astekaria 2018/07/13
arrowItzuli

kultura

Patuak urrezko hizkiz idazten du

Karlos Linazasoro

Patuak urrezko hizkiz idazten du

BURDINDEGIAN



Burdindegiko jabea naiz. Bezeroak bere burua urkatzeko soka bat eskatu dit. Kasu hauetan erabiltzen den ohikoa atera diot. «Nahi duzu biltzea?», galdetzen diot, adeitasunez. «Ez, ez, oraintxe erabili behar dut. Mila esker». Irribarre egiten diogu elkarri. Zerbait esate aldera, botatzen diot: «Spleen? Taedium vitae? Maiteminen bat, akaso?». «Ez, ez, jauna. Emazteak eta seme-alabek oso maite naute, miretsi ere esango nuke. Zazpi dauzkat». «Hilurreneko gaixotasunen bat, orduan». «Nik dakidala ez, behintzat. Zezen bat bezalaxe nago. Hamabi kilometro egiten ditut korrika egunero». «Lanean arazoak, jakina. Ezin duzu sendia aurrera atera. Izan ere, asko zarete». «Gastatu dezakedan dirua baino askoz gehiago irabazten dut. Asko. Nire enpresa izugarri ongi dabil, inoiz baino hobeto esango nuke». «Izatearen arintasun jasanezinak kezkatzen zaitu, bizitza amaitzen ari dela ikusteak». «Ez ba, Jainkoagatik! Inoiz ez diot izan beldurrik heriotzari, bizitza badoala sentitzeari!». «Gainera, zu multiorgasmikoa izango zara, noski». «Bai, halaxe da, jauna; nabaritu egiten zait, ala?». «Aurpegian idatzia daramazu, hala hitz egin ahal baledi. Izan ere, horrenbeste perfekziok... azkenerako, hil egiten du...». «Ikusten? Zuk ere nik bezalaxe pentsatzen duzu, eta horrek berebiziko poza ematen dit». «Hogeita hiru euro dira, mesedez, jauna». «Noski. Gorde bueltak, eta mila esker».

ITSASKETA



Bi gizonek ozeano handia zeharkatzen dute beren belaontzi ttikian. Itsasoa saldatsu dago, gelditasun erabatekoan.

-Arraunean egin dezagun, Juan.

-Egun asko daramatzagu arraunean, Roman.

-Hori egia da. Baina gero eta hurbilago gaude.

-Ez ezazu zeure burua engaina: zenbat eta gehiago arraun egin, orduan eta gehiago urruntzen da gugandik.

-Ez nator bat zurekin. Harkaitz hori gero eta hurbilago dago. Begira iezaiozu.

-Gaur ez da ikusten; atzo, bai.

-Ganduarengatik izango da, orduan.

-Ez dakit nik... Horrenbeste egun jada...

-Txandaka egingo dugu arraunean. Ikusiko duzu nola...

-Agian arrazoi izanen duzu, bai.

Roman bere indar guztiarekin hasten da arraunean ustez harkaitza dagoen punturantz. Juan, bien bitartean, lo-kuluxka bat egiteko asmotan etzaten da.

HILKETAREN LEKUAN



-Zer iradokitzen dizu honek guztiak, komisario?

-Hilketaren lekuan beti uzten da zerbait ahaztua: ile bat, metxero bat, atzazal bat, giltza bat, erloju bat, domina bat, malko bat, odol tanta bat, zapata lokarri bat, mahuka-biki bat, xingola bat, pelutxezko txakur bat, boligrafo bat, pistola bat, panpina txotxona bat, egon ez joan hauek dira gaur gaueko azkenak!, kartera bat, zigarrokin bat, aspiragailu-zurrupagailu eder bat, zain dago saria!, lore bat, sakelako bat, txartel bat, bagoazela! bagoazela!, harrapatuko zaituztet!, non ikusi da halako opari-festarik!, giltzari bat, eguzkitako betaurreko batzuk, hara hara etxea leihotik behera!, bizikletak eta presio-eltzeak, nespresso harrapatuko zaitut preso!, neskatila gaixoa, horzdura bat, koka-poltsatxo bat, eskuargi bat, bihurkin bat, begira gizon erreminta-kaxari ez du-eta ezeren faltarik!, aleajartaes, bizirik dagoela dirudi eta, begiraiozue, eros eta egon, gaur bagoaz-eta urrutira bon-bon!, painelu bat, soka bat, burdinazko kate bat, kulerotxo urratu batzuk, labana zuri bat, porcelanas del Bidasoako baxera bat...

FRANZ



Paseoan zebilen Franz hiri aldiriko baso batean zehar, guztiz bere baitara bildua. Halako batean, bere bidera irten zen labezomorro bati sekulako ostikada jo zion. Bururik gabeko zaindari bat hurbildu zitzaion istantean:

-Barkatu, jauna: arau-hauste larri bat burutu berri duzu.

-Ez dakit zertaz ari zaren, zaindari jauna.

-Ostikada bat jo diozu labezomorro bati, eta hil egin duzu, ez da hala? Ba, labezomorro hori babestutako espezie bat da.

-Oi, izugarri sentitzen dut! Ez nekien halakorik ezer!

-Sentitzen dut hau esatea, jauna, baina zure okerragatik kondenatua izango zara. Orain, mesedez, eser zaitez banku honetan.

-Esan diezadakezu zenbateko izango den nire kondena, zaindari jauna?

-Xehetasun hori ez da nire eskuduntzakoa, jauna. Beste zaindari batek komunikatuko dizu hori ahalik eta lasterren.

-Presa handia dut, benetan.

-Ez zaitez horregatik arduratu, jauna. Segituan iritsiko da. Heltzen denean, emaiozu, mesedez, nire partez jakinarazpen hau. Egon zaitezke lasai: beti da zuzena eta justua. Godot izena du. Arratsalde on bat izan dezazula, jauna.

ERREGEAREN ILOBA



Erregearen iloba zen.

Sei hilabete bete zituenean, sehaskatik panpina bat erori zitzaion, eta honek, bere anatomia zatikaturen bidez, hitz perfektu bat osatu zuen zoruan.

Urtea bete zuenean, puzzle bat erori zitzaion, eta honek esaldi bat burutu zuen zoruan, sinestesiaduna.

Hurrena, bi bete zituenean, jolas didaktiko bat erori, eta aforismo bat sortu zuen.

Gero, hendekasilabikoak eta alexandrotarrak iritsi ziren. Lehenik, hiru bertso-lerro, gero zortzi, azkenean hamahiru. Beren errima nahitaezko eta guzti.

Sekula ezin izan zuen sonetora iritsi.

Goiz-txinta batean fusilatu zuten.

BERRIAn argitaratua (2018/07/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA