astekaria 2018/06/29
arrowItzuli

gizartea

BEñAT ARRABIT

«Pentsaketan ari gara EEPk eta elkargoak aholku batzorde komuna izatea»

Garikoitz Goikoetxea

«Pentsaketan ari gara EEPk eta elkargoak aholku batzorde komuna izatea»

Euskal Elkargoak euskara «ofizialki» aitortu zuen larunbatean, eta hizkuntza politikarako egitasmoa ere onartu zuen. Egindako urratsarekin pozik dago elkargoko Euskara arduraduna, Beñat Arrabit jeltzalea (Arrosa, Nafarroa Beherea, 1959). EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari ere bada. Haren ustez, erabakiak aukera zabalduko du; «deus» egin ez duten udalerriak euskararen sustapenean sartu nahi ditu.

Aldekotasun handiarekin onartu duzue proposamena. Aurrera egiteko oinarri bat badago?

Gehiengo zabala agertu da alde, bai, ordezkarien %70, eta hori behar da baliatu orain. Inkesta soziolinguistikoak dio Ipar Euskal Herriko biztanleen %93k pentsatzen dutela hezkuntza elebiduna behar dela gure lurraldean. Uste dut baikorra dela geroari buruz.

«Ofizialki» aitortu duzue euskara. Lege mugak ikusita, adierazpen sinbolikoa da batez ere?

Bai. Frantzian gara, eta ez dugu euskara ofiziala ukaiten ahal lurralde gisa. Euskal Elkargoak ofizialki ezagutu ditu euskara eta gaskoia, eta landuko du haien presentzia azkartzea, orain baino leku handiagoa emateko.

Koofizialtasuna lortzea helburuen artean duzue? Nola egin?

Lan bat izanen da guretzat hori galdegitea. Baina ez dugu bakarrik egiten ahal. Ipar Euskal Herriaz gain, badira beste lurralde batzuk: Bretainia, Katalunia... Nahi dute koofizialtasuna, eta Parisen sarrarazi behar da hori behar dela errespetuz eman.

Dokumentuan, askotan adierazi duzue Frantziako legea beteko dela. Baduzue prefetaren beldurrik, helegiteren bat jartzeko?

Egin du antzinean, bistan da. Lege horren barruan ere gauza anitz egiten ahal dira, orain arte ez baitzen deus egiten leku askotan. Euskarari buruzko politikak baziren zortzi lurraldetan, baina orain hedatuko ditugu Ipar Euskal Herri guzian. Lurralde askotan, orain arte ez zen teknikaririk, ez zen deus. Iparralde osora hedatzea berria da, indar bat emateko euskararen —eta gaskoiaren— presentzia azkartzeko.

Prefetarekin hitz egin duzue?

Bai. Lehendakaria elkartu da prefetarekilan, eta aurkeztu dio gure nahia. Landu dugu harekilan.

Baliabideak beharko dira neurri asko martxan jartzeko: euskara zerbitzuak, seinale elebidunak... Nork ordainduko du hori? Herrietan arazoak sor daitezke?

Elkargoak ez du kentzen herriko etxe bakoitzak bere herrian egiten duena. Guk nahi dugu eginahala egin, bultzada eman herri bakoitzean: herriko etxeak bultzatu euskara susta dezaten, euskararen presentzia azkartu dezaten. Hor bada lana egiteko.

Eta elkargoa bera noiz hasiko da euskaraz zerbitzu ematen?

Hasia da. Komunikazioan-eta euskara sartua da. Doi bat, baina sartua da. Emendatuz goaz: aurten, aurrekontua azkartu da (500.000 euro). Hastapen bat da. Orain urtebete sortu ginen, eta zerbitzuak antolatuak dira. Hemendik goiti, zerbitzu guziek behar dute hizkuntza politika egin. Borondatea baldin badute, langileek euskara ikasten ahal dute.

Bileretan euskaraz egin dezakete hautetsiek?

Bai, baina gero itzuli behar dute berek frantseserat. Nahi genuke itzulpen zerbitzu bat sarrarazi gure bilkuretan. Lantaldeetan egiten dugu. Behar dugu itzulpen zerbitzua, denbora irabazteko ere: euskaraz hitz egiten duzularik, gero frantsesera itzuli behar duzu, eta denbora galtzen duzu.

Esperimentazio proiektu bat lantzen hasiko zarete. Noizko egongo da prest proiektua?

Badira jada esperimentazioan egiten ahal diren gauza batzuk. Adibidez, eskola publikoetan bada esperimentazio bat: haur guziek euskara hutsean ikastea lehen hiru urteetan. Kontua da legearen arabera Frantzia guzira behar litzatekeela hedatu posibilitate hori. Horrek ez du zentzurik: ez baldin bada nahikaririk edo beharrik, zertarako hedatu Frantzia guzian? Hori arrasta bat da horrelako dispositiboen hedatzeko. Iduriz, Macron presidenteak nahi luke lege hori kanbiatu, eta esperimentazioak betikoz atxiki lurralde horietan. Hori aitzinamendu azkar bat litzateke politika berezituak eramateko lurraldeka, orain Frantzia guzirako egin behar baitira. Zailtasun bat da hori.

Esperimentazio proiektua nork landuko du? Eragile sozialek parte hartuko dute?

Orain arte bezala, eragile sozialekin arituko gara, beharrezkoa baita gai hori lantzeko. Juridikoki gaia ezagutzen duen jendearekin ere arituko gara.

Euskalgintzako eragileekin izan duzue hartu-emanik hizkuntza politikarako proiektua lantzeko? EEPrekin izan dituzte arazoak orain baino lehen, eta aholku batzordetik irten egin ziren...

Domaia da. Aholku batzordean du partea Euskal Konfederazioak. Pentsaketan ari gara aholku batzorde amankomun bat sortzea EEPren eta Euskal Elkargoaren artean. Garapen Kontseiluaren bidez landuko dugu hori: egiten ahal denetz, nahikaria badenetz... Uste dut ontsa litzatekeela erabaki hori hartzea.

Seaskari buruzko adierazpen bat ere onartu zenuten larunbateko bilkuran, 25 irakasle postu falta dituela eta. Hitz egin duzue akademia ikuskariarekin?

Seaskak, EEPk eta Hezkuntza Ministerioak izenpetua dute kontratu bat, eta horren bidez Seaskak galdegiten ditu 25 postu; EEPren begiekilan, hamabost postu behar lirateke. Estatuak bost eta erdi ematen ditu. Koska handia da. Elkargoaren delibero hori da Hezkuntza Ministerioari galdegiteko behar dela mahaiaren itzulian jarri eta kontratu hori bete.

Harremanik izan duzue ministerioarekin?

Bai. Ari gara. Seaska ere ari da.

BERRIAn argitaratua (2018/06/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA