bizigiro
Festen parte ala haietatik aparte
Izaro Zinkunegi Barandiaran
Animaliak gehien esplotatzen diren urtaroa da uda», esan du Maite Amondarain Moraza Askekintza talde antiespezistako kideak. Uda hasi da; baita, harekin batera, hainbat herritako jaiak ere. Ikuskizun ugari izango dira haietan, tartean animaliekin egiten dituztenak: jendearen gozamenerako, festen erdigunean kokatuko dituzte hegaztiak, zezenak, bigantxak, idiak... Antolatzaileek «tradizioa mantentzea eta sustatzea» dute helburu ; bada, ordea, amaitu nahi dituenik: animaliak «zapaltzen» dituztela eta haiek ere aske izateko eskubidea dutela aldarrikatzen dute. Azpeitiko (Gipuzkoa) sansebastianetako eta inauterietako ohiko ikuskizuna da sokamuturra: lepotik soka bat lotuta daraman idiskoa ibiltzen da hainbat kaletan, sokamutilek gidatuta. «Kaleko festa da», azpimarratu du Mikel Odriozola Zezenbeltz elkarteko kideak. Elkarteak sokamuturra bultzatzea eta sustatzea du xede: «tradizioarekin jarraitzea». Herrian sokamuturraren zaletasun handia dagoela azpimarratu du: «Jendetza izaten da: ibilbidean gazteak eta helduak izaten dira -16 urtetik gorakoak soilik egon daitezke-; hesietan eta balkoietan, berriz, umeak, gurasoak eta aitona-amonak». Uztail amaieran izaten dira Baionako jaiak; zezenketak eta behi lasterketak egiten dituzte aspalditik: «Udalaren artxiboan, 1289ko testu bat topatu dugu; Baionako karriketan behi lasteketen tradizioa zegoela frogatzen du», azaldu du Olivier Baratxart zezen plazako zuzendariak. Haren esanetan, ikuskizun horietan gazte festazaleei animalienganako errespetua transmititzen saiatzen dira. Irail hasieran izaten dira Ferixa Nausiko jaiak Elorrion (Bizkaia), eta orduan egiten dituzte idi demak ere; aurten 54. edizioa izango da, eta Larakua herri-kirol klubak antolatzen ditu duela zortzi urte ingurutik. Alberto Agirre klubeko kideak azaldu duenez, xede ugari ditu demak: «Herri kirolak sustatzea eta erakustea, baserriko lana zena plazaratzea, lehia egitea eta ondo pasatzea». Haren iritziz, idiak kirolariak dira: «Animaliak inoizko ondoen tratatzen dira egun, kirolariak direlako eta jabeek ondo zaintzen dituztelako». Ez dator bat Askekintzako kidea: «Egun kirolariek ez dute behartuta parte hartzen kirolean; subjektu gisa aitortu gabe, ezinezkoa da kirolariak direla esatea». Lekeitioko (Bizkaia) San Antolin jaiak irail hasieran ospatzen dituzte, eta tradizio handikoa da hilaren 5ean egiten duten antzararen jokoa: XVII. mende amaierarako egiten zuten, udal artxiboko erreferentzien arabera; plazan egiten omen zuten hasieran, eta XIX. mende amaieran lekualdatu omen zuten portura. Sarako (Lapurdi) bestak iraileko bigarren asteburuan izaten dira; igande arratsaldean ahate jokoa egiten dute, plazan. Hildako ahatea soka batera lotzen dute hankatik, eta lehiakideak zaldi gainean joaten dira, hari burua erauzteko asmoz. «Aspaldi, zoritxarrak hiltzeko egiten zutela esaten zuten», adierazi du Ramuntxo Arizkorreta Sarako Gazteria elkarteko lehendakariak -elkartea jaiak antolatzen aritzen da-.
Festa ereduari buruzko hausnarketa sustatzeko asmoz, Askekintza herriz herri dabil Gurean dokumentalarekin (ikusi BERRIAn). Tradizioa dute mintzagai, besteak beste gogoetetan: «Tradizioa bultzatzen dute, horretan ez dago dudarik; tradizioak ez du, ordea, ekintza bat justu egiten», azaldu du Amondarainek. Ez du ikuskizunetan inolako bereizketarik egiten, haren iritziz animaliei aske izateko eskubidea urratzen baitzaie hiltzen ez direnean ere: «Haien borondatearen aurka erabiltzen dituzten edozein ikuskizun baztertzen dugu».
Aldaketarako bidea luzea da, Amondarainen ustez: «Animaliak erabiltzen dituzten festak txikitatik ikusi eta barneratu ditugu, eta zaila da bat-batean hori aldatzea». Hala ere, urratsak egiten ari direla nabarmendu du: Errenterian (Gipuzkoa), esaterako, sokamuturra kendu dute aurten. Hernanin (Gipuzkoa), berriz, egitarau alternatiboa antolatu dute.
AZPEITIKO SOKAMUTURRA
Mende erdiko tradizioa
Udalak antolatzen du sokamuturra, baina ikuskizunean bertan sokamutilak arduratzen dira zezenaz: «Zezenak topeetan kolperik har ez dezan zaintzen dute; haiek arduratzen dira zirgiloetara lotzeaz, mugitzeaz...», azaldu du Odriozolak. Haren ustez, animaliak ez du sufritzen; alderantziz, zaindu egiten dute: «Jendeak ez du usteko, baina benetan estimatzen eta maitatzen dugu animalia». Halaber, adierazi du ezin dela zezena jo, eta kendu egiten dutela lesioren bat duen edo nekatzen denean.
BAIONAKO ENTZIERROA
Bigantxa, tradizioaren ikur
Baratxartek animaliak erabiltzen dituzten ikuskizunak defendatzen ditu: «Zibilizazioa hiritartzen ari da, eta nekazaritza mundua galtzen, baita haren sustraiak ere». Are gehiago, horrelakoak kentzea «kulturaren askatasunerako traba» da, haren iritziz. «Ikuskizunak toki itxietan egiten direnez, ekitaldi horiek maite ez dituztenek ez dute sufritu beharrik». Era berean, animaliak objektuekin ordezkatzearen aurka dago: «Animalia ezin da objektu batekin ordezkatu; ez da objektu bat: bizia dauka, gizakiok bezala».
ELORRIOKO IDI DEMAK
Baserriko usadioa, plazara
Agirrek uste du gauzak onerako alda direla azken urteetan: «Probak federazioak erregulatuta daude; arautegi zehatzak izateak denontzat ekarri du onura; guztiok dakigu zer den bidezkoa eta zer ez». Azaldu du horren ondorioz epaileak zaintzen duela animaliak jotzea eta akuiluarekin ziztatzea.
Baserri inguruko jendea doa nagusiki idi demak ikustera, Agirreren arabera. Era berean, nekazaritza munduko herrietan tradizio handiagoa dagoela dio, eta aurkako jarrerek indar txikiagoa dutela. Haren iritziz, animalien erabileraren aurkakoek informazio falta dute: «Ez dute sakonki ezagutzen zer-nolako prestatze lanak, zaintzak eta kontrolak dauden demetan; animalien ongizatea da helburu nagusia».
LEKEITIOKO ANTZARA JOKOA
Antzartek'-aren aukera
«Lekeitiarrentzat urteko egunik onena da Antzararen Eguna, sakratua da», hala deskribatu du Jabi Olaortua Antzara batzordeko kideak.«Altxaldien ikuskizuna da jokoa: lehiakideak antzarari heldu eta uretara erortzean hasten dira tiratzaileak sokari tiraka, gora eta behera mugitzeko».
Ahalik eta altxaldi gehien egiteko helburua mantenduagatik, aldaketa ugari izan ditu jokoak azken lau hamarkadatan. Hain justu, antzara bizirik jartzen zuten duela 32 urte arte; gaur egun, aldiz, hildakoa jartzen dute: «Sufrimendurik ez dago orain; antzarak aurretik hiltzen dira, injekzio batekin», azaldu du Olaortuak.
Halaber, 2014tik Antzartek plastikozko antzararen aukera ere jarri dute antolatzaileek; parte hartzaileek erabakitzen dute hildako animaliarekin edo objektuarekin lehiatu. Olaortuak esan duenez, Antzartek-en erabilera goraka doa: «Lehenengo urtean 89 lehiakidetatik hamalauk erabili zuten; iaz, berriz, 83tik 36k». Goranzko joera izanagatik, azpimarratu du gehiagok aukeratzen dutela benetako antzara.
Amondarainen iritziz, animaliak objektuekin ordeztea zapaltzeari uzteko modua da, baina espezismoa islatzen du: «Objektu bihurtzen ditugu; horrek erakusten du gainerako animaliak gutxiesten ditugula».
Aldaketak aldaketa, Olaortuak honako hau esan du: «Batzordeak argi dauka ezin dela urte batetik bestera antzara kendu». Horrek beharrezkoa ez den tentsioa eragingo luke herrian, haren iritziz: «Denborarekin soilik lor daiteke tradizioari horrenbeste garrantzia ez ematea, eta beste balio batzuk indartzea».
SARAKO AHATE JOKOA
Saratarren ikuskizuna
Arizkorretak azaldu duenez, garai batean ezkondu gabeko mutil gazteek bakarrik hartzen zuten parte; «Orain, neska eta mutilek parte hartzen ahal dute, baina saratarrak izan behar dute». Haren iritziz, herritarrek jokoa maite dute, besteak beste, ohitura zaharra delako.
Saran ere animalia bizirik jartzeari utzi zioten duela 50 urte inguru: «Orain, ahateak hiltegi batean hiltzen dira igande goizean, elektrikaz; beraz, ez dute sufritzen». Arizkorretak uste du ahaterik gabe ezingo litzatekeela egin festarik; haren iritziz, animaliak errespetatzen badira eta sufritzen ez badute, ikuskizunekin jarraitzea bidezkoa litzateke.