astekaria 2018/06/29
arrowItzuli

bizigiro

Espedizioa euskararen lurraldean barna

Maialen Unanue Irureta

Espedizioa euskararen lurraldean barna

Laborantza Ganbera, Orreaga, Donemiliaga Kukula, Añanako gatzagak, Argantzungo ikastola, 75 ordu euskaraz, Martin Ugalde kultur parkea, Abadiako gaztelua, euskoa, Albaola, flyschak eta Geoparkea, Ekainberri, Santimamiñe eta Omako basoa, Gernikako juntetxea eta Arriaga plaza. Euskarabenturan parte hartuko duten 110 gazteek ezagutuko dituztenen zerrenda laburtu bat baino ez da. Euskal Herria zeharkatuko dute Donejakue bide desberdinei jarraituz: 783 kilometro egingo dituzte guztira, horietatik 483 oinez. Taldea 30 helduk gidatuko dute: xerpak -hezitzaileak-, medikua, erizaina, gidariak, argazkilari eta kazetariak joango dira. Olatz Silva BERRIAko kazetariak Euskarabenturaren egunez eguneko jarraipena egingo du Berria.eus-en, haiekin izango baita euskararen lurraldean barna egingo duten espedizioan.

Duela hiru urte hasi ziren egosten Euskarabentura, Boiseko Euskal Jaietan, AEBetan. Su txikian egosi dute, ideia lagun gutxi batzuen artean sortzeaz gain, dena euren borondatez egin baitute. «Zailtasun nagusia izan da -aldi berean proiektua aberastu duena- boluntario talde bat garela: bi pertsona liberatu ditugu, baina gainontzekoek ezin izan diogu nahi adina denbora eskaini», azaldu du Ane Pedruzo antolatzaileak. Azkenean, ordea, egia bihurtu dute Quetzal ibilbidea zenaren euskal aldaera. Igandetik aurrera, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 110 gaztetxok egingo dute bat Euskarabenturan, baita diasporako beste bik ere: Patagoniakoa da bata, eta Washingtongoa bestea. Maulen elkartu, eta handik hasiko dute espedizioa, eta Getxon (Bizkaia) bukatuko dute, uztailaren 31n.



Izatez, 120 lagunek parte hartzea nahi zuten, baina, azkenean, aurrekontua tarteko, 110eko taldea osatu dute. Lehenengo aldia izateko, arrakasta izatea lortu dutela uste du Pedruzok, nahiz eta hasieran ilun samar egon zen panorama: «Izena emateko epea bukatzen zen asteburuan Bidanian elkartu ginen, eta ordurako hamar lan baino ez genituen jaso: han geundela, mezuak iristen hasi ziren barra-barra, eta poz-pozik joan ginen etxera, bagenekielako ehun lagunen langa pasatu genuela».

«Zuberoako ekhia zaindari»

Euskal Herriko hamaika txoko ezagutuko dituzte etapaz etapa. Baina dena ez da oinez ibiltzea izango: etapa bakoitzaren amaieran eta atseden egunetan, ekintzak egingo dituzte. Eta, horrez gain, geografia, historia, kultura eta errealitate soziolinguistiko desberdinetan sakontzeko aukera izango dute. Horretarako, hainbaten laguntza izango dute: Xan Aire, Asisko Urmeneta, Odei Barroso, Ximun Fusch, Ander Lipus, Myriam Perez, Kattalin eta Peter Ansorena, Aroa Arrizubieta, Manu Bendala, Kike Amonarriz, Miren Amuriza, Jone Goirigolzarri eta Txerra Rodriguez, besteak beste.

Euskarak eta euskaltzaletasunak batu zituen Euskarabentura elkarteko hamar lagunak, Pedruzoren esanetan. Egindako lan eskergari esker, dozenaka erakunderen laguntza jaso dute, eta gogotsu daude espedizioari ekiteko: «Udako solstizioaren suak garra piztu du; dena prest da elkarrekin bidea argitzeko. Igandean su berria piztuko da Zuberoako ekhia zaindari».

Unai Fraeters Irigoien

«Euskal irla txiki bat gara Washingtonen, gure etxean»

 




Donostian jaio zen Unai Fraeters Irigoien, 2002an, baina hamar hilabete zituela joan zen familiarekin AEBetara bizitzera, Washingtonera. Amaren bidez jaso du euskara, eta, AEBetan bizi arren, euskaraz hitz egiten du harekin eta anaiarekin: etxean ikasi du euskaraz.

Beste bi hizkuntza gutxienez erabiltzen ditu egunerokoan: aitarekin nederlanderaz egiten du, eta eskolan eta lagunartean, ingelesez. «Urtero joaten naiz Euskal Herrira udako oporretan, eta euskaraz gehiago hitz egiteko aukera izaten dut».

Gurasoek animatuta eman du izena Euskarabenturan Fraetersek: «Aukera paregabea da euskara nire adinekoekin praktikatzeko, Euskal Herrian nire adineko jendea ezagutzeko, eta baita Euskal Herria bera ondo ezagutzeko ere».

Lekuak eta jendea ezagutzeaz gain, alde fisikoak ere erakartzen du Fraeters: «Erronka fisikoa gainditzea ere erakargarria da: hainbeste kilometro oinez egitea eta erosotasun arruntik gabe hilabetez bizitzea abentura bat da». Bere zaletasun kutunena praktikatzeko aukera ere izango du, gainera: argazkilaritza. «Asko gustatzen zait, eta argazki ederrak egitea espero dut hilabete honetan».

Euskarabenturan parte hartzeko bideo bat egin zuen Fraetersek, euskararekin duen harremana azaltzeko: «Iruditu zitzaidan interesgarria dela erakustea euskal irla txiki bat garela gure etxean, Washingtonen».

Aroa Juanbeltz Oroz

 

«Ideia bikaina da, nire ustez, Euskal Herria ezagutzeko»

 




Lizarran (Nafarroa) jaio zen Aroa Juanbeltz Oroz, 2002an, baina Tafallan bizi da. Haren gurasoek ez dakite euskaraz, eta, hain zuzen ere, horregatik erabaki zuten alabak euskaraz ikastea nahi zutela. «Hemen, Tafallan, badago ikastola bat, eta, orain bai, baina lehen eskola publikoan ez zegoen euskaraz ikasteko aukera; horregatik bidali ninduten ikastolara».

Lagunekin eta ikastolan egiten du euskaraz, batik bat, Juanbeltzek. Baina, zorionez, euskaraz hitz egiteko beste eremu bat ere badu: pala ikastaroa. «Irakasleak euskaraz daki, eta palara joaten garenok ere bai: euskaraz egiten dugu elkarrekin». Baina jakin badaki Juanbeltzek, bere haragitan bizi duelako, beste bat dela herriko errealitatea: «Tafallan zerbait erosi nahi baduzu, edo beste zerbait egin nahi izanez gero, ezin duzu euskaraz hitz egin: aukera gutxi dago, jendeak ez dakielako».

Euskarabenturako lagunek espedizioa aurkeztu zietenean, ez zuten zalantzarik izan: «Niri eta nire lagun batzuei ideia bikaina iruditu zitzaigun Euskal Herria ezagutzeko, herrialde ezberdinetako jendea ezagutu eta lagun berriak egiteko; gainera, euskaraz gozatzeko beste modu bat iruditu zitzaigun». Itsasoa eta euskara gaitzat hartuta, marrazki bat egin zuen Juanbeltzek, eta urtebete zaharragoa den lagun batekin joango da Euskarabenturara: «Gogotsu nago, eta urduri: uste dut esperientzia polita izango dela».

Maiana Bierge-Irume

 

«Gauza anitz ikasiko ditugu, eta kirol pixka bat egin»

 




Zuberoa eta Nafarroa Beherea arteko muga-mugan jaio zen Maiana Bierge-Irume, Lohitzüne-Ohiergin, 2003an. 3 urterekin hasi zen ama eskolan, eta orduan hasi zen euskaraz hitz egiten. «Egunaren erdia euskaraz egiten nuen han; orain, kolegioan, geografiaren historia euskaraz egiten dugu, eta baditugu hiru edo lau oren euskaraz astean. Etxean ez dugu euskaraz egiten, baina irakasleekin bai».

Hori dela eta, Euskarabenturan izena eman du euskaraz hitz egiteko aukera gehiago izateko, egunerokoan ez baitu ohiturarik: «Euskaraz kurtsoetan eta kolegioan mintzatzen naiz, baina lagunekin frantsesez hitz egiten dut: hori bai, irratia euskaraz entzuten dut, Xiberoko Botza». Irakasle batek hitz egin zion Euskarabenturaz, eta hasieran zalantza egin zuen izena eman edo ez, baina azkenean lagun batek elkarrekin joatea proposatu zion, eta hala egingo dute. Ez dago batere urduri, gainera. «Ene ustez, gauza anitz ikasiko ditugu, eta kirol pixka bat egingo dugu, zeren eta dena oinez egiten dugu», dio, barre artean.

Idaztea gustatzen zaio, eta, horregatik, bere jaioterriari buruzko ipuin bat egin zuen Bierge-Irumek Euskarabenturan parte hartzeko: «Gure herrian bada gaztelu zahar bat, eta asmatu dut espirituen istorio bat». Esan duenez, ez du «sobera» bidaiatu Hego Euskal Herrian zehar, baina bai Ipar Euskal Herrian: «Zuberoan batez ere, eta baita kostaldean ere: aukera ona izango dugu orain dena ezagutzeko».

 

BERRIAn argitaratua (2018/06/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA