaren hilketa eta Maltako Gobernuaren jarrera salatu nahi zituela aipatu zuen poetak.

Baina Frisiako poetarena ez da izan salaketa bakarra. Nazioarteko PENek ere auzitan jarri zuen, Europako Batzordeari bidalitako gutun baten bidez, Jason Micallef Valleta Kultur Hiriburutzaren ordezkariaren jokabidea Caruana auzian, eraildako kazetariaren aurka jotzeagatik sare sozialetan, eta hilketa argitzeko eskatzen zuten afixak kentzeko agintzeagatik.

Sortutako zalapartaren ondotik, Leeuwarden-Frisia Europako kultur hiriburuak erabaki zuen ez zuela ordezkari ofizial gehiago bidaliko Valletara harik eta Valleta Europako kultur hiriburutzak Daphne Caruana Galicia kazetariaren familiartekoekin izandako jarrera iraingarria aldatzen zuen arte. Leeuwarden-Frisiako kultur hiriburutzaren arduradunek hasierako erabakia zuzendu zuten sortutako zalaparta zela eta, baina eztabaidak denen agerian utzi ditu Europaren orbanak Leeuwardengo urmaelean.

BERRIAn argitaratua (2018/07/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA