astekaria 2018/06/29
arrowItzuli

iritzia

Kill Bill gogoan

Goizalde Landabaso

Kill Bill gogoan Goizalde Landabaso

Oromo etniak Etiopian (Kenya eta Somalian) 25 milioi biztanle ditu. Gadaa antzinako gobernu sistemak emakumeari eskubide zenbait aitortzen dizkio. Laburbilduz: siinque izeneko makila ematen diote ezkondu berri den emakumeari gizonak bere kontra indarkeria erabiltzen badu bere burua babes dezan. Makila hori etxolaren hormatik pasatzen du soinua ateraz, eta horrela beste emakumeei abisua ematen die. Emakumeek inguratzen dute erasoa jaso duen emakumea. Gero agure zenbaitek ebazten dute senarra zigortu behar ote duten. Horixe da BBCn irakurri nuena. Lehendabiziko harridura: zein onartua duten senarraren bortxa. Bigarrena: zein naturaltasunez sistematizatu duten bortxa. Eta galdera bat: makila bat eman eta zergatik ez ametitu senarraren kontra erabiltzea? Ez dut indarkeriaren apologiarik egin nahi, baina aizu, gizonei erakutsi beharrean emakumeak ez direla jo behar, emakumeari makilatxu bat ematen diote abisua emateko eta ez Kill-Billena egiteko?

Gero irakurri dut inguru horretan zelan ezkontzen diren/dituzten zenbaitetan. Lagunen konplizitatearekin, gizonak bahitu egiten du gura duen emakumea. Bortxatu eta bortxatu egiten du umedun utzi arte; hartara, aitatasuna aipatuz emaztetzat har dezake. Gero zenbait gauza adostu egiten ditu agureekin eta familiarekin indarkeria legitimatuz. Bide batez, jakin dezazun: etnia honen tradizioaren barruan dago ablazioa. Harritu nau BBC moduko hedabide batek gozotzea eta zelanbait goraipatzea emakumeari hainbesteko kalte egiten dion tradizioa. Jakina, zaharrenek osteko belaunaldiek tradizioari eustea nahi lukete. Emakume otzanekin erosoago daude, ez modernitate txatxuak utzitakoekin. Izan ere, zer gertatuko litzateke ezkondutako edo ezkontzara behartutako emakumeei siinque makila eman eta Kill-Bill-ena egiten hasiko balira? MTV kateak eman duen Sweet Vicious telesailarekin gogoratu naiz. Nik ere batzuetan Kill Bill izan nahiko nuke.

BERRIAn argitaratua (2018/06/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA