astekaria 2015/12/21
arrowItzuli

politika

Ahal Dugu, lehen indarra, abertzaleen arteko lehian sartu da

Jokin Sagarzazu

Ahal Dugu, lehen indarra, abertzaleen arteko lehian sartu da

Ahal Dugu-k irabazi ditu hauteskundeak Gipuzkoan, eta bere emaitzek gelditu egin dute azken lau urteotan herrialde horretan EAJk izan duen goranzko joera eta nagusitasuna. Horrekin batera, denbora horretan EAJ eta EH Bilduren artean izan den lehiaren erdian sartu da Ahal Dugu. Hiru alderdien artean lau punturen aldea dago. Ahal Dugu-k alde txikia atera dio bigarrenari, EAJri: 6.787 boto; eta 16.891 hirugarrenari, EH Bilduri. Diputatuen banaketan Ahal Dugu eta EAJ atera dira onuradun, bina diputaturekin. Jeltzaleek diputatu bat gehiago lortu dute. EH Bilduk bi galdu ditu eta bakarrarekin geratu da, eta PSE-EEk eutsi dio duela lau urtekoari, botoak galdu arren. PPk galdu egin du izandako eserlekua. Diputatuen Kongresurako Ahal Dugu-k jaso duen babesa ez da berdin islatu Senatuan. Lautik hiru aulki eskuratu ditu EAJk eta Ahal Dugu-k bestea. Oro har, Gipuzkoako boto emaileen %70ak babestu dituzte erabakitzeko eskubidearen alde dauden alderdiak. Era berean, egun foru aldundian dagoen gobernu koalizioak (EAJ-PSE) lortu du botoen %37.

Espainia mailako hauteskundeak izanik, haizea alde izan du Pablo Iglesiasen alderdiak, Hego Euskal Herrian. Eginiko hamabi hauteskundeetatik, laugarren aldia da Euskal Herriko alderdi abertzale batek ez dituela bozak irabazten Gipuzkoan: 2008an, 1996an, eta 1993an lehen indarra izan zen PSE-EE. 2014an sortu zen Ahal Dugu, eta hauek dira Gipuzkoan inoiz izan dituen emaitza onenak. 2014ko Europako Parlamenturako bozetan 15. 179 boto lortu zituen; bosgarren indarra izan zen, PPren atzetik. Aurtengo foru hauteskundeetan, berriz, laugarren indarra izan da; aurretik izan ditu EAJ, EH Bildu eta PSE-EE. Horri buelta eman, eta orduan baino 54.538 boto gehiago lortu ditu orain. Maiatzean, aurretik izan zuen alderdi sozialista, 15.954 botoren aldearekin. Tarte hori kendu eta 46.211 atera dio orain.

Argazki berri bat

Baina abertzaleak izan dira Espainiako Gorteetarako bozak izatearen eta Ahal Dugu-ren parte hartzearen eragina gehien nabaritu dutenak, eta ez soilik duela lau urtekoekin konparatuta. Azkenengo lau urteetan, Gipuzkoan islatu da argien abertzaleen arteko lehia eta haien hegemonia. 2011ko Espainiako Gorteetarako bozetan, Amaiurrek hiru diputatu eskuratu zituen (botoen %35,18) eta EAJk bakarra (%22,64). Lau urtean, jeltzaleek tarte hori kendu, eta lehen indarra izan dira ordutik eginiko hiru hauteskundeetan. Ahal Dugu-ren emaitzek eten dute joera hori.

EAJk, dena den, duela lau urte baino diputatu bat gehiago lortu du, eta 7.174 boto. Azken lau urteetan, 2012ko Eusko Legebiltzarreko bozetan lortu zituen emaitza onenak: 114.446 boto. Eta aurtengo foru bozetan 112.918. 1977tik, batez beste, 89.158 boto lortu ditu, Espainiako bozetan.

EH Bildu izan du jaitsiera nabarmenena. Duela lau urte Amaiurrek baino 49.282 boto gutxiago lortu ditu orain, orduko babesaren %14,28 galduta. Aurtengo foru hauteskundeekin konparatuta, 22.367 boto galdu ditu koalizioak.

Historikoki Espainiako Gorteetarako bozak alde izan dituzten dituzten bi alderdiek —PSE-EEk eta PPk— , berriz, azken hauteskunde zikloko beheranzko joera berretsi dute. 2011ko hauteskundeekin konparatuta, 27.009 boto gutxiago jaso dituzte sozialistek, %7.67 gutxiago. 1977tik, sozialistek, batez beste, 87.323 boto lortu dituzte, eta hauek izan dira Espainiako hauteskunde batzuetan inoiz lortu duten emaitza okerrena Gipuzkoan (1979an, 59.863 boto). PP 17.809 boto galdu ditu lau urtean, eta bigarren txarrenak ditu historian, alderdia 1989an lehenengoz aurkeztu zenetik.

BERRIAn argitaratua (2015/12/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA