iritzia
Bertikaltasunak
Iñigo Aranbarri
Bi egun ere ez dira igaro lotsaren hautsetatik piztu denean egoera. Fernando Penovi deitzen da gizona, eta hamabost urteko neskatxa errusiar bat du aurrean: «Kaixo, argentinarrok, zatozte hona, buztanak mihiztea maite dut».
Zalapartaren erdian, asmoa ez zela inolaz ere japoniar kultura iraintzea adierazi du Moralesek; Penovik ere barkamena eskatu du Argentinara heldu eta batera, asmo txarrik gabe egin zuela, txantxa giroan, lagun artean.
Broma eta jolas, lainorik gabeko argazkia utzi digute bi gertaerek. Biek dituzte ezaugarri bertsuak, biek erakusten dute mundu ikuskera bera. Bietan, lagun artean dauden gizonak dira ezer txarrik egiten uste ez duten txantxa-egileak, eta emakume gazteak, berriz, ehizatuak. Unea espazioan eta denboran zabal dadin, kameraz hartu dituzte biek, eta bietan, futbola estakuru, etxetik landa dabiltza gizonak. Sexuaren ikuspegi patriarkala dago muinean. Dena da bertikala. Baita jolasaren tresna bera ere: ezagutzen ez duten hizkuntza batean esanarazten zaizkie gauzak emakumeei.
Batean ez bada bestean, norbere buruaren itzala aurkitzen zaila ez den hamaika adar ditu gaiak. Nabarmenenetik aldenduta, bakar-bidean abiatu naiz. Etxetik kanpo nabil, futbolak ez, exotismoak mozkortzen nau. Ez sexuaz bromarik egiteko, argazkia behar dut neuk ere, ordea. Kausa on baten alde. Topatu ditut irribarreak, inork ez daki zer dioen esku artean jarri diedan pankartak, baina borondate onez hartu dute bidaiaria. Egingo ez didate ba mesedea, dioste, nola ez, Moralesi edo Penoviri bezalaxe.