politika
Mugarri bat bide luzean
Jon O. Urain
ELKARREKIN PODEMOS
Autogobernu Lantaldea astiro ari da gaia jorratzen; 2012-2016 legealdian ekin zion, eta dozenaka adituren iritziak bildu zituzten. 2016ko udazkeneko hauteskundeetan, Elkarrekin Podemos koalizioak 11 legebiltzarkide lortu zituen, eta 2017ko urtarrilean onartu zuten lantaldea berriro osatzea. Aurreko legealdiko lanak osatze aldera, Elkarrekin Podemosek hilabete batzuk izan zituen berak eskatutako adituen hitzaldiak lantaldera eraman eta estatus berrirako proposamen bat ontzeko.
Elkarrekin Podemosen proposamena jasotakoan, Jone Berriozabal lantaldearen koordinatzaileak talde guztien txostenen sintesi bat osatu zuen, eta, geldialdi baten ostean, lantaldeak erritmoa bizitu du, azken asteetan astero egiten baititu batzarrak, bi astetik behin biltzeari utzita; maiatz hasieran ekin zioten oinarriak adosteari, eta bi hilabeteko epean landu dituzte atal guztiak. EAJ-EH BILDU GEHIENGOA
Hitzaurrea eztabaidatzen hasi ziren taldeak, gehienak baitatoz bat estatutu berriak behar duela 1979ko testuari falta zaion aitzinsolasa. EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek gertu izan zuten akordioa, baina azkenean legebiltzarreko bi indar nagusiek adostu zuten testua. Eskema hori errepikatu da atal ia guztietan: Atariko Tituluan, eskumenetan, botere publikoetan, erregimen ekonomikoan, nazioarteko harremanetan, estatutuaren erreforman eta xedapenetan. Azken egunean izan bada ere, eskubideen arloan zabalagoa izan da adostasuna, bat egin baitu Elkarrekin Podemosek ere.
Hain justu, gehiengo hori kritikatu dute Elkarrekin Podemosek, PSE-EEk eta PPk: posizio «maximalistak» edukitzea eta akordioak soilik abertzaleen artean egin nahi izatea leporatu diete EAJri eta EH Bilduri. Andoni Ortuzar EAJko presidenteak arrazoia eman zien neurri batean, elkarrizketa batean esan baitzuen oinarriak finkatzea «Olentzerori gutuna» idazteko fasea dela. Bi indar nagusiek ere izan dute kritikarik talde unionistentzat: gogorarazi diete gehiengoa dutela legebiltzarrean, eta batez ere PSE-EEri eta PPri leporatu diete eztabaidari berari uko egin izana.
Horrela izan da hein batean. PPk hasieratik utzi du argi ez duela inolako asmorik estatutua erreformatzeko, eta ostiralean iragarri zuen osoko zuzenketa aurkeztuko ziola oinarrien testuari.
Atalkako boto partikularrei uko egin eta testu osoari zuzenketa aurkeztea lehenetsi du PSE-EEk ere. Haren kritikaren funtsa da estatus proposamenak gainditu egiten dituela Espainiako Konstituzioaren mugak, eta Espainiarekiko harreman federalaz mintzo da boto partikularrean. Azken urteetan prest egon bada ere hitzaurrean nazio kontzeptuaren adiera zehatz bat jasotzeko, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2010ean Kataluniako estatutuaren aurka emandako ebazpena darabil boto partikularrean, argudiatzeko nazio hitzak ez duela balio normatiborik baina baduela balio juridikoa, eta, beraz, horren aurka egiteko. Alderdiaren beste proposamenetako bat da estatutua erreformatzeko gehiengoa gogoratzea; gehiengo absolutua behar da gaur egun, baina PSEk nahi du legebiltzarraren bi heren edo hiru bosten behar izatea.
Bestelako jarrera izan du Elkarrekin Podemosek. Gai «identitarioak» lehenestea leporatu die EAJri eta EH Bilduri, baina eztabaidan aritu da atal ugaritan akordioa bilatzeko. PSE-EEren ildotik, salatu du hitzaurreko eta Atariko Tituluko edukiek gainerako atalak baldintzatu dituztela, baina eskubideen atala mamitzea zuen lehentasuna, eta horretan bat egin du EAJrekin eta EH Bildurekin.EPEAK ETA ALDAGAIAK
Eta aurrerantzean, zer? Oinarrien testua aditu talde baten esku geratuko da irailean, horri testu artikulatuaren forma eman diezaioten. Taldeek aditu bana izendatu beharko dute irailaren 7rako. Praktikan, horrek ondorio bat du: oinarriak nagusiki adostu dituzten taldeek bi ordezkari izango dituzte batzorde horretan, eta babestu ez dutenek, hiru. Horregatik, ostiraleko bileraren ostean, Joseba Egibar EAJko legebiltzarkidea eta EH Bilduko iturriak bat zetozen mezuan: oinarriak argiak dira, eta adituei soilik dagokie oinarri horiek testu artikulatu batean antolatzea.
Talde horrek aintzat hartu beharko du, oinarriez gain, Eusko Ikaskuntzak herritarrekin eginiko foroetan jasotako iritzien txostena. Eusko Ikaskuntzak irailaren amaierara arteko epea du txosten hori aurkezteko, eta, bi agiriak eskuan, adituek zortzi hilabeteko epea izango dute testu artikulatua Eusko Legebiltzarrera itzultzeko: beraz, gutxi gorabehera 2019ko maiatzerako; udal eta foru hauteskunde betean.
Lege proposamen gisa erregistratuko dute testua, eta orduan taldeek aukera izango dute zuzenketak aurkezteko testu artikulatu horri. Litekeena da eztabaida hori 2019ko udazkenean izatea. Onartuz gero, Espainiako Gorteetara eraman beharko litzateke ondoren, eta, horiek ere onetsiz gero, herritarrek berretsi beharko lukete, erreferendum bidez. Bide horretan, aintzat hartu beharreko bi aldagai daude: legealdia 2020ko udazkenean amaituko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta ikusteko dago Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak zenbateraino luzatu nahi eta ahal izango duen legealdia.GALDEKETA GAITZAILEA
Bide horretan, oraindik argitu gabe dago «galdeketa gaitzaile» bat egingo litzatekeen, Eusko Legebiltzarrak onartutako estatutua Madrilera bidali aurretik jakiteko ea herritarren oniritzia duen. Joan-etorriko kontzeptua izan da; EAJk Eusko Legebiltzarreko 2016ko hauteskundeetarako aurkeztutako programan jaso zuen kontsulta hori egiteko aukera: «Adostuko diren oinarrien arabera, egungo Autonomia Estatutua aldatzeko proiektu politiko eta juridiko bat idatziko da, eta Eusko Legebiltzarrak berretsi beharko du. Onartu ondoren, egokitzat jotzen dugu aipatu estatutuaren erreforma horrekin Gorte Nagusietan izapideari ekin baino lehen euskal herritarrek parte hartuko luketen galdeketa gaitzaile bat egin behar izatea». Aurrez ere aipatua zuen aukera hori Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean, EAJk aurreko legealdian aurkeztutako proposamen batean. Horrelakorik ez zen ageri, ordea, EAJk aurtengo otsailean Autogobernu Lantaldean aurkeztu zuen proposamenean.
Azken asteetan, ordea, EAJk kontzeptu hori berreskuratu du, eta baita estatus berriaren oinarrietan jaso ere, EH Bildurekin adostuta. Berez, etorkizuneko erreforma posible batean ezarriko litzateke, baina EAJk eta EH Bilduk ez dute baztertzen egungo erreforman ere txertatu ahal izatea. Egibarrek joan den ostiralean gogorarazi zuenez, badaude legezko bideak horretarako, 1979ko estatutuaren presazko erreforma edo Espainiako Gobernuari galdeketa bat antolatzeko eskumena eskatzea, kasurako. Madrilek ostiralean bertan itxi zion atea aukera horri. Elkarrekin Podemosek ez, baina galdeketa hori Eusko Legebiltzarraren bi herenek deitzea nahi du koalizioak; Elkarrekin Podemosen babesa ezinbestekoa litzateke horrela. Gainera, uste du galdeketa horrek balio izateko —ez bete beharrekoa izateko— parte hartzeak %60tik gorakoa izan beharko lukeela.
Beraz, galdeketa egin dadin, aintzat hartu beharrekoa izango da kontsulta hori egiteko unean nor —eta zer beharrekin— dagoen Moncloan, EAJk soka tenkatu nahi duen eta Madrilek ezezkoa emanda ere zer aukera dauden kontsulta gauzatzeko.