politika
EAJk segitzen du lehen indarra izaten, Ahal Dugu indartsu agertu arren
Gotzon Hermosilla

Datuak ikusita, arnasa hartuko zuten Bizkaiko buruzagi jeltzaleek, batez ere ikusita gainerako herrialdeetan gertatutakoa eta gauetik goizera Ahal Dugu lehen indarra bilakatu dela.
Horrek ez du esan nahi Ahal Dugu-k Bizkaian porrot egin duenik. Guztiz alderantziz: bigarren indarra da, botoen %25 eskuratu du, eta horrekin bi ordezkari bidaliko ditu Espainiako Kongresura. Gainera, Bizkaiko Ezkerralde ia osoan, Ibaizabalgo eskuin aldeko bi herritan, Erandion eta Leioan, eta Basaurin lehen indar bilakatu da. Hau da, Bizkaian Ahal Dugu-ren arrakasta hein handia batean gune urbano, populatu eta erdaldunenean islatu da. Duela lau urte Ahal Dugu jaio gabe zegoen eta, hortaz, alderatzeko erreferentzia bakarrak joan den maiatzeko hauteskundeetako emaitzak dira; orduan ateratako boto kopurua bikoiztu egin dute.
Kaltea PSE eta Bildurentzat
Ahal Dugu-k alderdi guztien boto emaileen artean lortu ditu atxikimendu berriak, baina argi dago PSE-EE eta EH Bildu izan direla kaltea gehien nozitu dutenak. Sozialisten kasuan, 50.000 boto baino gehiago galdu dituzte, eta 2011n lortu zituzten bi diputatuetatik bakarrari eutsi diote.
Joan den maiatzeko hauteskundeetan, PSE-EEk porrot mingarria jaso zuen bere feudo historikoan, Ezkerraldean, baina Portugaleten eta Ermuan eutsi zion alkatetzari. Datu hauen argitara, PSE-EEk bi herri horietan ere galdu du nagusitasuna. Sozialisten kontsolamendu bakarra izan daiteke joan den maiatzean lorturiko emaitzak hobetu egin dituztela boto kopuruari dagokionez, baina ez du ematen horrek konponduko duenik PSE-EEk aspaldi luzean Bizkaian nozitzen duen gainbehera.
EH Bilduk ere 40.000 boto baino gehiago galdu ditu Amaiurrek duela lau urte lortutakoekin alderatuta, eta Bizkaian Amaiurrek zituen bi diputatuetatik bat galdu du. Duela lau urte, Bizkaiko hirugarren indarra zen Amaiur, eta joan den maiatzeko hauteskundeetan, botoak galdu zituen arren, bigarren indarra izatera pasatu zen. Orain, laugarren postura jaitsi da, PSE-EEk oso tarte txikia ateratzen dion arren.
Bizkaiko zenbait herri esanguratsutan, Gernikan, Bermeon eta Lekeition esaterako, EAJrekin duen lehia partikularrean galtzaile atera da EH Bildu. Hala ere, lehen indarra izaten segitzen du barnealdeko zenbait herritan, Elorrion esaterako.
PPk ere 40.000 boto galdu ditu, baina zeukan diputatua mantendu egingo du. PSE-EEren kasuan bezala, Espainiako hauteskundeetan Estatu mailako alderdiek izan ohi duten tiradizo handiagoak lagundu dio porrota leuntzen eta maiatzean lorturiko emaitzak hobetu dituzte apur bat, baina, hala ere, Bizkaiko bosgarren indarra dira eta lanak izango dituzte PPk herrialdean duen pisu politiko gero eta txikiagoa handitzen.