astekaria 2015/12/21
arrowItzuli

politika

UPNk eta Ahal-Dugu-k bi diputatu lortu eta EH Bildu kanpoan geratu da

Joxerra Senar Iruñea

UPNk eta Ahal-Dugu-k bi diputatu lortu eta EH Bildu kanpoan geratu da

Duela lau urte bi koalizio abertzaleak diputatu bana lortu zuten, eta atzokoan biak Kongresutik kanpo geratu ziren. Ez Sabino Kuadrak (EH Bildu) ez Koldo Martinezek (Geroa Bai) ez dute ordezkaritzarik lortu. Haren ordez, Ahal Dugu-k eman du ezustekoa, eta Nafarroan bigarren indar izatea lortu du: inkestek diputatu bat ematen bazioten ere, azkenean, Eduardo Santos zerrendako bigarrenak ere eserlekua lortu du. UPN eta PPren arteko koalizioak hauteskundeak irabazi dituzte eta bi diputatu izango dituzte. PSOE hirugarren geratu da eta diputatu bat lortu du.

Lehen datu deigarria herritarren mobilizazioa izan da. Duela lau urteko zein maiatzeko foru hauteskundeekin alderatuta sei puntutan handitu zen partaidetza: %74,3koa izan zen, guztira.

UPNk eta PPk jakin zuten euren boto-emaileak mobilizatzen, eta botoen %98 zenbatuta, 99.873 boto bildu zituzten. Lehen indarra izatea lortu izanagatik, 2011ko hauteskundeekin alderatuta, %21eko jaitsiera izan zuten, eta 26.000 boto inguru galdu zituzten. Dena den, portzentualki Espainian PPk lortutakoa baino jaitsiera txikiagoa izan zuen koalizioak Nafarroan, neurri handi batean aldaketaren aldeko gobernuaren aurkako kritika zorrotzean oinarritu duelako kanpaina. Hala, Mariano Rajoy Espainiako presidentegai izateak izan zezakeen higadura ahalik eta gehien saihestea eta euren boto-emaileak mobilizatzea lortu du.

Eskuineko koalizioak 2011n botoen %38 lortu zituen eta atzo %29. Galdutako boto gehienak Ciudadanosera zuzendu ziren, baina Albert Riveraren erakarmena ez zitzaion aski izan. Ciudadanosek Itun Ekonomikoaren eta foru erregimenaren aurkako mezua izanagatik, maiatzeko bozekin alderatuta 14.000 boto gehiago lortu zituen, eta, guztira, 24.250 boto lortu zituen. Ez zitzaion nahikoa izan Kongresuan diputatu bat eskuratzeko.

Boto-emaileen mobilizazioa batik bat Ahal Dugu-k baliatu zuen, eta duela lau urte abstenitu zirenetako batzuk erakarri ditu beregana. Hala ere, horrek soilik ez du azaltzen 79.134 boto lortu izana, eta zentro-ezkerrekotzat jo litekeen eremu zabal osoan arrantza egin du: PSOEri zulo handia eragin zion, baina baita aldaketaren aldeko hiru indarrei ere. Maiatzean baino 32.927 boto gehiago bildu zituen, eta emaitza on horiei esker bi diputatu lortu.

PSOEren emaitzak argi-ilun ugari uzten ditu. Duela lau urte lortutako diputatua errepikatu du, eta maiatzeko odolustea gerarazi du: Foru hauteskundeekin alderatuta, 8.500 boto gehiago izan ditu. Dena den, historikoki PSOEk beti PSNk foru hauteskundeetan baino emaitza hobeak lortu ditu Gorteetarako bozetan. Orain dela lau urteko emaitzekin alderatuta, 19.200 boto galdu ditu. Horri gehituz gero historikoki PSOEk Nafarroan izandako emaitzarik txarrenak izan direla badu kezkatzeko arrazoirik, baina Espainiako gaitzen isla dira.

Espainiako Gorteetarako hauteskunde izateak bereziki bi koalizio abertzaleei egin die min. Botoen %98 zenbatuta, EH Bilduk 34.153 eta Geroa Baik 29.943 boto bildu zituzten, eta duela lau urteko bozekin alderatuta 15.055 eta 12.469 galdu zituzten, hurrenez hurren. Boto horiek guztiak gehienbat Ahal Duguren zakura joan dira. Foru hauteskundeetan biek 100.000 botoren langa historikoa gainditu bazuten, atzo 64.099 botora baino ez ziren ailegatu. Espainiako bozak izateak kalte egin die, baina ez dute jakin boto-emaileak mobilizatzen.

Espainiako bozak izateak irakurketan distortsioa eragin arren, aldaketaren aldeko indarrei (142.800) gailendu egin zaie erregimenaren laukotea (UPN, PP, PSOE eta C's: 162.334).

Aldaketa, bigarren

Aldaketaren aldeko indarren porrota, dena den, Senatuan islatu da. Nahiz eta Kongresuan Ahal Duguk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Orain Baterak 142.800 boto bildu zituzten, baina indar hori ez zen islatu Senatuko Aldaketa hautagaitza bateratura. %80 zenbatuta, UPN/PPren hiru hautagaiek aurrea hartzen zioten Aldaketakoei. 15.771 boto baliogabe eta20.409 boto zuri izateak erakusten du herritar ugarik ez zutela ezagutzen hautagaitza bateratuaren marka.

BERRIAn argitaratua (2015/12/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA