iritzia
Hartu eta eman
Mikele Landa
Lapurretaren ordez, egoera berdintsuan, sexu eraso bati buruz mintzatuz gero, ordea, zenbait pertsonarentzako borondate eza zalantzagarria bilakatzen da. Erresistentzia ahalegin gehiago eskatzen zaizkio erasoa pairatutakoari. Dudan jartzen da benetan egin zaionarekin guztiz desados dagoen ala ez. Bortxaketa izan den ala ez. Alderaketa hau ez da berria, baina agerian uzten du erroko arazoa. Egitate batetik bestera ikuspegi aldaketaren atzean dagoena. Gizarte honek barneraino sartuta daukan iruditeria. Emakumeon errealitatetik so eginda ez dagoena. Sexu eraso bati buruz mintzatzen garenean «sexu harreman» adiera sartzera ohituta gauden gizarte baten argazkia, hain zuzen. Harreman hitzak hartu eta eman esan nahi duen heinean, berba horiek eraso bati lotzea guztiz kezkagarria eta mingarria baita. Bortxaketa batean ez dagoelako hartu-emanik, inposaketa bat dagoelako, ezarpen bat delako. Erasotzaileak soilik hartu dezakeena eta biktimak sufritu. «Egiten utzi» edo «baimena» testuinguru horretan aipatzeko dugun joera bezain arduragarria. Kontaktu fisiko desorekatu bat sexu orekatu bilakatzeko desira ezinbestekoa delako, guztien partetik.