astekaria 2018/07/07
arrowItzuli

politika

JOSU CHUECA

«Noizbait agiriak desklasifikatuz gero, zentsuratuta etorriko dira»

Iñaki Petxarroman

«Noizbait agiriak desklasifikatuz gero, zentsuratuta etorriko dira»

ETA VI.ean ezagutu zuten elkar Josu Chuecak (1956, Lerin) eta German Rodriguezek. Militantzian ez ezik, mendi taldeetan ere topatu ziren behin baino gehiagotan. Rodriguez 1973an espetxeratu zuten, eta, irten ondoren, Bizkaian egin zuen aldi luze bat. 1976an Iruñera itzuli zen, eta orduan izan zuen harremanik handiena Chuecarekin. Jazotakoaren egia zabaltzen eta justizia eskatzen aritu da 1978az geroztik.

Zer azpimarratuko zenuke German Rodriguezen izaeraz?

Militantzian bat egiten duzunean, horri dagozkion kontuek izaten dute garrantzia. Horretaz, esan daiteke oso tipo arduratsua zela, eta, oso gazte hil bazen ere, ardura handiak izan zituela ETA V.aren garaietan, LCR-ETA VI.ean eta LKIn. Horrez gain, oso pertsona gozoa, erakargarria eta maitakorra zen. Kartzelan egon zenean, adibidez, harreman ona izan zuen gainerako taldeetako kideekin ere. Azpimarratzeko modukoa iruditzen zait hori, zeren garai hartan politikan ibiltzen ginen den-denok oso sektarioak baikinen.

Garai hartako ezkerraren mosaiko askotariko horren barruan, zer berezitasun zuen LKIk?

Gaur egun oso hedatuta dagoen erabakitzeko eskubidearen planteamendu aitzindaria ekarri zuen LKIk -orduan, autodeterminazio eskubidea-. Internazionalismoa zen haren ezaugarria, nazionalismoarekin haustura izan eta gero. Orduan nazioarteko elkartasunaren aldeko jarrera hartu, eta kontsekuentea izan zen, esaterako, IV. Internazionalarekin bat egin zuelako. Aitzitik, Euskadiko kontuak ez zituen ahaztu, nahiz eta Espainia mailako erakunde batekin bat egin zuen. Beti bat egin zuen autodeterminazio eskubidearekin eta batez ere errepresioaren aurkako mugimenduekin.

Trantsizio betean zen Euskal Herria. Nola ikusten zuen egoera German Rodriguezek?

Ezker muturreko taldekoentzat, nahiko gogorra izan zen trantsizioa, hain zuzen ere hauteskundeak hasi zirenean erabat baztertuak geratu ginelako. Beraz, guk -eta German hor kokatuko nuke- bideratu genituen gure ahaleginak herri mugimenduetara. Germanen kasua oso adierazgarria da, zeren eta, LKIn jarraitu arren, kemen handiagoa jarri baitzuen gizarte mugimenduetan; esaterako, partaide zen Iruñeko Parte Zaharreko Bizilagunen Elkartean. Ekologiaren inguruko kontuetan ere oso sartuta zegoen.

Zure ustez, ez zen kasualitatea izan 1978ko sanferminetako bortizkeria Iruñean gertatzea. Zergatik?

Ikusten delako, gaurko perspektiba historikoarekin are eta aisago, Euskal Herrian bazegoela ordena publikoko politika berezi bat, eta Nafarroan ere bai. Trantsizioan izan ziren honen antzeko hainbat gertaera, inpunitate osoz sekula garbitu ez direnak, berdin da Gasteizko gertaerak, Montejurrakoak edota 1978ko amnistiaren aldeko mobilizazioak, zeintzuetan Espainiako Poliziaren parte hartzea oso latza izan zen, hildakoak eta guzti. Iruñean gertatutakoa beste maila bat da kate errepresibo horretan, baina antzeko gertaera asko egon ziren sanferminen aurretik ere.

Sanferminetarako errepresio giroa prestatzen ari zirela iruditzen zaizu?

Sanferminen aurreko egunetan, giro berezi bat zegoen. Gobernu zibilaren aldetik uztailaren 1ean ohar bat kaleratu zuten zenbait ekitaldi debekatuz, besteak beste hainbat manifestazio eta ekitaldi politiko. Uztailaren 8an Logroñotik ekarritako brigada berezi horiek zeuden Iruñean, bertako ohikoez gain. Eta horrek erakusten du ez zirela ari inprobisatzen.

Zuk nola jaso zenuen German hil zutelako albistea??

Hemendik mila kilometrora. Soldadutzan nengoen, Granadan. Uztailaren 8ko gauean, kuartelean entzun nuen istiluak egon zirela Iruñean, eta biharamunean, berriz, El Ideal egunkarian ikusi nuen Iruñean hildako bat izan zela. Orduan, Iruñera deitu nuen, LKIren egoitzara, eta haiek esan zidaten.

78ko Sanferminak Gogoan sortu zenuten, dena argitzeko xedez. Berriki Kongresuan izan zarete. Zergatik ez dute argitu nahi?

Orduko agintari polizial eta politikoak guztiz inplikatuta daudelako. Iruñeko poliziaburuak parte hartze zuzena eduki zuen eraso hartan, hau da, ez zen 40 polizia eroturen kontua. Hark nola egingo zuen ikerketa bat, bera ibili baitzen istilu horiek zuzentzen. Arrazoia hori da: argitu behar zutenak eta gertakarien arduradunak berberak direla. Agiriak orain ezin dituzte erakutsi, material guztia Barne Ministerioan egongo den arren. Agiriak desklasifikatzeko eskatu denean-PP kenduta, Nafarroako alderdi guztien babesarekin-, Kongresuak ezetz esan du, eta PSOEk atzera egin du. Noizbait desklasifikatzen badira, zentsuratuta etorriko dira, zeren frogatuta geratuko baita ez zela izan berotu ziren polizia batzuen kontua.

Estatu agindu bat egon zen?

Gutxienez, estatu aparatu batzuen agindua. Jaime Ignacio del Burgok esan izan du haiei ez zitzaiela komeni halakorik. Eta, segur aski, UCDko sektore batzuk ez ziren alde egongo, baina bazegoen estatuan sektore politiko baten erabakia zigor bat emateko eta trantsizioaren mugak ezartzeko Nafarroan, ordena publikoko politika zuzen eta gogorren bidez.

Rodriguez propio hil zuten?

Ez. Zezen plazan balaz zauritutako sei egon ziren gutxienez. Ez ziren Germanen aurka joan. Kontua da German zergatik zegoen hor. Erasoei aurre egiteko geratu zen han, barrikadetan eta bestetan.

Espero duzu zerbait PSOEren gobernu berriaren aldetik?

Ez dut itxaropen handirik. Urteak izan dituzte horretarako, eta ez dute borondaterik izan. Sektore bat babestea lehenetsi dute, hau da, poliziak eta epaileak. Oso zaila iruditzen zait orain hori aldatzea. Edozein moduz, indar gehiago ematen digu gogorarazteko ardurak ez direla argitu eta estatuaren baimenarekin geratu dela horrela. Azken finean, haren aparatuak direla erantzuleak.

Aurten 40 urte. Zergatik izango dira bereziak?

Asmoa da aurtengoa berezia izatea eta, azaroan Iruñeko Udalarekin egiaren batzordea sortuz geroztik, hilero aritu gara ekitaldiak egiten: mahai inguruak, film eta dokumental emanaldiak, antzerkiak, argazki erakusketak, horma irudi baten aurkezpena... Bestetik, erabaki dugu Europara jotzea babes eske. Eta aurtengo uztailaren 8a mugarri garrantzitsu bat izango delakoan gaude. Martxan jarriko dugu beste oroigarri bat eskatzeko kanpaina bat. Pozik gaude, lortu baitugu inoiz baino ageriago uztea hemen inpunitateak indarrean jarraitzen duela eta Germanentzat eta biktimentzat ez dela ez justiziarik ez erreparaziorik izan. Horren aldarriak, gainera, inoiz baino babes handiagoa du; horren erakusgarri, erakundeetan izan den aldaketa.

BERRIAn argitaratua (2018/06/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA