politika
Panorama zabaldu da
Martxelo Otamendi


Hego Euskal Herrikoetan, Ahal Dugu-ren emaitzak dira albiste nagusia, alderdi bozkatuena izan zelako atzo, gutxik aurreikusten zuten moduko emaitzak lortuta. Alderdi bozkatuena izan da Araban eta Gipuzkoan, eta Bizkaian boto gutxiren aldeagatik bigarren geratu da.
Ahal Dugu-k gora egin duen neurrian, egin du behera EH Bilduk. Emaitzen irakurketa konparatiboaren azterketa lasaituagoaren zain, esan dezakegu EH Bilduren boto periferikoa hartu dutela moratuzaleek, seguru aski ez batzuek eta ez besteek espero ez zuten neurrian. Felipe Gonzalezek, 1982an, Espainiako hauteskundeak irabazi zituenetik, atzokoa izango da Hego Euskal Herrian estatuaren faktoreak pisu baldintzatzailerik handiena hartu duen bozketa.
Amaiurrek emaitza bikainak lortu zituen 2011ko azaroko hauteskundeetan, Bilduk urte bereko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan eskuratutako arrakastaren ondoren, eta ondorioz. Txarrak lortu zituen atzo EH Bilduk, jite bereko hauteskundeak izan arren. Ahal Dugu-ren efektuaren ondorioz bakarrik uler liteke bi hauteskundeen emaitzen arteko leizea, edo badatorren eta atzo bere gordinean azaleratu zen urraketa baten ondorioa ere badira? «Erori egin gara», onartu zuen atzo Hasier Arraizek, emaitzak txarra zirela aitortuz. Bi fronte dauzka zabalik EH Bilduk, periferian urraketa eragiten dion Ahal Dugu da lehena, eta bigarrena, barruan urte luzeetan egon eta azkenaldian kritikoa agertzen ari zaion talde antolatua.
Emaitza onak lortu ditu EAJk, nahiz arrakasta handiena eduki ohi duen herrialdean, Bizkaian, larri ibili lehen postuari heltzeko. Diputatu bat gehiago edukiko du Madrilgo Kongresuan, eta eskuratutako sei diputaturekin, azken urteotan eduki ez duen eragin gaitasuna berreskuratzeko aspirazioa eduki lezake; joku zelaia zabalagoa delako Espainiako politikan atzoz geroztik. Ez da ezinbestekoa izango gehiengoa osatzeko, baina 1996an Aznarren izendapenaren aldeko botoa eman zuenean ere ez zen, CiUrekin lotua zuelako PPk gehiengoa.
Nafarroan, kanpo geratu dira EH Bildu eta Geroa Bai, duela lau urte lortutako eserleku bana galduta. Aldaketaren aldeko indarrek boto gehiago bildu dituzte, baina bi blokeen aldeko tarteak txikia izaten segitzen du; txikia izan bazen Nafarroako Parlamentuko hauteskundeetan, logikoa da horrela izatea Espainiako hauteskundeetan. Seguru aski, galduak galdu, ez da datu txarra.
Espainian alderdibikotasuna erabat desagertu den ziurtatzeko lagin luzeagoa behar da, baina ezin da ukatu oso panorama interesgarria zabaldu dela. Saiatuko da Sanchez sozialista, nahiz irabazi ez duen, gobernu burua izateko beharrezko dituen aliantzak lortzen? Kalkulagailu elektoralak ematen du aukera, besterik da kalkulagailu politikoak ematea. Inork ez dio kanpainan entzun ez dela presidentea izango hauteskundeak irabazten ez bazituen. Zer edo zergatik ez zuen esango.