astekaria 2018/06/29
arrowItzuli

mundua

Biolentzia eguneroko kontu bihurtzen denekoa

Gabriel A. Corral Velazquez

Biolentzia eguneroko kontu bihurtzen denekoa

Ciudad Juarez da indarkeriaren hiri enblematikoa. Kaleak eta eraikin multzoak ikus daitezke, batzuk abandonaturik eta beste batzuk erdi utzita, etxebizitza hutsak eta merkataritza gune ia hustuak. Taxi gidari bati egin beharreko ezinbesteko galdera da, 2006az geroztik jasan duten indarkeria gorria gogoan: «Nolakoa da orain Ciudad Juarez?». Iparraldeko mexikarren azentuaz eta maleziaz, honela erantzun du: «Beti bezala, Juarezen besarkada eta tiro artean bizi gara». Hark esandakoa bat dator inguruan ikusten denarekin: muga, izaera gogor ezagun hori duena, eta bortizkeria, narkotrafikoaren gerra piztu duten politiken ondorioz areagotua.

Nola begiratzen zaien, halaxe kontatzen dira istorioak beti. Mexikon, 1910etik, gertakariak seiurtekoetan neurtzen dira -presidentetzetako administrazioek irauten duten denbora-. 2006ra arte, presidentetzarako epe bakoitzak bere berezitasunak zituen, batez ere gorabehera politikoengatik edo ekonomikoengatik. Adibidez: politika neoliberalek eta NAFTA Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Itunak markatu zuten Carlos Salinas de Gortariren aroa (1988-1994); demokraziarekiko desilusioak Vicente Foxena (2000-2006), eta gerrak eta indarkeriak Felipe Calderonena (2006-2012).

Mexikon, narkotrafikoa erabat lotua dago herrialdearen iparraldeko kulturari. Mexikoko golkoak 3.170 kilometroko kosta dauka Ozeano Bareraino. AEBekin daukan muga aspaldian izan da drogen kontrako borrokalekua, eta azken hamabost urteetan munduko ia beste inon ikusten ez den indarkeria egon da. Azken hamabi urteotan, ordea, eremu gehiagotara ere zabaldu da bortizkeria.

2006an, hauteskundeak ozta-ozta irabazi ostean -epaitegietan iruzurra salatu zuten-, Calderonek presidente kargua hartu zuen 2006 eta 2012 arteko eperako. Zalantzan jarri zen hasieratik haren hautagaitza, garaipena eman zion epaitegiaren erabakia bezainbeste, eta narkotrafikoaren kontrako gerra hastea erabaki zuen, Michoacan operazioaren bidez. Armada eta poliziak atera zituen kalera Michoacango estatuko komunitateei segurtasuna bermatzeko asmoz, haiek krimen antolatuaren gorakadak mehatxatuta bizi baitziren. Neurri horren bidez, irmotasunezko mezua bidali nahi zien droga trafikoan aritzen ziren herrialde osoko taldeei, baina, helburua betetzeaz harago, indarkeria indizeek gora egin zuten, eta narkotrafikoari lotutako krimenek ere bai, nabarmen.

INEGI Estatistikaren eta Geografiaren Institutu Nazionalaren arabera -gobernuaren mendeko erakundea da-, krimen bortitzetan 70.899 hilketa gertatu ziren Foxen seiurtekoan (2000-2006); 102.859 izan ziren hildakoak Calderonen garaian (2006-2012). Eskandaluzko kopurua litzateke Enrique Peña Nietoren seiurtekoak gainditu izan ez balu: haren seiurtekoan -2018ko martxora arte kontatuak-, 104.583 dira hildakoak.

Normalizazioa

Herritar gehienentzat, eguneroko kontua da indarkeriaz hitz egitea. Komunikabideetako albiste nagusiak izaten dira kontu garbiketak; Guadalajarara, Monterreyra eta halako hiri garrantzitsuetara joateko sarbideen itxierak; kartelen artean mezuak trukatzeko mantak; herrixketarako bideetan agertzen diren gorpu desitxuratuak, eta, azken hilabeteotan, udal hautagaien hilketak.

Eta, hala ere, aurrera egiten du eguneroko bizimoduak. «Ez dago besterik», diote Guanajuatoko herritarrek. «Lanean jarraitzen duzu, eguneroko gauzak normal egiten, edo ezin zara bizi. Zeure burua zaindu behar duzu, leku arriskutsuak saihestuz, batez ere gauean». Guanajuatoko estatua Mexiko erdialdean dago; baketsua izan da, eta industria eta turismoa dauzka, baina azken hilabeteotan inoiz ez bezalako indarkeria pairatu dute. «Badirudi indarkeria ez dela sekula bukatzen. Merkataritza apaldu egin da, eta jendea oso gutxi irteten da kalera. Horrela ezin gara bizi», dio etxekoandre batek, atsekabetuta.

Mugaldeko herrietan, berdin gertatzen da. Reynosan, Texasko mugan, oso bolada gogorrak pasatzen ari dira indarkeriaren ondorioz. Batzuetan, Anzalduas eta Pharr nazioarteko zubiak itxi behar izan dituzte. Reynosa eta Nuevo Laredo izan dira golkoko kartelaren eragingunea, eta borrokan aritu dira, eremua nork eskuratu, kartel horretatik atera eta Zeta sortu zutenekin. Hiri horietako herritarrek sare sozialetara jo dute #alertareynosa traola erabiliz hango kaleetako eta etorbideetako arriskuaz ohartarazteko.

Juan Fernando Rocha Mier Migrantes Unidos en Caravana elkarteko arduraduna da. Elkarte horrek laguntza ematen die, abenduro, AEBetan bizi diren mexikar migranteei, Mexikora itzultzen direnean. Indarkeriak bete-betean jotzen ditu AEBetatik datozen dibisetatik bizi diren herriak. «Jasotzen den diruak eragin handi-handia du komunitateen garapen ekonomikoan, baina erakunde kriminalak ere erakartzen ditu», nabarmendu du Rocha Mierrek. Hain justu, 2012ko gertaera bortitz baten ondoren sortu zuten migranteen karabana. Queretaroko -Mexiko erdialdea- migrante batzuk desagertu egin ziren, batere arrastorik utzi gabe, AEBetara bueltan zihoazela. «Orduan erabaki genuen karabana bat antolatu behar genuela, Eguberriak ospatzera eta familia bisitatzera zetozenak babesteko. Hortxe dago beti indarkeria; batzuetan gordinagoa besteetan baino. Nire ustez, herritarrek egiten duten lanak alda dezake egoera. Agintariak gaindituta daude, eta krimen antolatua gora eta gora egiten ari da; espazioak okupatzen dituzte kalean, eta guk egin behar diogu gogor, aurrera egin nahi badugu».

Iparraldean bezain korapilatsua da egoera beste toki batzuetan ere, hala nola Michoacanen eta Guerreron. Zenbait kasuk agerian utzi dute Mexikoko Gobernuak ez duela ezertxo ere egiten kartelen indarkeria gero eta latzagoaren kontra. Hori nabarmena izan zen, esaterako, 2014ko irailean 43 ikasle desagertu zirenean Ayotzinapako landa eskolan, hegoaldeko Guerrero estatuan. Udaletako eta federazioko segurtasun indarrek, oldarka ekin, eta azpiratu eta desagerrarazi egin zituzten ikasle gazte haiek, Igualako udalerriaren inguruko parajeetan. Kasua argitu gabe dago, eta Mexikoko gizarte zibilean giza eskubideen alde aritzen diren organismo batzuek esana dute bai gobernu federala eta bai tokiko gobernuak ikerketari trabak jartzen ibiltzen direla. Ayotzinapako estudianteen kasua ez da bakana: Pertsona Desagertuen Erregistro Nazionalaren arabera, 32.000 pertsona desagertu dira Mexikon, eta gehienak 15 eta 29 urte bitarteko gazteak dira.

Kazetarien kontra

Desagertuen drama da, hain zuzen, Mexikoko gizartean urteetan izan duen hondamendirik handienetako bat, eta okerrera egin du 2006az geroztik, narkotrafikoaren kontrako borroka areagotu zenetik.

Azken urteotan, bai botere publikoek eta bai organizazio kriminalek gero eta estuago hartzen dituzte kazetariak Mexikon. Kazetaritzako profesionalak aurre-aurrean dabiltza aspalditik adierazpen askatasunaren aldeko borrokan, besteak beste. Esan ohi da Mexiko dela kazetarientzako herrialderik arriskutsuenetako bat, eta droga trafikoaren kontrako gerra hasiz geroztiko urteak izan dira boladarik bortitzena. Alor horretako adituen ustez, hauek daude kazetaritza eta kazetariak bortizkeriaren mende uzten dituzten kausen artean: profesionalak eskarmentu gabeak dira segurtasun publikoko gertaeren berri emateko garaian, protokoloei lotzen baitzaizkie; komunikabideek berek ez diete babesik ematen kazetariei; kazetari lanbidea indar handirik gabea da Mexikon; ez da behar bezala aztertzen indarkeriaren arazo sozial korapilatsua; eta abar.

Kazetariek babesik gabe eta baldintza kaskarretan eman behar izaten dute gertaera bortitzen berri, segurtasun falta larria duten eskualdeetan. Dena dela, delituak ez dira adierazpen askatasunaren eta kazetaritzan aritzen direnen kontrako kolpeen sorburu bakarrak: estatuak ere badu errua, ez baitu babesik ematen, ezta krimenak zigortzen ere. Prentsa askatasuna babesteko organismoen arabera, 104 kazetari hil dituzte 2000. urteaz geroztik, eta 25 desagerturik daude. Narkotrafikoko kartelen arteko gerrak, desberdinkeriaren mapak eta kazetari lanaren prekaritateak ondo erakusten dute nola dagoen Mexiko.

Hilketa ez da kazetari lanetan dabiltzanen kontrako bortizkeria mota bakarra. Adierazpen askatasuna zaindu eta babesten duen nazioarteko talde batek, 19. Artikulua izenekoak, adierazi du gutxienez 25 berriemaile desagertu direla. 2017ko abuzturako, jasoak zituen salaketa hauek: mehatxuen inguruko 60, eraso fisikoen inguruko 56 edo intimidazioaren inguruko 67.

Feminizidioaren panorama

Beharbada, feminizidioa izango da Mexikon gehien aipatzen den bortizkeria. Ciudad Juarezen bakarrik, 700 emakumeren hilketak zenbatu dituzte 1993az geroztik. Hilketa horiek ez daude narkotrafikoarekin zuzenean lotuak, baizik eta hainbat faktorerekin. Hilketa gehienak ez dituzte zigortu, edo ahaztuta daude.

2018ko lehenbiziko hiru hilabeteetan bakarrik, 188 feminizidio salaketa izan dira Mexikon, Segurtasun Publikoaren Sistema Nazionalaren arabera. Salaketa gehien Zacatecasen, Guerreron, Nuevo Leonen eta Sinaloan izan dira. 2017ko epe beraren aldean, %17 handitu da feminizidioa: horrek esan nahi du feminizidio bat gertatzen dela 100.000 biztanleko.

Arriskuan dauden emakumeak babesteko organismoentzat, ordea, feminizidioa ez da kezka bakarra: emakumeen kontrako indarkeria tasa ere bada eztabaidatzeko eta aztertzeko gaia. INEGIren datuen arabera, kalkulatzen da Mexikoko emakumeen %66k gutxienez pairatu dutela indarkeria motaren bat.

Aurrera begira

Indarkeriak kezka handia sortzen du Mexikon: mexikarren %66k uste dute segurtasun falta eta delinkuentzia direla herrialdeko arazorik larriena. Narkotrafikoaren kontrako gerraren ondorioz indarkeria laztu, eta horrek lasaitasuna kendu zien Mexiko barnealdeko familia eta herri askori.

2018ko abenduan gobernuaren administrazioa aldatuko denez, badago esperantza Mexikoko Gobernua bera ere sentibera izango dela arazo horren inguruan, eta neurriak hartuko dituela bizikidetza hobetzeko eta segurtasun tasak apaltzeko. Nolanahi ere, ez dago garbi nola konpon daitekeen halako arazo sakon bat, erregimen demokratiko baten eta huts egindako estatu baten erdibidean dabilen herrialde batean.

BERRIAn argitaratua (2018/06/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA