politika
Lehen pausoetarako egokiera
Enekoitz Esnaola
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu berriak orain dela hiru aste iragarri zuen berriki ETA desegin dela-eta aldatu egingo dutela espetxe politika —«demokraziak garaitu egin zuen ETA»—, eta larri gaixorik dauden presoak eta 70 urtetik gorakoak hurbiltzeaz mintzatu da, eperik jarri gabe. Ez da nahikoa hori euskal gizartearentzat: gehiago eskatzen diote.
Gaur-gaurkoz, adostasun handia dago Hego Euskal Herrian, Foro Sozial Iraunkorrak definitu bezala, «premiazko» eskaera batzuen inguruan: gerturatzea; gaixo diren presoen aldeko neurri «humanitarioak» — 70 urtetik gorakoen eta haur txikiak dituzten amen aldekoak ere aipatzen dira—; gradu progresioa; zigorrak zenbatzeko Europako irizpideak; eta eskumenak EAEra eta Nafarroara —kartzelena eta indarkeria kasuetarako Espetxe Zaintzako epailearena bueltatzea—. Urriaren 20an —ETAren jarduera armatuaren bukaeraren iragarpenaren zazpigarren urteurrenean—, eskaera horiek aldarrikatuko dituzte Bilbon, manifestazio batean, Orain Presoak dinamika sozial berriak deituta.
Abokatuek eta eragile ugarik ohartarazi bezala, presoak Euskal Herriratzeko ez dago lege baldintzarik, eta gaixoen eta adinekoen aldeko neurriak giza eskubideekin lotuta daude, baina auzia politikotzat dute —1989an gobernuaren erabakiz urrundu eta sakabanatu zituzten euskal presoak; legeak eta arauak berariaz aldatu edo sortu dituzte...—, eta, orain ETA desegin dela, Hego Euskal Herrian ia guztiek aitortzen dute inoiz ez bezalako baldintzak daudela Madrilek kartzela arloan pausoak emateko.
«Etxeko lanak eginda»
Gainera, Sortuk nabarmendu du EPPK eta ezker abertzalea «etxeko lanak eginda» iritsi direla fase politiko honetara. Hor aintzat hartzekoa da, ETAren armagabetzeaz eta desegiteaz gain, EPPKren hautua «etxeratze» prozesuan legediaren bideari jarraitzeko, baita eragindako kalteaz ETAk plazaratutako adierazpena ere. Beste faktore bat da euskal eragile sozial, sindikal eta politikoek presoen gaia agendan dutela. Eta beste bat, Frantziako Gobernuaren jarrera, otsailetik presoak gerturatzen ari baita, Justizia Ministerioren eta Ipar Euskal Herriko ordezkaritzaren arteko elkarrizketen ondorioz.
Aldatu da klima politikoa, zabaldu dira adostasunerako aukerak, akordioa lortzearren bestearen posizio batzuk onartzeraino. Eusko Legebiltzarreko ekainaren 13ko batzar bat da giro eta borondate horren adibide bat: EH Bilduk urrunketaren eta «salbuespenezko» neurrien aurkako eta espetxe politika berri baten aldeko legez besteko proposamena aurkeztu zuen Giza Eskubideen eta Berdintasunaren Batzordean, eta EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk zuzenketa bat gehitu zioten: «Bizikidetza politiketan indibidualizazio, gizatasun eta eragindako kaltearen aitortza bezalako printzipioak ezartzea». Lau indar politikoak, ados, eta proposamena, onartua. PP, aurka, ohi duen moduan. Nafarroako Parlamentuan oinarritzat hartu zuten dokumentua, eta han ere onartu zuten: laukoak eta PSNk. Ondoren, Hegoaldeko sindikatuek jo dute baleko, CCOOk eta UGTk barne.
Moncloara iritsi —eta nola—, eta bi astera Sanchezek espetxe politika aldatuko duela esateak ezustean harrapatu ditu eragile gehienak, denak ez aipatzearren. RTVEko elkarrizketa batean iragarri zuen aldaketa. Hiru egun lehenago iradoki zuen hori gobernuko eledunak —Isabel Zelaa euskal herritarrak—, Ministroen Kontseiluaren bileraren ondorengo prentsaurrekoan, «inguruabarrak aldatzen direnean, bestelako politikak» behar direla esanda; «seguruenik, horretaz hitz egingo dugu beste prentsaurreko batzuetan». Ekainaren 18an eman zuen aldaketaren berria Sanchezek berak. Handik astebetera, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria hartu zuen, Moncloan, eta hizpide izan zuten euskal presoen auzia, bi gobernuek horri buruzko lantaldea sortuko duten argi geratu ez bada ere —Urkulluk baiezkoa zioen, Madrilek ez du berretsi eta PSE-EEk dio ez dakiela ezer—.
Mariano Rajoyren kontrako zentsura mozioaren egunean, eta aldaketa emango zela ziurtzat jotzen zenean, presoen auzian ez zen baikortasunik ezker abertzalean, agintaldi motza aurreikusten zelako; neurri humanitarioaren bat eta kito. Egunek aurrera egin ahala ikusi da luzea izan daitekeela legealdia —bi urte falta dira—, eta Sortuk dokumentu batean dio «ustekabekoa» izan dela sozialistek «espetxe politika errealitate berrira egokitu beharko dela esanez egindako adierazpenak». Ez du ondo hartu Fernando Grande-Marlaskaren izendapena Barne ministro modura, baina dio «itxura ezberdina» duela Angel Luis Ortizenak Espetxe Instituzioetako idazkari nagusi, Justiziako beste izendapen batzuek bezala.
Langak
Bigarren graduko ia denak Euskal Herriko kartzeletan eta, batik bat, inguru samarrekoetan egon arren, azkenaldian bik baino ez dute jaso irteera baimena: Xabier Sagardoik —bi aldiz eta Sara Majarenasek —apiriletik libre dago, zigorra osorik beteta—. Zigorraren laurden bat beteta izatea eta portaera ona edukitzea eskatzen zaio presoari asteburuetako edo jaiegunetako baimenak izateko, baina ezohiko tratamendua ezartzen diete euskal presoei. Gainera, hirugarren gradura pasatzeko, 7/2003 legearen ondorioz, Espetxe Araudiko 72.6. artikuluarekin «terrorismo» delituengatik zigortutako presoei baldintza gogorrak exijitzen dizkiete: kolaborazioa, arbuioa, barkamena… Jose Maria Aznar gobernuburuaren garaiko asmakizuna da 7/2003a. Eta, hirugarren graduan, are baldintza gogorragoak daude jarrita irteteko baimenetarako eta baldintzapeko askatasunerako. Langak.
Legediak hala eskatzen ez duenean ere ezarri nahi dizkiote ezker abertzaleari langak. Esate baterako, Euskal Herriratzeko edo hurbiltzeko, Madril aldean esaten ari dira gobernuak aintzat hartuko duela presoak zer delitu mota ezarria duen eta kondena zenbateraino daukan beteta, eta biktimen elkarteak ETAren arbuioa eskatzen ari dira. Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari berria presoak «progresiboki eta indibidualki» gerturatzearen alde azaldu da, baina ohartarazi du ona litzatekeela Sortuk adieraztea gaizki egon zela hiltzea Lozak ez du nahikotzat jo esatea gaizki dagoela hiltzea eta uste du presoa ondoren horri atxiki beharko litzaiokeela. Urkulluk eta Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak ere ezarri zuten beste eskakizun bat, ETAren desegitearen biharamunean, Bertizko agerraldi instituzionaleko adierazpenean: eragileek eta presoek partekatzea «indarkeria bidegabea» izan dela, «ETArena bereziki».
Halaber, ordea, Urkulluk esan du «salbuespen neurriak gaindituko dituen politika berri bat» behar dela, eta Barkosek Madrili eskatu dio «espetxe politika arruntera» itzultzeko eta «politika bereziak» amaitzeko. Horretan eta Foro Sozialak aipatutako lehentasunezko neurriez Hegoaldean kontsentsu zabala dago. Frantzia hasia da mugitzen; Espainiak, iragarri du hasiko dela. «Aukera» ikusten du ezker abertzaleak.
Bi urte
EPPK-k iaz zioen, eztabaidaren ondorioetan, «kartzelak husteko bidean emandako urrats oro ontzat» emango duela. Harrezkero, ETArekin lotura izandako ia preso guztiek ekarpen handi bat egin dute: haren desegitearen alde agertu dira, botoa emanda. Sortuk ere badio ez litzatekeela «txarra» izango «gizarte zibilak mahai gainean jarri dituen premiazko erantzunak» ematen joango balitz Madril, nahiz eta neurriok ez izan ezker abertzaleak nahiko lituzkeen modukoak edo abiadurakoak.
«Gizarteratzeko» onuren unea iristean izango da zer eztabaidatu, alor delikatua baita. Baina orain ez daude «estadio» horretan, presoen abokatuek esan bezala: EPPK-ko ia inor ez dago onurak hartzeko egokieran —AEMko inor ez—, lehen graduan baitaude. Bi urtean urrats asko egin daitezkeela iritzi diote eragileek, eta 2020an egoera egonkorra legokeela. Eta, orduan, gauza berriak egin daitezkeela.