astekaria 2018/06/29
arrowItzuli

mundua

Afrin indarrez aldatzen

Orsola Casagrande. Jose Miguel Arrugaeta

Afrin indarrez aldatzen

Afringo administrazio autonomoko Hevi Mustafa lehendakarikidearen arabera, 200.000 pertsonari baino gehiagori ihes eginarazi zieten eremu okupatutik, eta, kalkuluen arabera, beste 150.000 beren bizilekuetan harrapatuta geratu ziren. Biztanle kopuru handi horren desplazamenduaren atzean, ordea, beste interes politiko estrategikoago bat dago; ez da bakarrik gerra egoera baten ondorioa. Turkiaren helburu nagusia biztanle horien desplazamendua burutzea da, eta mugaldeko lurralde zerrenda hori birpopulatzea bizilagun berriekin, Turkiako Estatuaren ikuspegian «fidagarriak» izan daitezkeenekin. Mustafak berak laburbildu du azkeneko asmo hori: «Afringo biztanle guztiak behartu nahi dituzte hiria eta haren ingurumariak uztera. Horrek zerikusia du Turkiak kurduak asimilatzeko darabilen politikarekin; kurdufobia erabatekoaz dihardu». Eta hau ere erantsi du: «Halaber, gure proiektu demokratikoa ahuldu nahi dute, eta gatazka sektarioak sustatu gizarteko komunitate guztien artean, krisian sakontzearren eta Siria zatikatzearren».

Afrin ondoko Xahba barrutian, SDF Siriako Indar Demokratikoek kontrolpean mantentzen duten eremuan, 200.000 desplazatu-errefuxiatu ezarri dira, behin-behinean, eta giza krisi larri batean daude. Administrazio autonomoak emandako informazioaren arabera, pertsona horiek ez dute oinarrizko gairik bizitzeko lain.

Desplazatuen familiak hainbat etxetan ezarri dira, borroka eta oldarraldi militarretan hondaturikoetan, bai eta beste hainbat bizitegi behin-behinekotan ere. Gero eta luzeagoak dira terroristek jarritako minen eraginez hildako haurren zerrendak, bai eta desnutrizioaren ondorioz hildakoenak ere. Ilargi Gorri Kurduak ahal duen heinean laguntzen du, baina ez dago askoz gehiagorik.

Mustafak esan duenez, besteak beste, botika oinarrizkoak eta ekipamendu medikoak falta dira. «Dendetan eskolak ematen hasiak gara berriro, baina denetarik falta da, eta ikasle askok, besterik gabe, ez dute hartzen eskolarik». Joan direnak baldintza dramatikoetan daude, baina are okerrago daude eremu okupatuan harrapatuta geratu direnak. Izan ere, Turkiaren asmoen arabera, 150.000 pertsona horiek sobran daude, eta, alde eginarazteko politikaren barruan, egunero askotariko umiliazioak eta indarkeriak jasanarazten dizkiete ihes egin dezaten.

Administrazio autonomoko funtzionarioek ematen dituzten datuak eremu okupatuan harrapatuta dauden bizilagunen adierazpenetan oinarritzen dira. Lekukotasun guztietan dago jasoa terrore eta beldurrezko egoera batean bizi direla etengabe, turkoen aldeko talde islamiko armatuen jarduna dela eta.

Turkiak okupaturiko eremu horretatik pixkanaka heltzen ari direnek, hain zuzen, errealitate bat berresten dute: terrorepean bizi direla, atxilotu eta urrunera eramango dituzten beldurrez, gero hantxe torturatu eta erailko dituztelakoan. Jendea bere familiaren aurrean hiltzen dute, eta emakumeen kontrako indarkeria ugari dago, bortxatu egiten dituzte, eta hijaba jantzarazten diete, edota norbere kultur tradizioarekin zerikusirik ez duten arropak.

Ghutatik Afrinera

Turkia ezartzen ari den «biztanleria berri» horretakoak mertzenario islamikoen tartekoak dira, batik bat arabiarrak, eta, oraingoz, Ghuta ekialdetik etorriak -Damaskotik gertu dago eremu hori-; Siriako Gobernuaren onespenarekin alde egin zuten beren hiritik, Errusiaren bitartekaritza interesatuari esker. Esate baterako, tokian tokiko iturrien arabera, 40 familia inguru lekualdatu berri dituzte Ghuta ekialdetik Afringo Kaxure herrixkara, Turkiako armadaren babespean; pertsona horiek familia kurdu desplazatuen etxe eta lursailetan ezarri dira. Eta, zenbait albisteren arabera, beste familia asko beste herrixka batzuetan ezarri dira, Afrin inguruan.

Eta ugaritzen ari dira terrore politikaren inguruko testigantzak. «Emakume eta neskatoak bahitzen dituzte, eta mutil gazteak zuloak egitera eramaten; arropak garbi diezazkieten behartzen dituzte emakumeak. ?exqutka herrixkako emakumeak eraman egin zituzten, eta sekula ez dituzte itzuli. Beste horrenbeste gertatu zitzaion Jindiresko neska bati, eta beste bat ere eraman zuten, baina handik astebetera itzuli zuten, haren senarra haietako espioi bat baitzen»; hala dio eremu horretara iritsi berri den bizilagun batek. B.A.-ren lekukotasunaren arabera, berriz, «Turkiarko armadak eta haren talde aliatuek egunero plazan biltzen dituzte herriko gizonak, eta zuloak egitera eramaten. Gero, talde armatuetako kideak etxez etxe ibiltzen dira, emakumeak bortxatzen».

Okupatzaileek toki administrazio bat ezarri dute, behin-behinean, berek hautatua, eta, hala, eguneroko bizimodua kontrolatzen dute herrixketan. «Administrazio okupatzaile berriko zenbait kidek talde armatuei laguntzen diete gure herrian. Herrixkako buru izendatu dituzte, eta kontrolpean dute herrian gertatzen den oro. Haien ikuskaritzapean bahitzen dituzte emakumeak, baina familiek ezin dute txintik esan, beldur baitira»; hala esan du errefuxiatu batek. Eta beste batek bere odisearen berri kontatu du, arrisku eta estortsio artean ihes egin zuenekoa. «Ezin ginen irten Afrindik, ez baikenuen autorik... Ihesean gindoazela, FSA Siriako Armada Askeko kideek ehuna mila lira siriar lapurtu zizkiguten».

Kontakizunetan, behin eta berriro aipatzen dira bahitze, tortura eta estortsio metodoak. Adibidez, joan den ekainaren 10ean, Xye herrixkan, Xexo izeneko familia bateko 40 pertsona bahitu zituzten, haurrak eta emakume edadetuak barne, eta, hiru egunean, krudelki torturatu zituzten gizonak, eta Zinet eta Neriman izeneko emakumeak. Gero, askatu egin zituzten emakume eta haur horietako batzuk, baina 25 pertsona atxiki zituzten, eta 30.000 dolar eskatu zituzten bahisari gisa; kopuru neurrigabea beren lanetik baino bizi ez diren laborari xume batzuentzat. Eta hori guztia, Turkiako tropen begirada «adeitsupean»; armatu islamikoen esku uzten dute lan zikina.

Afringo administrazio autonomoko bozeramaile Mustafaren arabera, etengabeko indarkeria praktika horiek eta okupazio turkoak eskualde osoan eragindako egoerak zenbait konplizitate eskatzen ditu: «Afringo okupazioa Turkiaren eta Errusiaren arteko itun ilun baten ondorio da; dituzten interes ekonomikoak sendotzeko eta Turkiatik pasatzen den gasbidea segurtatzeko balio die. Aldi berean, Errusiak Siriako erregimena indartu nahi du, Turkian trebaturiko mertzenarioek aurrez okupaturiko eskualdeak atzera Siriari itzuliz. Guk hauxe baino ez dakigu: gatazka murrizteko eremu deritzen horiei buruzko itun berriez ari direla hizketan».

Ezinbesteko konplizitate horiez gain, isiltasun konplize ugari daude: esate baterako, Damaskoko gobernuarena, zeinak, Mustafak dioenez, «ez baitu ezer egin Turkiak Afrinen Siriaren muga eta subiranotasuna urratu dituelarik». Eta hau erantsi du: «Erregimenak mertzenarioak atera nahi zituen Ghutan, bere kontrola Siriako beste eremu batzuetara hedatzeko, eta, hala, bere burua sendotzeko. Erregimenak isilik badirau, Erdoganek lurralde gehiago okupatuko ditu aurrerantzean ere». Turkiak joan den urtarrilean hasi zuen Afrin inbaditzeko operazioa, eta, handik gutxira, Siriako armadak Ghuta ekialdea berreskuratzekoa hasi zuen. Turkiak martxoaren 14an bururatu zuen inbasioa.

Mendebaldea, isilik

Beste arrazoi batzuengatik bada ere -kasu honetan, Ankararekiko harreman betiere korapilatsuak ez tenkatzea-, nabarmentzekoa da Europako Batasuneko gobernuen eta NATOko gainerako kideen isiltasuna Turkiaren erasoa dela eta, kontuan izanik egoera horrek bat egin duela, aldi berean eta Sirian bertan, Ghuta ekialdeko giza krisiarekin; krisi horrek, besteak beste, eztabaida handiak eragin zituen Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan, zenbait presio Damaskon, eta AEBen aire eraso bat Siriako armadaren kontrakoa.

Afringo kasuan, ordea, Turkia NATOko kide da, eta harena da aliantza horretako armadarik handienetan bigarrena. Mustafaren ustez, argi dago Erdoganen azken helburua: «Siria iparraldeko proiektu federala amaitzea. Rojavako iraultzaren hasieratik, guk praktikatzen dugun autoadministrazioaren kontrakoa izan da Turkia; manipulatu egin ditu egintzak, eta Daex [EI Estatu Islamikoa] gure kontra indarberritzen ahalegindu da, hura garaitua zegoelarik ere Siria iparraldeko lurralde askotan». Gauza «kezkagarri bat» seinalatzen luke: Estatu Islamikoaren «birmoldaketa bat» dela, «bestelako izendapenak erabiliz».

BERRIAn argitaratua (2018/06/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA