astekaria 2018/07/07
arrowItzuli

iritzia

Anti-lingua eta beste ele-mele batzuk

Anjel Lertxundi

Anti-lingua eta beste ele-mele batzuk Anjel Lertxundi

Euskarazko euskaraz.

Fama da Italo Calvino idazleak, hil bezperan, etxe inguruko arbolak besarkatu zituela banan-banan, haien izenak ahagozoz xuxurlatuz: zurzuria, haritza, urkia, ametza, artea... Agronomoa zuen aita, botanikoak eta lorezainak zeuzkan familian, etxetik zetorkion naturaren ugaritasuna ondo izendatzeko grina: berak asmatutako Marcovaldo pertsonaia ere hizkuntzari esker ez da galtzen asfaltozko hiritik naturara egindako txangoetan.

Hainbat adituk dio natura izorratzen ari garen moduan ari garela hondatzen hizkuntzak, naturaren kontrako gure jarrera suizidaren antzekoa dela nork bere hizkerarekin praktikatzen duen arreta falta. Natura bizitza salbatuko badugu, bizitzaren hizkuntzak eta hizkerak salbatu behar, eta hori egiten da hizkuntzaren dohainak defendatuz utzikeriaren atzaparretatik, burokraziaren gabineteetan pilatzen den hautsetatik, politikak eta kazetaritzak elkar elikatzen duten apastatik. Antilingua deitu zion Italo Calvinok hizkuntzaren izurrite horri.

Errealitatea lanbrotu eta manipulatu nahi duenak higuina die hitz aratzei, esaldi gardenei. Etsai ditu. Antilingua praktikatzen duenak «terrore semantikoa» dio (espresio hori ere Calvinorena da) errealitatea zuzen izendatzeari, lanari lan eta esplotazioari esplotazio deitzeari. Halako batek agente komertziala deitzen dio saltzaileari, merkatu ekonomia kapitalismoari, lan-osteko konpainia prostituzioari, disfuntzio zutikorra inpotentziari... Gauzen eta gertaeren izaera lausotzen du halakoak; zehaztasuna kamusten du ustezko dotorezia baten izenean; hitzak eta esaldiak luzatzen ditu; burokrazieraz gainezkatzen ditu legeak, diskurtsoak, informazioa; antilinguaren gristasuna barreiatzen du hizkuntzaren zirrikitu ezkutuetaraino ere.

«Italiera gero eta hizkuntza abstraktuagoa, artifizialagoa, anbiguoagoa bihurtzen ari da», zioen Calvinok orain hirurogeitik gora urte, eta alarma-dei hori aspaldi iritsi zitzaigun euskararen eremura ere, eta batek baino gehiagok aspaldi salatuak ditu antilinguaren ondorio lizun gaiztoak, tartean Irene Arraratsek, berripaper honetako euskara arduradunak. Baina salaketak aspaldikoak izateak ez du esan nahi izurritea neutralizatu dugunik. BERRIAren 15. urteurrena ospatzeko gehigarrian, Arraratsek berak zioen, erdarazko euskara eta euskarazko euskara kontrajarri eta gero: «Uste dut erdarazko euskaratik nahikoa eta sobra izan dugula bazterretan, trenak une honetan burutuko du bere irteera eta halako munstrokeria ustez dotoreak, erdara orpoz orpo imitatu nahiak sortuak» (BERRIA, 2018-VI-21).

Legeak gaztelaniaz daude eta total mortala da bertako hizkera; legeak eta legeen aldiriak dira diskurtso politikoaren eta burokraziaren osagai nagusiak. Lege zaharren eta premia berrien arteko lehiak betetzen du, neurri handi batean, politikaren egitekoa, baina gure hizkera burokratikoak gaztelania du iturri eta ispilu, itzulpena du oinarri. Baina gaztelania burokratikoaren akats guztiak geurera ekartzea (ingelesezko espresio gaizki itzuliak barne), horra dinamika seko suizida: legediaren, administrazioaren eta politikagintzaren baliabide nagusia itzulpena izateak, munduko onena izanda ere, bizipozik gabeko hizkuntza bat -arrotza, desitxuratua- barreiatzen du bazterretan.

Hainbat jendek, tartean eskolatik eta unibertsitatetik pasatutako gazte askok, kode ilun hori, erregistro triste total hori dauka euskara batutzat, hizkera kanonikotzat. Eta artifiziala egiten zaio, xinxangrea, hezur-mamirik gabea.

Kaleko kalaka.

Zakilixutek, kaleko joeren usnari amorratuak, galdetzen zuen Gure esku dago ekimeneko giza katearen ostean: «Eta mihi-katea? Gure ahotan dago?». (BERRIA, 2018-VI-17). Orain gutxi Orreaga Ibarra filologoak zioen euskararen bilakaeran gazteek dakartena eta ekar dezaketena harturik hizpide: «Lexiko bat hiltzen ari da eta beste bat sortzen», (BERRIA, 2018-VI-5).

Demagun gazte bat kaleko martxa usaintzeko artearekin; kaleko arriskuak ezagutu eta haietatik babesten daki; kaleak espabilatu zuen, kaleko faunan dauzka lagunak... Ingelesek streetwise (kaleko jakituria) deitzen diote kaleko hatsaren norakoa usaintzeko senari.

Nire belaunaldikoek zer atarramentu ekarriko ote genion euskarari, horrek erretxintzen zuen gure aurrekoen behazuna. Baina hizkuntza ez da inoren jabetza, hiztun guztiek dituzte bertan bizi eta jarduteko, ez eskubidea soilik, baita hizkuntza nahieran baliatzeko askatasuna ere. Eta ez genuen halako deskalabrurik ekarri.

Gaur, ordea, eskola da gazte askoren euskararen bafle nagusia. Hona joan den osteguneko berripaper honen titularra: «Hamalau urteko ikasleen %45 ez dira lortzen ari beharrezko euskara maila». Baina gaizto jarrita: eta maila duenari ikasitako euskara zurruna baldin bazaio, eta ez malgua, idorra eta ez freskoa, astuna eta ez liraina, arauari soilik lotua eta ez hizkuntzaren pozari? Ba, hauxe: gazte horrek nekez ekingo diola kaleko errealitateari, premia espresibo ugarien dantzari. Arau benetakoak askatasuna hobetzeko tresna behar du izan, sistema sozial batean integratzen gaituen ituna eta ez urka-bilurra. Alegia, euskarak bizitzarako kalaka behar du izan, eta ez -soilik- curriculumaren gantza, behazuna erretxindu ordez, surf-ohol airoso bat ikus dezagun olatuen gainean:

«Lexiko bat ari da hiltzen eta beste bat sortzen».

Talaia berria.

Festibalen eta kontzertuen mundua «maskulinizatuta dago erabat», zioen Olatz Salvador kantariak orain pare bat aste (BERRIA, 2018-VI-17). Berripaper berean, Marina Subirats i Martori soziologoak: «Ahizpatasuna eta ahalduntzea mundua aldatzeko tresnak dira». Euskaltzaindiaren hiztegiak ez ditu maskulinizatu, ahizpatasun eta ahaldundu jasotzen, baina hitzok bizirik dabiltza kalean, diskurtso feministan, hainbat hedabidetan, feminismoaz edo feminismotik datozen liburu eta testuetan, sortzen ari den hiztegi (errealitate) berrian. Hizkera berria, errealitatearen talaia berria.

«Begira nire fabrika!» entzun nion gaztetan Michelingo langile bati trenean. «Nire amak ez du lanik egiten» esaten genuen eta entzuten dugu. Mundua aldatu nahi omen dugu. Hizkera aldatu gabe, nekez.

BERRIAn argitaratua (2018/06/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA