bizigiro
MAIALEN ETXART SALABERRI
«Enpatia besteari eman aitzin, neure buruari eman behar diot lehenik»
Eihartze Aramendia Iparragirre
Sariak eta zigorrak, aginduak... normaltzat hartzen dira. Komunikazio bortitza normalizatuta dago?
Komunikazio ez-bortitzaren ikuspegitik, pertsona bat ona sortzen da, eta gure egiteko ohituretan gehiago kontsideratzen da pertsona bat sortzen delarik norbait hezi behar dela, behar zaiola erakutsi: «hau txarra da, hau ongi da...»; koadro horretan handitu behar duela. Ondorioz, koadro horretan sartzen dira zigorra, saria eta beste, horiek baitira pertsona on bilakatzen lagunduko diguten tresnak. Komunikazio ez-bortitzaren ikuspegitik, pertsona berez ona da, eta, urruntzen bada tarteka on horretatik, enpatiak lagunduko dio berriz bestearengana irekitzen eta besteari konektatzen.
Eguneroko ogia da irakaskuntzan?
Beharbada, irakaskuntza eremu bat da non beste ikuspegia oraindik gehiago zabaldua den. Erran nahi dut: ikastetxeetan uste da berez ikasleak hezi behar direla, ikasi behar dutela hau edo beste egiten gelara eta ikastetxera egokitzeko; errespetarazten den barne araudi bat egiten da... Beharbada, biziki urrun gara beste ikuspegitik, non sinesten dugun ikasleak berez onak direla, besteen ongizatea nahi dutela... Hori ahazten dugu.
Enpatia aipatu duzu. Nondik dator besteenganako enpatia falta?
Hasteko, ttipi bat behatuz gero, ikus daiteke berez enpatikoa dela, eta, hortaz, badira ikerketak. Berez, ttipi batek maite du laguntzea; beste bat negarrez ikusten badu, urdurituko da, edo negar eginen du. Horrek frogatzen du zinez sortzean badugula enpatia hori jendearen artean. Gero, zergatik urruntzen da? Nik uste dut ongia eta gaizkia zer diren irakasten digutelako dela, eta, haurrei irakasten diegularik egin dutena gaizki zela, orduan ez du enpatia gehiagorik merezi. Nolabait, beste pertsona baztertu egiten da, eta txarra bilakatzen denetik ez dugu enpatia ukaiterik beretzat. Enpatia, besteari eman aitzin, nire buruari eman behar diot lehenengo, eta uste dut hori ikastekoa dugula.
Zer hezkuntza eredu proposatzen du komunikazio ez-bortitzak?
Ikasle bakoitzaren harrera segurtatuko duena. Harrera erran nahi dut ikaslea pertsona oso gisa onartuko duena zinez, hau da, pertsona hori bere sinesteekin, bere bizipenekin, bere usteekin, bere beldurrekin, bere plazerarekin... Pertsona oso gisa hartuko duena.
Eman dezakezu adibide bat?
Egunerokoan, maite dut eguna hastea lehenik pertsonekin konektatuz, eta ez ikasleekin. Lehenik eskatuko diet «nola zaudete aste honetan?», eta horrek forma anitz hartzen ahal ditu, baina hasteko da ematea tarte bat bakoitzak azaldu ahal izateko nola den.
Zein da irakasleen egitekoa?
Maite dut erratea, Rosenbergek erraten zuen bezala, komunikazio ez-bortitzean bestearekin dugula boterea; orduan, gelan, irakasle batek boterea du ikasleekin, eta ez du boterea ikasleengan.
«Bizitzan oinarrizko hautu bat egin behar da: zoriontsu izan edo arrazoia ukan», zioen Rosenbergek.
Goizean esaldi hori atera dut, eta eztabaida sortu da taldean; batzuentzat, hori ez da entzungarria, edo ez berehala. Niretzat, erranaldi hori askatze bat izan da. Gaztetan, nik banekien zer zen egia, ona, eta denbora pasatzen nuen argudiatzen, hori inposatzen besteei, eta horrek nigan estresa sortzen zuen. Erranaldi hori hitzaldi batean entzun nuen lehen aldikotz; idatzi nuen, eta geroztik hari bat bezalakoa bilakatu da niretzat. Nik ez dut nahi arrazoia ukan; nik badakit zein diren nire balioak, zer maite dudan, eta ikasi dut partekatzen ahal nuela besteak konbentzitzen saiatu gabe.
Nola uztar daiteke gizarteak daraman bizitza azkarra komunikazio ez-bortitzarekin?
Lehen urratsa da ikastea orainean egoten, behatzen nola garen gorputzean, bihotzean, buruan, eta hori etengabe egun osoan, nonbait gure ongizatea zaintzen. Nik uste dut horrek berez eramanen gaituela erritmoa mantsotzera.
Entrenamendu asko eskatzen du?
Teoria laburra da, eta intelektualki fite ulertua eta ikasia da; ez du inongo zailtasunik. Gero, aldiz, bizitzeko bizi osoko bidea dela uste dut.