iritzia
Alferra ni?
Miren Amuriza
Alfertzat, adibidez; nork dauka bere burua alfertzat? Eta ez naiz ari igande arratsean, sofatik ez altxatzearren, mahai gaineko mandoari oinekin heltzen saiatzen denaz edo afaria prestatzen ez hastearren kebab-era deitzen duenaz. Ez, sistematikoki alferra den jendeaz ari naiz. Batzuena sortzezkoa izan ohi da; berezko nagitasuna, moteltasuna, apatia. Jende klase hori «aurreikuspenak ez betetzeagatik» lanetik botatzen dutena da (alferra dela ez aurpegiratzeagatik, alegia). Dortoka jendea, atzean geratuz joaten dena eta aurretik doazenek helmugara iritsi arte faltan hartzen ez dutena.
Beste batzuena deliberatua izaten da; alferkeria, zalutasun, utzikeria premeditatua. Egitekoak amaitu baino bost minutu lehenago lanerako prest azaltzen direnena; ardura kolektiboei zuzenean uko egin beharrean, ingurukoek har ditzaten itxaron eta elegantemente ihes egiten duen ziraun jendearena. Ordea, horiengatik inork esan ez alferrak direnik, konprometitzea kostatzen zaiela baizik. Deseatzen nago zutabe hau zenbat nagik, zenbat alferrek partekatzen duen ikusteko.