astekaria 2018/07/07
arrowItzuli

bizigiro

Kostaldearen esentzia barnealdean

Naia Begiristain Etxezarreta

Kostaldearen esentzia barnealdean

URIBARRI GANBOAKO URTEGIA

Arabako lautadaren bihotza

Zuhaitzek eta landareek inguratzen dute Arabako lautadako altxorra: Uribarri Ganboa urtegia. Gasteiz eta Arrasate artean dago, eta landare eta animalia espezie askoren bizilekua da, klimagatik. Gizakientzat ere oso erakargarria da. Eguraldi ona egiten duenean, bete egiten dira urtegiko hondartzak, Landa eta Garaiokoak. Bainurako eremu prestatuak daude: sorospen zerbitzua dago 12:00etatik 20:00 arte. Bisitariek denetarik aurki dezakete: komunak, aparkalekuak, tabernak... Kirola gustuko dutenek ere hamaika aukera dituzte: uretako ekintzak antolatzen dituen enpresa bat dago, baita lakuari bira egiten dion bide berdea ere: oinez edo bizikletaz egin daiteke.

Urtegiak uharte nagusi bat du, Zuhatza. Euskal Herriko hainbat txokotako haurrak biltzen dira bertan udalekuetan. Beste hainbat uharte ere baditu Uribarri Ganboak; landare eta animalia espezie ugari bizi dira horietan. Lakua ezaguna da hegazti aniztasunagatik: murgil handia (itsas belea) da Uribarri Ganboako irudia. Hegaztiak ikusteko begiralekua urtegian bertan dago, Mendixurrako parke ornitologikoan.

Gasteiztarrak, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak joaten dira gehien lakura. Hala ere, Uribarri Ganboak izaten ditu beste hainbat tokitako bisitariak ere. Uda garaian bete egiten dira laku ondoko hondartzak: 2.000 pertsonatik gora bildu daitezke egun sargori batean.

LEURTZAKO URTEGIAK

Ostartea Nafarroako basoan

Mendi artean dagoen baso batek ezkutatzen ditu Leurtzako urtegiak. Nafarroa iparraldeko bi herriren lurretan daude lakuak: Urrotz eta Beintza-Labaien.

Leurtza baso inguruak biltzen du; bisitatzen dutenek lakuen ondoko berdeguneetan etzateko aukera izango dute. Egun-pasa egiteko leku aparta da: uretan bainatzeaz gain, aukera dago hamaika ekintza egiteko. Kirolzaleek txangoak egin ditzakete urtegien inguruko ibilbideetan. Otorduak prestatzeko, bestalde, parrilak, mahaiak eta eserlekuak daude. Uda garaian, bisitari asko biltzen dira urtegien inguruan: Leurtzak xarma berezia du.

Urtegietara autoz irits daiteke, eta bertan aparkatu. Ordaindu egin behar da aparkalekua erabiltzeko, 10:00etatik 19:00etara. Neguan pista itxi egiten dute. Oinez ere irits daiteke bertara: Urrotz eta Leurtza elkartzen dituen bide bat dago.

ESPEJOKO IBAI IGERILEKUAK

Omecillo ibaiko paradisua

Bero handia egiten duenean, ohikoa da itsasora joatea. Arabako lurretan kostarik ez dagoen arren, hainbat barnealdeko hondartza daude. Espejon, ibaia igerileku bihurtzen dute urtero. Bertan biltzen direnek ibaian presa bat jarri eta uda garaian freskatzeko aukera izaten dute.

Berdeguneak daude Espejoko ibai igerilekuen inguruan. Bazkaldu nahi dutenek mahaiak eta aulkiak dituzte. Taberna bat ere badago ibaitik gertu: han biltzen dira Espejoko bizilagunak. Herritarrak ez ezik, kanpokoak diren bisitari asko joaten dira Omecillo ibaiko uretan freskatzera; batez ere, Miranda Ebrokoak.

Ibai igerilekua txikia da: ez ditu 30 metro baino gehiago. Ingurua, bestalde, oso ederra da. Ezaugarri horrek erakartzen ditu kanpoko bisitariak. Autoz irits daiteke Espejotik ibai igerilekuetara. Aparkalekua ere badago, ibaitik gertu dagoen aterpetxearen ondoan.

BETELUKO IBAI IGERILEKUAK

Mendiko ura beroaren aurka

Aralarko malloen babesean dago Beteluko (Nafarroa) ibai igerilekua. Menditik zuzenean dator Araxes ibaiko ur hotza.

Zuhaitz eta landareek inguratzen dute putzua. Bi berdegune nagusi ditu, bat ibaiaren alde bakoitzean. Bertan biltzen dira herritarrak eta bisitariak bainua hartu ostean. Berdeguneak lotzeko, udalak egurrezko igarobidea jartzen du udan; baita haurrek jolasteko bi txirrista eta komun mugikor bat ere.

Beroa egiten duenean, berdeguneak jendez betetzen dira. Bertan biltzen diren gehienak Betelukoak eta inguruko herrietakoak dira, baina kanpoko bisitariek ere gustuko dituzte Beteluko ibai igerilekuak; gehienbat Gipuzkoa aldekoek.

Azpiegitura sinplea du Beteluko ibai igerilekuak: udalak presa bat eraikitzen du urtero San Joan inguruan. Udazkena iritsi eta eguraldia goibeltzen denean, presa kentzen dute.

Putzua txikia da: 50-60 metro inguru ditu, eta gunerik sakonenetan ez du neurtzen 1,60 metro baino gehiago. Tamainaz handia ez den arren, ingurune eder batek biltzen du ibai igerilekua.

Ibaiko putzua gertu dago Betelutik: 200 metro besterik ez dira egin behar oinez bertara iristeko. Herrian autoa aparkatzeko guneak daude.

SENPEREKO LAKUA

Itsasorik ez duen hondartza

Lapurdin, bertatik bertara dituzte itsasoa eta lakuak. Senperen dago Euskal Herriko lakurik ospetsuenetako bat: urtero izaten da bertan Herri Urrats.

Senpereko lakua, hondartza batek inguratzen du ia osorik. Bertan igarotzen dute eguna familiek. Uretan hainbat ekintza egin daitezke: piraguismoa, arraun surfa eta pedalontzian ibili, besteak beste. Koltxonetak jartzen dituzte haurrentzat.

Uretatik kanpo ere hamaika aukera dituzte bertan biltzen direnek, tirolina eta paint ball-a esaterako. Gainera, pottoka batzuk daude, haurrak gainean ibiltzeko. Lakuari oinez, korrika edo bizikletan bira emateko aukera ere badago. Hiru sorosle izaten dira Senperen ekainaren 30etik irailaren 2 arte. Uretako ekintzak 11:00etan hasi eta 19:00etan amaitzen dira. Sorosleek ere tarte horretan ematen dute zerbitzua.

Bestalde, piknika egiteko eremu bat dago, mahai eta aulkiekin. Horrez gain, hiruzpalau jatetxe daude Senpereko lakuaren inguruan. Eremua uda garairako prestatzen dute gehienbat. Eguzkiak indar handiena duen egunetan familia asko biltzen dira Senpereko lakuaren inguruan.

Lakua herrigunetik bi kilometrora besterik ez dago. Autoz irits daiteke bertara, eta urtegiko aparkalekua erabili. Orduko euro bat ordaindu behar da.

BERRIAn argitaratua (2018/07/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA