iritzia
Errua
Onintza Enbeita
Ez da zure errua zure minigonak edo eskoteak edo ezpainetako margoak edo sujetadorearen tirak inoren desioa piztu izana. Pentsa ezazu, zenbat aldiz piztu zaizun zuri zerbait hanka tartean eta ez duzun inoren gainera salto egin; edo zenbat aldiz berotu zaituen dantzan ari zen horrek eta ez duzun hormaren kontra jarri. Beraz, zeuk nahi gabe, zeuri horrelakorik gertatzen bazaizu, errua ez da zurea; zuk eman ez dituzun pisten bidez, bere buruari zure altxorra deskubritzeko eskubidea eman dionarena baino. Hemen, bakoitzak kudeatu behar ditu bere azkurak.
Titi bistan poteatzea okurrituko balitzaizu ere, ez zaitzala inork ukitu. Eta ez, erakuste hutsak ez dio inori zure bularra eskuztatzeko eskubiderik ematen. Bestela, erasorik gehienak hondartza nudistetan gertatuko lirateke, eta ez txosnetan, tabernetan edo goizaldean etxerako bidean. Ez da zure errua zeure burua alurik gabe jaio zirenak bezain libre egin nahi izatea. Aitzitik, askatasun hori ukatzen dizutenak dira errudun sentiarazten zaituztenak, atzamarrez seinalatzen zaituztenak, zure erruari esker handi egiten direnak. Ez iezaiezue plazer hori eman.