astekaria 2018/07/07
arrowItzuli

kirola

MAIKA TAMERON

«Bi liga sendo dauzkagu orain, eta gauza batzuk lortu ditugu»

Aitor Manterola

«Bi liga sendo dauzkagu orain, eta gauza batzuk lortu ditugu»

Hibaikako arraunlari ohia, klubeko zuzendaritzako kidea eta sortu berri den Emakumeen Traineru Elkarteko lehen presidentea da Maika Tameron (Errenteria, Gipuzkoa, 1967). Balio handia eman dio emakumeen traineruekin egin eta lortutakoari, baina onartu du nahi zuten guztia ez dutela aldatu. Lanari eustea hitzeman du, lorpen gehiago eskuratzeko.

Zerk eman dizue lan gehien ETE elkartea sortzerakoan?

Talde guztiak ados jartzea. Arraun munduan beti gertatzen da gauza bera, eta bakoitzak bere interesei bakarrik begiratzen die. Interes horiek beste baten gustukoak ez direnean, zaila izaten da ados jartzea. Elkartea sortzeko lege kontuak eta elkartea aurrera ondo eramateko baldintzak jartzea izan dira lanik nekezenak.

Liga bakarra osatu ezinak ere eman dizue buruko min asko?

Bai. Hasi ginenean, liga bakarra nahi genuen, baina taldeen artean ezberdintasunak daude gai honetan. Traineru batzuek ibilbide luzea daramate, eta maila ona daukate, baina beste batzuk, aldiz, oraintxe hasi dira sortzen edo sortu berriak dira, arraunlari gazteekin, eta, hori dena kontuan hartuta, bi liga egitea erabaki genuen azkenean, onena hori izango delakoan.

Euskotren ligan lau taldek baino gehiagok parte hartzea ere nahi zenuten, baina ez duzue lortu.

Gure nahia zen sei edo zortzi taldeko liga izatea, hamahiru traineruak bi ligetan banatu ahal izateko, baina ez dugu lortu.

TKE Traineruen Kluben Elkarteak baztertu du eskaera hori?

Uste dut TKEk ETBren aitzakia jarri duela eskaera hori baztertzeko orduan, baina, azkenean, TKEren beraren erabakia izan da Euskotren ligan lau talderekin jarraitzea.

Duela urtebete baino hobeto dago emakumezkoen traineruen inguruko gaia, baina ez zuek nahi bezain ondo, ezta?

Hasi egin gara, eta ez da gutxi. Pausoak eman beharra zegoen, eta eman ditugu. Mingaina kanpoan daukagula iritsi gara udara, araudia eta legeak onartzeko azkeneko bilerak maiatz bukaeran eta ekain hasieran egin baititugu, uda gainean genuenean. Nahi genuen aldi berean bi ligetan araudi bera izatea, baina ez dugu lortu. Gauza batzuk aldatu dira, eta antzekotasunak dituzte ETE ligako eta Euskotren ligako araudiek, baina ez da araudi bat eta bakarra bientzat. Lehia hasi dugu; estropada pila bat egongo dira liga bakoitzean, lehen ez bezala, eta hori behintzat lortu dugu Euskotren ligan. Liga batetik bestera igotzeko edo jaisteko kanporaketa egongo da irailean, eta, horri esker, udazken honetan talde bakoitzak jakingo du zein ligatan ariko den datorren urteko udan. Orain arte, ez genuen jakiten hori, eta hasten ginen entrenatzen jakin gabe uda garaia nola egongo zen antolatua.

Zertan dira ezberdinak ETE ligako eta Euskotren ligako araudiak?

Gazteen gaian dago ezberdintasunik handiena. Gazteek arraun egiteko aukera gehiago izango dute ETE ligan Euskotren ligan baino. Ez dituzte muga asko izango.

Emakumezko arraunlarien izaera juridikoa zehaztea izan da beste gai korapilatsu bat: etxekoak, harrobikoak, kanpokoak... Zertan da gai hori?

Denboraldi honetatik bertatik dago ezarria gai hau, eta bi ligetan izango du eragina.

Gizonezkoetan bezalako araudia egongo da gai honetan?

Ez, pixka bat ezberdina izango da. Gizonezkoek urte asko daramate araudi honekin, eta urteen joanean aldatuz eta moldatuz joan dira. Emakumezkoenean, ez dugu oztopo bat sortu nahi izan, taldeek ez dezaten izan lehian aritzeko zailtasunik; izan ere, denak uretan nahi genituen. Joango gara araudia urtetik urtera moldatuz.

ETE ligan ez daukazue babeslerik, eta hori bada oztopoa.

Bila gabiltza, baina zaila da. Maiatz bukaerara heldu gara beste gai batzuk mahai gainean genituela, eta indar guztiak horretan jarri behar izan ditugu. Oso polita izan da elkartea sortu bitarteko prozesua, gauza pila bat sortu baitira; besteak beste, bi liga sendo. Lehen, bat zen sendoa, zalantzak ditudan arren zenbateraino zen sendoa. Bi ligetan estropada eremu onak izatea ere lortu dugu; antolakuntzaren aldetik ere ondo antolatuak egongo dira. Horrekin ez dut esan nahi Gipuzkoako Federazioak lan txarra egin zuenik lehengo urtera arteko Gipuzkoako ligan. Sekulako lana egin zuen, eta baita klubek ere. Baina ikusten zen beste modu batean egin behar zela.

Babeslerik ez izateak gastu gehiago sorrarazten dizkie ETE elkarteko klubei?

Bai. Klubek hartuko dituzte gastu guztiak. Eusko Jaurlaritzarekin hizketan ari gara, eta babesleen gaia ere hor dago.

Gertu dago babesle bat lortzeko aukera?

Ez dakit. Ez du ematen gertu dagoenik, baina baliteke aukera egotea zerbait lortzeko. Aurten, garrantzitsuena zera zen, liga aurrera ateratzea, eta lortu dugu. Irailean hasiko gara lanean datorren urterako hobekuntzak lortu nahian.

Ba al dago arriskurik Euskotren ligak ETE liga itzalpean uzteko?

Arriskua badago, baina gauza bera gertatzen da gizonezkoen kategorian, Euskolabel ligaren eta KAE ligaren artean. Guk indarra egingo dugu halakorik gerta ez dadin, eta, arreta mediatikoari dagokionez, oraingoz lortu dugu telebista bidez estropada batzuk ematea.

BERRIAn argitaratua (2018/07/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA