astekaria 2018/06/29
arrowItzuli

bizigiro

Askatasun haizearekin dantzan

Iker Tubia

Askatasun haizearekin dantzan

Bandera trapu bat da, haizerik ez badabil». Hala kantatzen zuen Dut taldeak, Martxel Mariskalen hitzei jarraikiz. Bada, askatasunaren haizeak jarri du dantzan LGTBI komunitateak nazioartean nagusiki erabiltzen duen bandera azken 40 urteotan. Ez da bandera edo sinbolo bakarra, baina hori da ezagunena. Etzi Euskal Herriko kaleak zeharkatuko ditu bandera koloretsuak, sexu askapena aldarrikatuko duten mobilizazioetan.

Atzoko egunez aurkeztu zen estreinakoz jendaurrean ortzadarraren bandera. San Frantziskon izan zen (AEB), Gay Askatasunaren Egunean. Eskaria Harvey Milkek egin zuen, AEBetan homosexuala zela aitortu zuen lehenbiziko kargudun publikoak, baina banderaren egilea Gilbert Baker izan zen (Chanute, AEB, 1951- New York, 2017), militar ohia eta sexu askapenaren aldeko ekintzailea. Bizi zenean egindako elkarrizketetan eman zituen banderaren xehetasunak. Hasieran, zortzi kolorekoa zen arrosa, gorria, laranja, horia, berdea, turkesa, urdina eta bioleta, eta AEBetako banderan oinarritu zen.

1976an, AEBen berrehungarren urteurrena ospatu zela-eta, herrialdeko bandera nonahi ikus zitekeen. Baker ohartu zen bandera bat gainerako sinboloez bestelako zerbait zela. «Bandera bat behar genuen, ikur baten gisa ikusiko genuena, jendea ginela zioena, tribu bat nahi bada. Eta banderek boterea aldarrikatzen dute; beraz, oso egokia zen», azaldu zuen 2015. urtean. Garai hartan, mugimenduak hiruki arrosa iraulia erabiltzen zuen identitate ikur gisa, naziek hiruki arrosa jartzen baitzieten besoan gatibu zituzten homosexualei. Bakerri ez zitzaion gustatzen: «Zerbait ederra behar genuen, gurea zen zerbait. Ortzadarra bikaina da, aniztasuna benetan irudikatzen duelako. Gainera, naturako bandera bat da».

Bandera egiteko, 30 boluntarioren laguntza izan zuen, eta dena eskuz egin zuten: oihalak tindatu, elkarri josi eta lixatu. Baker abila zen josten, drag queen ibiltzen zenean bere jantziak egiten baitzituen. Eskubide zibilen aldeko pankartak ere josi ohi zituen. Ortzadarraren bandera ez zuten etxean egin, San Frantziskoko Grove kaleko 330.ean baizik, Gay Komunitatearen Zentroan. Harrotasun egunerako prest zuten.

Urte hartan bertan hil zuten Milk. Hilketa hark ortzadarraren banderen eskaria handitu zuen, eta Paramount Flag Company enpresak kolore arrosa kentzea erabaki zuen, oihal hori lortzea zailagoa zelako. Zazpi koloreko ortzadarrak urtebete iraun zuen. Banderak kale-argietan paratzean, erdiko zerrenda ez zen ikusten, makilarekin nahasten baitzuten. Hala, gaur egun zabalduta dagoen sei koloreko bandera sortu zuten 1979an: gorria, laranja, horia, berdea, urdina eta morea. 2003an, bandera originala berpizten saiatu zen Baker, baina alferrik; ez zuen lortu.

AEBetan ortzadarraren bandera estreinakoz karrikaratu zuten urtean, Euskal Herrian lehenbiziko aldiz ospatu zen LGTBI harrotasun eguna. Batzuen memorian, 1977ko azaroaren 10ean Bilbon egindako manifestazioa da lehenbizikoa, nahiz eta mobilizazio hura ekainaren 28tik urruti izan zen. Egun hartan, 4.000 lagun elkartu ziren, homosexualitatea zigortzen zuen Arriskugarritasun legearen kontra, besteak beste, eta poliziak manifestariak jipoitu zituen Areatzan sartzen ahalegindu zirenean.

Hasieran ez zuten gustuko

Garai hartan ez zen ortzadarraren banderarik, eta LGTBI komunitateak beste sinbologia bat erabiltzen zuen Euskal Herrian. Hasieran, lambda letra zen haien ikurra. 1978an, oraindik legez kanpokoa zen EHGAM elkarteak lokal bat ireki zuen, eta Txoko Lambda deitu zuen. «Ez zegoen modurik gu legeztatzeko, eta tresna bat behar genuen lan egiteko», azaldu du Imanol Alvarez EHGAMeko kide historikoak. Aisialdi eta gastronomia elkarte gisa erregistratu zuten, eta izena gaztelerara itzultzean Lugar en la pradera (Landako txokoa) jarri zuten, arazoak saihesteko. Lambda letra hondo berdedun banderetan erabiltzen zuten, eta pankartak ere kolore berekoak ziren.

Geroago hasi ziren hiruki arrosa iraulia erabiltzen, hori ere nazioartean erabiltzen zena. Bandera beltza zen, eta erdian hiruki arrosa. «Hirukia politikoagoa edo iraultzaileagoa iruditu zitzaigun, nazien eta faxismoaren kontrakoa argi eta garbi; beraz, hori erabiltzen hasi ginen», azaldu du Alvarezek. «Hori izan da gehien gustatu zaigun ikurra, eta EHGAMekoek segitzen dugu hirukia edonon ateratzen».

Euskal Herrira geroago ailegatu zen ortzadarraren bandera. «Hasieran, ez zitzaigun gehiegi gustatzen», onartu du Alvarezek. «Alde batetik, hasiak zirelako bestelako taldeak egoten, erreformistagoak, eta horiek hasi ziren bandera bultzatzen». Nahiago zuten hirukiari eutsi, baina, azkenean, koloretako banderara ohitu ziren. «Onartu behar da ikusgarria eta polita dela. Kolorea polita da; beraz, hasi ginen gu ere erabiltzen».

EHGAMekoek Bilbon egin zuten Euskal Herriko lehenbiziko koloretako bandera. «Erraldoia zen, metro askotakoa, eta eskuz egin genuen gure lagun jostun bati esker». Hala, gero eta gehiago zabaldu zen hasieran hainbeste maite ez zuten bandera. «Pentsatu genuen guk emango geniola eduki aldarrikatzailea». Ez da onartzea kostatu zitzaien gauza bakarra. «Letra zopa» handituz joan zen, LGTBI+ bihurtzeraino. «Hasieran, astakeria iruditzen zitzaigun, baina ohitu gara».

Ordura arte, LGTBI mugimenduak bazituen bere ikurrak eta sinboloak, baina, gaur egun, ortzadarraren bandera da komunitateak gehien erabiltzen duen ikurra. Aitor Martxueta EHUko irakasle eta Hezkuntza Zientzietan doktorearen aburuz, sinboloak «beharrezkoak» dira mugimendu bateko lagunak identifika daitezen: «Sinbolo bereizgarriak izan behar dute, kolektiboko kideak mobilizatzeko modukoak izan daitezen». Toki publiko batzuetan, bandera hau paratu ohi da LGTBI kolektiboa onartzen dutela adierazteko. «Kolektiboa espazio publikoetan sartzeko eta sozializatzeko modu bat da».

Alvarezek ere uste du garrantzitsuak direla banderak eta sinboloak. «Izenak duena izana duela esaten dugu euskaldunok. Bada, komunikazioaren munduan, ikurra duenak izana du». Antzera mintzatu da Irati Gonzalez Bilgune Feministako kidea. Haren aburuz, sinboloek gauza asko ekartzen dizkiete mugimendu sozialei: «Garrantzitsuak dira, alde batetik, tradizioari eta egindako lanari lotuta egon daitezkeelako, eta aitzindarien lana aitortzen delako. Bestalde, batzeko lana egiten dute. Gaur egun, gainera, irudi eta informazio azkarraren aroan bizi gara, eta ikurrak oso bisualak eta berehalakoak dira». Baina baliorik handiena ideia eta aldarrikapen bat ordezkatzea da: «Sinbolo edo ikur bat edukiz betetzea lortzen baduzu, indar handia eduki dezake».

Sexu askapenaren aldeko borrokan direnek garrantzitsutzat dute banderak edo ikurrak edukiz betetzea. Izan ere, edukiz hustu ere egiten dira maiz. Ortzadarraren bandera da horren adibidea. «Kontuan izan behar da marka batzuk sinbolo honetaz jabetu direla, baina ez sexu aniztasunaren ideia sozializatzeko asmoz, arrazoi ekonomikoengatik baizik. Sexu aniztasuna sistema kapitalistan txertatzen da, kolektiboko pertsona batzuk baztertuz», azaldu du Martxuetak. «Horrek kolektiboaren eskubideen aldeko borrokaren kontra egiten du».

Gonzalez ere kezkatuta dago, uste duelako hainbat instituziok eta enpresak herritarren borroken sinboloez jabetzeko joera dutela. Ortzadarra eta indarkeria matxistaren kontrako puntu morea jarri ditu adibide: «Guk sortu eta edukiz betetzen ditugu, baina erraza da heteropatriarkatua bezalako mamutzarraren eskuetan diskurtsoa galdu eta sinboloa erabat aldatzea». Horren adibide izan liteke Bilbo. Egun hauetan, ortzadarraren bandera nonahi ikusi liteke, komertzio askoren erakusleihoetan ere bai. «Gure borrokaz baliatzen dira haien diskurtsoak zuritzeko eta dena onartzen dutela esateko, baina ez da hala: lesbianak ez gara ikusgarri, eta transak, are gutxiago».

Alde ona eta txarra, biak aipatu ditu Alvarezek. «Ona da ikusten delako, eta horrek esan nahi du badagoela nolabaiteko normaltasun bat. Komertzioek ez lukete erabiliko bezeroak galduko balituzte. Alde txarra fagozitazioa da. Sistemak herri mugimenduaren aldarrikapen oro jan eta husten du». Agian horregatik, kolektiboko kide batzuk beste sinbolo batzuekin identifikatzen dira gehiago. Dena den, oraindik hori da LGTBI komunitateak zabalduen duen ikurretako bat. Erronka, beraz: ez dadila edukiz hustu.

BERRIAn argitaratua (2018/06/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA