gizartea
Kostaldeko ura gradu erdi bat berotu da joan deneko 30 urtean
Iñaki Petxarroman
Azpimarratu dutenez, datuetan agerian geratzen da nola aldatu diren uraren tenperatura eta gazitasuna, gainazaletik hondoraino. Pasaiatik hiru kilometrora dagoen estazio batean eta hamahirura dagoen beste batean egiten dituzte neurketak, 60 eta 110 metroko sakoneran.
Almudena Fontan Aztiko Itsas Ekosistemen Funtzionamenduetako adituak azpimarratu du klima aldaketaren testuinguruan «gero eta garrantzitsuagoa» dela ozeanoak epe luzera monitorizatzeko dauden programak mantentzea. «Monitorizazio programa horiek ozeanoko klimaren aldakortasuna zehatz-mehatz aztertu eta neurtzeko dauden bitarteko bakarrak dira, egiaztatzeko ezohiko aldaketak gertatzen ari ote diren, eta erabakitzeko ea aldaketa horien jatorria naturala den edo gizakiak eragindakoa».
Aztiko adituen arabera, tenperaturaz eta gazitasunaz gain, halako neurketen eta datuen bidez beste aldagai batzuk ere azter daitezke: esate baterako, argi transmisioa, disolbatutako oxigeno edukia eta klorofila kontzentrazioa. «Epe luzeko azterketa horiek oso interesgarriak dira, batez besteko egoerak kalkulatzeko aukera ematen baitute, eta, horietatik abiatuta, bereizketa kualifikatuak eta zehatzak egiteko klima ozeanikoaren batez besteko baldintzen edo baldintza arrunten eta anomaloen artean», azaldu du Fontanek.
Neurketak ur sakonagoetan
Aztiko ikertzaileak nabarmendu du Bizkaiko itsasoan ez direla kokagune askotan egiten halako neurketak errutinaz, ur zutabea azaletik hondoraino hartuta. Horretan ere azpimarratu du bi estazio horien garrantzia, 32 urte daramatzatelako halakoak egiten. Alabaina, neurketak ur sakonagoetan ere egiteko beharra adierazi dute Aztiko ordezkariek: «Klima aldaketak gure kostaldean izan dezakeen eragina ikusita, beharrezkoa litzateke neurketak ur sakonagoetan egitea, ez baitakigu zer gertatzen ari den 110 metrotik behera».
Ildo horretan, nabarmendu dute egunotan zenbait hedabidetan itsasoko ur azalaren tenperatura beroaren inguruan aipatzen ari direnak printzipioz ez daukala zerikusirik klima aldaketaren gaiarekin. «Ur azalean 24 gradutan egon daiteke, baina hogei metro beherago hamasei gradura jaitsi daiteke. Zutabe osoa hartu behar da aintzat halako datuak kontuan edukitzeko», adierazi du Adolfo Uriarte Aztiko ozeanologoak. Izan ere, une honetan oso beroa egon daiteke, baina aski izan daiteke haizea edo olatuak mugitzea eta berehala ur azalaren tenperatura jaistea.
Munduko itsasoen berotze orokorraz ohartarazi dute nazioarteko hainbat zientzialarik. Txinako Zientzietako Akademiako Fisika Atmosferikoko Institutuak aurten iragarri du 2017an neurtu zituela mundu osoko ozeanoen tenperaturarik beroenak. Edonola ere, Txinako zientzialariek gogorarazi dute Ozeano Atlantikoak eta hego hemisferioko ozeanoek nozitu dutela horren eragina modu nabarmenagoan.