astekaria 2018/07/13
arrowItzuli

kultura

IMANOL UBEDA, 'DON INORREZ'

«Nik tira egin nahi dut; ez dut geldirik egon nahi»

Gorka Erostarbe Leunda

«Nik tira egin nahi dut; ez dut geldirik egon nahi»

Jose Luis Otamendi poetak idatzitako Don Inorrez kantuko protagonista ez bezala —Bide Ertzean-en diskoari (2010) ere izenburu eman ziona—, ez dator inor beldurtzera; baina kantu hartatik hartu du izen artistiko berria: «Eskarmentu pixka bat bildu dugu musikaren munduan, baina ez gara inor; gainera, Imanol Ubeda ez zitzaidan izen bereziki artistikoa iruditzen». Bide Ertzean taldeak aldi baterako etena hasi zuen 2016an. Talde hartako gitarra jotzaile eta kantaria da Imanol Ubeda (Tolosa, Gipuzkoa, 1973). Hark ez du etenik nahi, kantuak baitatozkio, eta etorri eran eman nahi. Izen berriarekin, izan musikal berritu bat. Edo zaharberritu bat bederen. Paco Loco musika ekoizle espainiar entzutetsuaren Puerto de Santa Mariako (Cadiz, Espainia) estudiora hainbat bidaia eginda argitu zitzaion bidea, jada argi zuen aldartea lagun. Eta Mugirobila diskoa plazaratu zuen udaberri hasieran; bere betiko pop melodiak jantzi zakarragoz, bihurriagoz, indartsuagoz landuz.

Mugiro baten bila abiatu zenuen Don Inorrez proiektu berria. Topatu duzu mugiro hori?

Mugiro hori animo egoera bat da, gauza fisiko bat baino gehiago da aldarte bat, eta izenburua bada horren adierazgarri edo erakusgarri. Bide Ertzean-ekin eten egin dugu gure martxa, baina nik tira egin nahi dut; ez dut geldirik egon nahi. Tira egin nahi dut aukera dudalako eta kantugintzan jarraitu nahi dudalako.

Eta bilaketa da kontzeptu inportantea...

Disko guztiak dira bilaketa bat. Denok gabiltza hor, ahal duguna egiten; eta gauza batzuk oso-oso argi izan ditzakezu, baina beste gauza batzuk oso argi ere ez. Hemezortzi urtetan egon gara proiektu batean buru-belarri, eta orain nola berrasmatu, edo nola...

Azalberritu?

Bai, hori da. Agian azalberritzea hitz egokiagoa da berrasmatzea baino, zerbait asmatzen konplikatua baitago egun.

Zuzeneko batzuk eman dituzu dagoeneko. Aldarte hori jendearengana transmititu dela sentitu duzu?

Beti izaten dut zalantza asko disko berri bat egin orduko, eta bi urte atzera eginda zalantza pilo bat neukan. Kasu honetan, diskotik abiatu ginen. Diskoa egin genuen, eta gero hasi ginen kontzertuetan pentsatzen. Nik zalantza asko nituen hasieran, baina gero konturatu naiz Bide Ertzean-en ondoren badagoela bizitza posiblerik. Kontzertuetatik atera dudan ondorio nagusietako bat da hori. Bide Ertzean-ez aparte posible da proiektu bat egitea, eta neure burua eroso sentitzea beste egitasmo batean, beste musikari batzuekin.

Harreman baten amaieran bezala sentitu zenuen zeure burua?

Antzeko zerbait da. Eta zalantzak nituen: nork nahiko ote zuen nirekin jo, nork nirekin talde batean parte hartu? Eta, bat-batean, bidean topo egin dut musikari handiekin. Fernando Neira baxu jotzailearekin, Ruben Caballero gitarra jotzailearekin, Karlos Aranzegi bateria jotzaile eta nire betiko kidearekin... Hor ikusi dut zuzenean ere azalberritu garela. Bost kontzertu egin ditugu, eta oso politak izan dira. Ondo joan dira; hori bai, iruditzen zait gure publikoa antzekoa izan dela. Alde horretatik, ez gara asko azalberritu. Baina jaso dudan feedbacka oso ona izan da, eta iruditzen zait jendeak ulertu duela gure apustua.

Elementu bat baino gehiago dauzka apustu horrek. Ironia, ukitu zirikatzailea, zerbait bihurriagoa ematea da mugiro berri honen gakoetako bat?

Bai, dudarik gabe. Nik uste dut azalberritze horretan ez naizela hutsetik abiatzen. Atzetik badut ibilbide bat; gainera, ibilbide luze hori talde batekin egin dut. Proiektu berri bat abiarazita, aldendu egin nahi nuen lehengotik, markatu nahi nuen distantzia bat. Bilaketa horretan ari nintzen Courtney Barnett entzun nuenean; hitz batzuk irakurri nituen, eta oso graziosoak eta deigarriak iruditu zitzaizkidan. Hura entzutean etorri zitzaidan gogora Jone Gorostarzuren Des egiten liburua; liburu horrek sekulako kolpeak dauzka, eta oso oharkabean pasatu da. Hor topatu nuen Bere txisteak poema, eta kantua egin nuen. Hori izan zen abiapuntua. Hor ikusi nuen bazegoela bide bat urratzeko. Saiatu nintzen tonu horri eusten, baina konturatu nintzen oso zaila egiten zitzaidala. Segika ditut kantuan badago parodia bat neure buruarena. Hor dira Garai postmodernoan, Nekropolian... baina zaila egiten zitzaidan tonuari eustea. Nik badut idazteko modu intimoago edo pertsonalago bat, eta hor daude Euripean, Udaberriko azken mugan...

Batetik, aurreko etapaz desmarkatzeko, baina, bestetik, garai postmoderno hauek eskatu dizute beste tonu hori?

Bai, garai hauekin badoala uste dut. Zehazki, herri honetan, orain badago eraldaketa garai bat; igual beste garai batean tonu honetan idaztea ez zen hain egokia izango, edo ez zen hain ondo ulertuko; mila kantu entzun, eta errespetuz har ditzakezu, baina beste gauza bat da ulertu edo ez. Kontestu berri honetan akaso egokiagoa da tonu hau.

Egoki edo ez, sare sozialetan joera ere izan da tonu hori...

Bai, eta horrek ere kutsatu nauela uste dut, nola edo hala.

Musikara iristeko moduak aldatu zaizkizu garai postmodernootan?

Teknologiekin, sarearekin, bestela iritsiko ez nintzen leku askotara iritsi naiz. Guztioi eragin digu musika kontsumitzeko beste modu bat dago, baina, era berean, zarata asko dagoela iruditzen zait... eta galbahe lana...

Nola egin?

Gaizki dago nik esatea kazetaria naizenez gero, baina, niretzat, kazetaritza da galbahea. Nik kazetari erreferentzia batzuk ditut, aldizkari batzuk, irrati batzuk, atzerrikoak nahiz bertakoak... Niretzat, horiek dira filtroak. Atzo enteratu nintzen, adibidez, The Jayhawksek disko berria atera behar duela. Abesti berri bat entzun, eta txoratu egin nintzen; igual entzun nuen hamar aldiz jarraian. Eta, begira, abesti hori da taldea zuzenean jotzen, bi gitarra akustiko, piano bat, eta harmonia batzuk zoragarriak. Horiek dira grabazio modu antigoalekoak, eta horiek ere zoragarriak dira.

Orain teknologia gehiegi?

Edozer gauza egin dezakezu musikan, baina oinarrian beti dago kantua, zerbait intangiblea, eta kantuak funtzionatzen du edo ez, eta hori oinarri-oinarrizkoa da. Gero, apaingarriak ez dira hain inportanteak. Garai postmodernook erraztu dituzte gauza asko, eta ekarriko dituzte gauza oso bereziak ziur aski, eta, ondo erabiliz gero, oso aberasgarriak izan daitezke tresna horiek.

Garai postmoderno hauetan sortzailea don inorrez bat da?

Bai, gero eta gehiago. Sortzailearen inguruan beti egon da industria bat, sektore bat antolatuta, eta, kontuz, iruditzen zait beharrezkoa dela, baina beti izan da sortzailearen bueltan eraiki izan den piramide bat. Eta, orain, diskogintza erori den garai honetan, finantza krisiak ekarri du prekaritatea, eta zer esanik ez musikaren sektorera. Gaur egun, balentria bat iruditzen zait disko bat grabatu, defendatu eta plazaratzea. Ez dut ezkorra izan nahi, baina...

Hain zuzen ere, horrek guztiak badakar bide berriak esploratzea ere, eta zuek Lizarbakar zigilu propioa sortu duzue diskoa ateratzeko.

Bai, eta hori ere inportantea da, eta aberasgarria da, baina prekaritatearen kontuak asko kezkatzen nau, eta sortzaile askoren ahotan dabil, berdin idazle, antzerkigile... baina berdin tabernariak, beste sektoreak... Iruditzen zait jendeak, erakundeek, kulturan gabiltzanok kariñoz begiratzen gaituztela, baina besteak bezalaxe tratatzen gaituzte.

Beti zailtasunak izan dituzue musikariak biltzeko eta elkartzeko.

Bai, zaila da hori oso, kasuistikak oso desberdinak baitira. Nik beste ogibide bat dut, kazetaria naiz. Kasualitatez, nire ogibidean ere eroso sentitzen naiz, eta ez nuke nahi musika ere ogibide gisa sentitu. Zenbait musikari haserretu izan zaizkit hau esan izan dudanean. Musikarako apustu hori egiten duen jendea beti iruditu zait miresgarria. Ofizio ederragorik ez zait okurritzen, baina oso zaila ikusten dut... Gazte musikariei entzun izan diet: «Nik musikari izan nahi dut», eta burura etorri ohi zaidana da: «Animo!».

Soinu estetikaren aldaketa bat ere egin duzu lan berrian, pop zakarrago baterantz, 90eko indie horren oihartzunak hartuz. Baina, funtsean, beti ageri da kantua, pop kantua, bai Bide Ertzean-en, eta are, baita Deabruak Teilatuetan-en ere...

Deabruak-en bazeuden hardcore kutsuko abestiak; garai hartan Fugazi eta abarrak entzuten genituen, baina bazeuden pop abestiak ere, eta neurri batean oso melodikoa zen Deabruak. Egun, zuzenekoetan egiten dugu Gaur euria egin du-ren moldaketa bat. Melodiarako joera hori fabrikatik datorren marka da nolabait. Gustatuko litzaidake nire musika paleta horretan beste erregistro batzuk topatzea, baina... Tira, popa oso marko zabala da, eta adar askotatik edan dugu.

Eta Bide Ertzean? Noiz arte etena?

Anaiak [Joni Ubeda, taldeko baxu jotzailea] bigarren umea izan zuenean etorri zen etena. Hori izan zen taldearen martxa eteteko arrazoi nagusia. Beraz, txikiak koxkortzen direnean libreago ibiliko den esperantza dugu. Urte batzuk joango dira oraindik. Etena, noiz arte? Ba, ez dakigu, baina badugu berriro noizbait elkartzeko gogoa Jonik, Joserrak [Senperena, teklatuak], Karlosek [Aranzegi, bateria] eta laurok. Fran [Iturbe, gitarra] AEBetan bizi denetik, zailagoa dugu haren parte hartzea. Denbora kontua da.

BERRIAn argitaratua (2018/07/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA