kultura
IRATXE RETOLAZA
«Genero gatazkak zeharkatzen du euskal literatura garaikidea»
Maider Galardi F. Agirre
Genero ikerketek eta ikasketa feministek euskal literaturan egindako urratsak ikertu dituzu. Zein izan da bilakaera?
Badaude mugarri batzuk euskal literatura garaikidean. Lehen urratsa emakume sortzaileek egin zuten, idazleek beraiek jarri zuten gatazka mahai gainean. Itxaro Bordak argitaratu zuen Bizitza nola doan antologia, 1984an; genealogia bat egin zuen. Baina bada mugarri garrantzitsu bat. 1987an Jakin aldizkariak sustatuta antolatu zuten mahai inguru bat emakume idazleekin.
Beraz, emakume idazleek beraiek bultzatu zuten gogoeta.
Han izan ziren Borda bera, Aurelia Arkotxa, Nerea Azurmendi, Tere Irastorza, Gema Lasarte eta Laura Mintegi. Jakin-en 45. alean bildu zuten hori, eta herriz-herri aritu ziren kezkak azaltzen. Ondoren, 1999an, Emakume Idazleen Lantaldea sortu zuten, eta horrela argitaratu zen Gutiziak narrazio bilduma, aldarrikatzeko emakume idazleen ahotsak ere askotarikoak zirela. XXI. mendean egin dugu jauzia sortzaileetatik irakurleetara, eta, batez ere literatur teoria feminista oinarri duen kritika batera. 2003an sortu zen Skolastika formazio gunea, eta literatur kritika feminista bultzatzen duen Sareinak taldea sortu genuen. Hedatuz joan gara emakumeen jabekuntza eskoletan eta emakumeen etxeetan. Eta jauzi egin dugu soilik emakumeen testuak aztertzetik askotariko idazleen testuetako genero gatazkak aztertzera.
Baina, edukiaz gain, literatur esparruan badago genero ikuspegitik zer aztertu, ezta?
Hartzaileok ez dugu testua besterik gabe jasotzen. Literatur lana jasotzeko badago bitartekaritza eta birsorkuntza bat, eta horrek sekulako eragina du testuaren gainean sortzen den diskurtsoan. Literatura genero ikuspegitik ikertzean azter dezakegu testua, hartzaileok zein genero espektatibak ditugun, baina baita liburua eskuragarri ote dagoen, eta zein den narrazio horiei buruzko diskurtsoa. Kazetaritzan, eskoletan, akademian... diskurtso jakin batzuk sortzen dira.
Garai batean lehentasunezkoa zen emakume idazleen ikusgaitasuna lortzea, eta orain ari gara testuetan dauden genero diskurtsoak aztertzen. Egin beharko dugu genero gatazkari buruz sortutako diskurtsoaren hausnarketa ere.
Zer-nolako iruditeria sortu da euskal literatura garaikidean genero gatazkaren inguruan?
Genero gatazkak zeharkatu du euskal literatura garaikidea. Leturiaren egunkari ezkutua, esaterako, existentzialista da, baina, erabakitzearen gatazka hori ezkontzarekin lotzen da liburuan. Beraz, genero gatazkak zeharkatzen du. Beste kontu bat da hori genero gatazka moduan ulertzen dugun. Eta, orain arte, hori ez dugu landu, nahiz eta genero gatazkak zeharkatzen duen euskal literatur garaikide guztia. Gizarte eta irakurle moduan kostatu egiten zaigu hori identifikatzea. Ramon Saizarbitoriaren nobela bat irakurtzen badugu, agian ez gara ohartuko genero gatazkaren presentziaz, eta Danele Sarriugarteren Erraiak eleberrian errazago antzemango dugu. Baina, finean, bietan ageri da ezinegon hori modu batean edo bestean.
Saizarbitoria eta Sarriugarte aipatu dituzu. Badago uste bat emakumeek eta gizonek estilo diferentea dutela idaztean.
Nik uste dut nahiko agortuta dagoela eztabaida. Idazle bakoitzak bere estiloa du. Beste kontu bat da idazle bakoitzak zein pertsonaia sortzen duen, eta pertsonaia horiei zilegitasuna emateko zer- nolako ahotsa erabiltzen duen. Iruditzen zait pertsonaiak gorpuztean eta nortasuna ematean gizarteko zenbait oihartzun erabiltzen direla. Kontua da feminismotik ari diren idazle horiek badutela kodeak birpentsatzeko joera bat, eta beraz, kode literarioetan ere aldaketa gertatzen da. Horrelakoetan, ohiko genero literarioek mugak sortzen dituzte.
Ez dago arriskua kode horietan eta feminismotik ari diren idazleak multzo berean sartzeko?
Emakume sortzaileak zaku berean sartzen dira. Gauza bat da idazleek egitea ariketa hori ikusgaitasuna lortzeko. Baina, beste gauza bat da gaur egun plazan dagoen horri etiketa bera jartzea, aztertu gabe ea estetikoki antzekoak diren ala ez. Gutxiespenerako erabili da Erasmus belaunaldiaren etiketa. Alboratu egin da idazle bakoitzaren estilo propioaz, nortasunaz eta egindako ibilbideaz hitz egitea. Literatur lanez ari garenean, emakume idazleak zaku berean sartzea saihestu behar dugu. Gizonekin alderantziz gertatzen da; testu bakoitzak ekartzen dituen berrikuntzen inguruko ñabardura egiten da.
Asko hitz egin da, gainera, emakume idazleen autofikzio estiloaren inguruan.
Irakurleak liburu bat hartzen duenean fikzio hitzarmena egiten du. Baina, hitzarmena bera zalantzan jartzen denean, egileari aitortza hori ukatzen zaio. Gainera hori ez da egiten beste kasu batzuetan. Kirmen Uribek Bilbao-New York-Bilbao idatzi zuenean jakina zen autofikzioa zela, baina ez zioten hori leporatu. Literatur kritiketan ez zen horri buruz hitz egin, eta ez zen zalantzan jarri. Aldiz, Miren Agur Meaberen kasuan auzitan jarri zen autobiografia ote zen ala ez. Sarriugarteri ere gauza bera pasatu zitzaion. Ez dut imajinatzen kazetari bat gizonezko idazle bati galdetzen ea bere sexualitatea liburuko pertsonaia nagusiarena bera ote den. Badago hor egiletasuna eta autoritatea ukatzeko modu bat.
Hala ere, azken urteetan hartu dute plaza idazle feministek?
Mugimendu feministak indar handia du gaur egun, eta horrek izan du isla literatur harremanetan. Idazteko moldea eta gaitegia aldatu dira akaso, eta egia da irakurle gehien dituen sektorea agian berrikuntza horiek egin dituena dela. Baina, sare bat badagoen arren, euskal literatura oso egoera txarrean dago, eta literatur instituzioek eta akademiak ere ez dute diskurtsoa aldatu. Beraz, hor badago amildegi bat. Irakurleen artean sortutako sare eta diskurtso horiek egituratu behar dira instituzioak ere aldatzeko.
Horrek esan nahi du literatur kontzeptuak errotik aldatu behar direla?
Euskal literatura ikertu denean, forma eta estiloa ikertu da batik bat, eta orain jauzi egin dugu kultur ikerketetara eta irakurketa soziologikoetara. Baina, uste dut erdibideko urrats bat ahaztu dugula: testuek ere badute egitura ideologiko bat eta ikuspegi sozial bat. Hori da literatur kritika feministatik dugun erronka. Garrantzitsua da literaturaz aritzeko ditugun tresnak eta kontzeptuak teoria feministatik ere birpentsatzea. Erabiltzen ditugun kontzeptu guztiek dute sekulako genero zama, eta hori birsortzen ari gara. Beraz, hori aldatu beharko genuke beste errealitate batzuk sortzeko.